Tontxu Campos Jakintza ikastolan

Gaur gure ikastolan egun berezi horietako bat bizi izan dugu. Izan ere, Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua, azaroan lortu genuen Urrezko Qa ikastolako langile guztioi banatzera etorri da.

Ikastolako gela batzuk bisitatu eta ikasleekin solasean aritu ondoren, ikastolako areto nagusian, aurkezle famatua eta ikastolako gurasoa den Izaro Iraetak ekitaldiari hasiera eman dio.

Tontxu Campos 

Mahaian, sailburuarekin batera, Xabier Alkorta, Euskaliteko Lehendakaria eta Mari Cruz Largo, Ikastolako Zuzendari Administraria, eseri dira. Entzuleen artean, Ordiziako Alkatesa, Gipuzkoako Lurraldeko Hezkuntza Ordezkaria, PATeko Zuzendaria, Partaideko arduradunak, Ikastolen Elkarteko Zuzendaritzako kide ugari, Ikuskaritzako ordezkariak, eta abar luze bat. Azpimarragarria ere bertara joandako hedabide ezberdinetako kazetari kopuru ikaragarria.

Ainhoa Mujika, DBH3ko ikaslea eta bertsolari aparta, ez da kukildu eta errebindikazio kutsua eman dio bere hasierako bertsoari. Izaro Iraetaren gidaritzapean, ekitaldiak ohiko hitzaldiekin jarraitu du eta, hauen amaieran, Urrezko Qaren diploma eta langileontzako pin-ak banatu dira.

Diploma jasotzen 

Nola ez, amaiera emateko, gure ikastolako sukaldariak prestaturiko pintxo sorta ederra dastatzeko eta solasean aritzeko aukera paregabea izan dugu.

Baina, beti bezala, batzuk ongi pasatzen ari diren bitartean, beste batzuk sufritu behar. IKTerook ekitaldi honen ebidentzi multimedia jaso nahi genuenez, bideokamera, argazki kamera, grabagailu eta beste tramankuluekin ibili behar izan dugu dena jaso nahirik. Azkenean, hoztutako pintxoekin konformatu behar izan dugu.

Ekitaldiak gure ikastolarentzat izan duen garrantzia dela eta ahalegin teknologiko berezi bat egin nahi izan dugu. Horren fruituak ondoren ikus eta entzun ditzakezue:

Argazkiak

Bideoa

Podcast

Tope Tumatxa!

Buber sariak: IKTeroak hamar blog onenen artean

Gaur goizean jakinarazi digutenez, gure bloga Buber sarietara aurkeztu diren hamar onenen artean aukeratua izan da. Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen botuekin eman diguzuen babesarengatik. Horrelakoak bide onetik goazelaren adierazgarri garbiak dira.

Datozen egunetan 30 euskal internauta ezagunen lana izango da azken fasera igaroko diren hiru blogak aukeratzea. Ea zorte pittin batekin hauen artean aurkitzen garen!

Mila esker denori bene-benetan!!

Podcastingeatzen!

Ezin naiz kexatu. Ikasle bixi-bixiak dauzkat aurten, txisparekin. Bizpahiru aholku eman eta munduko autonomia handienarekin lanean jartzen diren horietakoak dira nire batxilergoko ikasleak (bai lehenengo mailakoak baita bigarren mailakoak ere).

Hori da Sorgintxo eta Felixukarekin gertatu zaidana. Hamazazpi urteko (edo hamasei?) bi neskato hauek atzetik izan ditut azken hilabete hauetan. Gure ikastolako irakaslea den Anariri elkarrizketa bat egin nahiean ibili dira denbora luzez. Atzetik neuzkan egun bat bai eta bestean ere bai; “noiz, non, nola… “, beraien blogean elkarrizketa eskegi nahi zuten baina etzekiten nola. Ni, bestalde, bolada txarra pasatzen ari nintzen, lanez gainezka. Baina, nola ukatuko nien bada nire ikasle hauei hainbesteko ilusioarekin egin nahi zuten elkarrizketa hori?. Ezin nien ezezkorik esan!

Konturatu nintzenerako elkarrizketa prestatu, Anarirekin irrati gelan bildu eta elkarrizketa mp3-an grabatuta zeukaten. Demontre! A ze arrankea!!!

– Jokin, jakintzazu elkarrizketa grabatu dugula. Ahal duzunean, gure blogean nola zintzilikatu esplikatuko diguzu, ezta?

– Bai, bai… lasai, ahal bezain pronto pasako dizuet zuen blogean erantsi beharreko kode zatia.

Ene bada!. Azken egun hauetan ez dut besterik egin, blog batean audio puska bat nola ipini daitekeen aztertzen aritu naiz burubelarri. Eta azkenean,……tatxan!!!!! Hemen duzue gure lehen podcasting-a!!!! Behean agertzen den barratxoan “play” botoitxoan klik egin eta nire bi ikasleek Anariri egindako elkarrizketa entzun ahal izango duzue (hurrengorako grabazioak kalitate hobeagoa izaten ahaleginduko gara).

PD: Sorgintxo gure taldetxotik joan zinenetik hutsune haundi bat daukagu gure gelan. Muxu haundi bat zuretzako!!!

Taldearen indarra

Urteak dira IKTen inguruko mundu honetan murgildu nintzenetik. Benetan xelebrea da nola sartu ninduten/nintzen enbolatu honetan. Formazioz botikaria eta afizioz irakasle izanik, ez bata eta ez bestea, ez dira IKTen inguruko profesional batentzat profil egokienak, dudarik gabe. Ikastolen elkartetik teknologia berrietan dinamizatzaile baten figura behar zela adierazi zigutenean, nire ikastolan informatikaririk ez zegoenez, eginkizun horiek egokien beteko lituzkeen irakaslearen bila hasi ziren eta azkenean niregana jo zuten. Oraindik ez dut oso ondo ulertzen zein izan zen ni aukeratzearen arrazoia: nik katxondeon beti esan dut ikastolan zeuden irakasleen artean Word-en idazten azkarrena izatea izan zela. Eta horrelaxe, ia konturatu gabe, sartu nintzen mundu honetan.

Eta zer demonio eskaini nezakeen ba nik!!!! Remotoan funtzionatzen zuen trankimazin dispensadore bat nire ikasleentzako? Kafe makinan integratutako usuriaren analisia egiteko pote dispentsadore digital bat? Ordenadorearen aurrean irakasleek izaten zituzten haserre “subidoiak” arintzeko partxe transdermiko batzuk?. A ze papeleta!

Nire lehen eginkizuna (nola ez ba!) Word-en maketatutako ikastolako urtekaria egitea izan zen. Word-en!!!!!. Inprentatik telefonoz deitu zidatenean lehenengoz a ze lotsa:

– Non dauden argazkiak?, non egongo dira ba dokumentuan bertan, ez al dituzue ikusten ala?
– …
– Nola? Tiff argazkiak? eta zer da hori?
– …
– Koloreak?. Pantone? ¿? ¡! ^.^

Azkar espabilatu behar izan nuen. Hurrengorako ipurdia mugitu eta QuarkXpress erabiltzen ikasi nuen. Harrez gero, gauza ugari burutu ditugu gure ikastolan:

  • 12 orrialdez osaturiko Jakintzazu izeneko hiru hiruhilabetekari, urtean 36 orrialde ikastola barruan ekoiztuak bai eduki baita maketazioa ere.
  • Ikasturte osoko argazkien bilduma CD batean: aurten DVD bat sortu dugu ikasturteko argazkiez gain ospakizun nagusienen bideoak dituena
  • Ikastolako sarearen egitura osoa goitik behera diseinatu eta garatu: gogoan dut hasierako urte haietan egindako Windows 2000 Serverreko ikastaroa (ene! zer zen hura!! Active Directory, unidad organizativa, baimenak, domeinua…. Beti pentsatu dut informatikan erabilitako terminologia oso itxusia dela, askoz politagoak dira aspirina, optalidon, supositorio… bezalako terminoak). Kontua da 35 bat ekipoekin hasi eta gaur egun 104 ekipo inguru izatera pasatu garela, denak sarean, denak konfiguratu eta konpontzeko.
  • Pasa den urtearen hasieran blogen mundua ezagutu eta hantxe sartu ginen ere, burubelarri. Beste adrenalina txute berri bat: sekula ez nuen imajinatuko bederatzi hilabete hauek hain emankorrak izango zirenik. Edukien sindikazioaren bitartez jaso dudan ezagutza, formakuntza eta nire lanarekiko perspektiba berriak izagurriak izan dira. Bene benetan esaten dizuet inondik inora ez nuela espero IKTeroak bezalako blog batek euskal blogosferan izan duen ohiartzuna izango zuenik. Euskal hezkuntza sisteman jada bazeuden eta gaur egun oraindik orain nabarmenagoak diren mugimendu berritzaileekin batera ezagutza partekatzeaz pozik sentitzen naiz.
  • Blogak gure ikasleekin erabiltzeko tresna interesgarriak izan zitezkeela ere pentsatu nuen eta horrelaxe hasiera eman nion hasiera jakinstein izeneko proiektuari.

Gauza asko hain denbora epe laburrean. Nire zakua eginkizunez betetzen joan da mantso mantso baina etengabe. Aspaldi honetan ez nabil gustora, ezinean nabil, itotasun sentsazioarekin. Nire ardurapean dauden proiektuak erdipurdizka ateratzen ari dira, niri gustatuko litzaidakeenetik urruti: aldizkari, DVDa, nire fisikako proiektua, blog hau bera… estankatze prozesu batean daudela iruditzen zait eta, une honetan, hauetako askok eskuetatik ihes egiten didate. Batzuen iritziz perfekzionistegia omen naiz, beti gauzak oso borobilduak izatea gustatzen omen zait. Agian hori izan daiteke baina orain arte ondo egindako lanaren sentsazioarekin etxera joaten nintzen bezala, ez zait gauza bera gertzten gaur egun.

Badira urte pare bat gure ikastolan IKTeroen taldea sortu genuenetik. Taldea osatzearen helburu nagusiena garbia zen: niregana heltzen zen ezagutza konpartituz gure ikastolako zoko guztietara zabaltzea, nire formazioa eta esperientzia konpartituz gure ikastolako kudeaketan urrats kuantitatibo eta kualitatiboak ematea. Eta esan dezaket neurri batean hau egi bihurtu dela. Hor daude sei eta magic izugarrizko lana egiten bere ikasleekin eta, bide batez, dakiten guztia beste irakasleei erakusten. Baina orokorrean, taldeko lan eta arduren banaketa, IKTero bakoitzak aportatu dezakeenaren identifikazioa, erabakiak taldean hartzea… ez dut ongi bideratu.

Beraz, gai hau gaurko IKTeroon bileran ateratzea erabaki dut. Nire errezeloak nituen ea nola jasoko ote zituzten nire azalpenak. Esplikazio orokor baten ondoren garbi adierazten ahalegindu naiz zer zen burutik pasatzen ari zitzaidana: gaur egun ekoizten ditugun produktu guztiak era egokian garatu nahi baditugu eta, bide batez, etorkizunean etorriko diren teknologiak gure eguneroko lanean erabili nahi baditugu gure barne antolaketa aldatu egin behar dela, alegia. Honek ardurak banatzea eta lanak partekatzea ekarriko du baina benetan kalitatezko zerbitzu bat eman nahi badugu aldaketa beharrezkoa dela azaldu diet.

Eta esan beharra dago lanerako prestutasuna eta azaldutako ildo nagusiekiko atxekimendua besterik ez dudala jaso, etapa guztietako irakasleen aldetik gainera. Beti pentsatu dut erakunde baten kudeaketan kalitatezko zerbitzua emateko baldintzarik garrantzitsuena langileen prestutasuna eta lan-giroa dela. Eta hori behintzat ez da falta IKTeroetan.

Eskerrik asko, neska-mutilak!!!

jakintza.net Firefox-en

Bai, azkenean lortu dut. Hemendik aurrera ez dut uste Internet Explorer asko erabiliko dudanik, izan ere instalatu berri dudan gehigarri bati esker, Firefoxekin arazoak ematen zituzten webguneak erabateko normaltasunez ikusten ditut. Horixe da gure ikastolaren web orriaren kasua; orain arte, derrigorrez, IE erabili behar izaten nuen bertako lana egin ahal izateko. Gaur, Firefox erabili dut eta denak ongi funtzionatu du.


Ikastolako web orria Firefox-en

Harira, instalatu berri dudan gehigarriak IE Tab izena du eta egundoko integrazioa eskaintzen du. Banda Ancha-n irakurri dudanaren arabera, Windows Update eta guzti egitea lortu dute.

Gehigarri hau erabilgarri dago Firefox 1.0-tik 1.6.a1ra bitartekoentzat eta bere erabilera oso erraza da: webgune bat gaizki ikusten dela Firefox-en?, saguaren eskuineko botoia sakatu beharko duzu eta zabaltzen den menuan “View this page in IE Tab” sakatu besterik ez duzu egin behar.

Gehigarria deskargatu
Firefox Euskaraz deskargatu
Firefox azken bertsioa (Gazteleraz)

Aktualizazioa: Atzo egun osoa gehigarri hau erabiliz ibili eta gero, ez nintzen ohartu beheko barran ikono bat duela eta bertan klik eginez, Firefox-etik IEra eta alderantziz, aldatzeko aukera erraza eskaintzen duela.