Taldearen indarra

Urteak dira IKTen inguruko mundu honetan murgildu nintzenetik. Benetan xelebrea da nola sartu ninduten/nintzen enbolatu honetan. Formazioz botikaria eta afizioz irakasle izanik, ez bata eta ez bestea, ez dira IKTen inguruko profesional batentzat profil egokienak, dudarik gabe. Ikastolen elkartetik teknologia berrietan dinamizatzaile baten figura behar zela adierazi zigutenean, nire ikastolan informatikaririk ez zegoenez, eginkizun horiek egokien beteko lituzkeen irakaslearen bila hasi ziren eta azkenean niregana jo zuten. Oraindik ez dut oso ondo ulertzen zein izan zen ni aukeratzearen arrazoia: nik katxondeon beti esan dut ikastolan zeuden irakasleen artean Word-en idazten azkarrena izatea izan zela. Eta horrelaxe, ia konturatu gabe, sartu nintzen mundu honetan.

Eta zer demonio eskaini nezakeen ba nik!!!! Remotoan funtzionatzen zuen trankimazin dispensadore bat nire ikasleentzako? Kafe makinan integratutako usuriaren analisia egiteko pote dispentsadore digital bat? Ordenadorearen aurrean irakasleek izaten zituzten haserre “subidoiak” arintzeko partxe transdermiko batzuk?. A ze papeleta!

Nire lehen eginkizuna (nola ez ba!) Word-en maketatutako ikastolako urtekaria egitea izan zen. Word-en!!!!!. Inprentatik telefonoz deitu zidatenean lehenengoz a ze lotsa:

– Non dauden argazkiak?, non egongo dira ba dokumentuan bertan, ez al dituzue ikusten ala?
– …
– Nola? Tiff argazkiak? eta zer da hori?
– …
– Koloreak?. Pantone? ¿? ¡! ^.^

Azkar espabilatu behar izan nuen. Hurrengorako ipurdia mugitu eta QuarkXpress erabiltzen ikasi nuen. Harrez gero, gauza ugari burutu ditugu gure ikastolan:

  • 12 orrialdez osaturiko Jakintzazu izeneko hiru hiruhilabetekari, urtean 36 orrialde ikastola barruan ekoiztuak bai eduki baita maketazioa ere.
  • Ikasturte osoko argazkien bilduma CD batean: aurten DVD bat sortu dugu ikasturteko argazkiez gain ospakizun nagusienen bideoak dituena
  • Ikastolako sarearen egitura osoa goitik behera diseinatu eta garatu: gogoan dut hasierako urte haietan egindako Windows 2000 Serverreko ikastaroa (ene! zer zen hura!! Active Directory, unidad organizativa, baimenak, domeinua…. Beti pentsatu dut informatikan erabilitako terminologia oso itxusia dela, askoz politagoak dira aspirina, optalidon, supositorio… bezalako terminoak). Kontua da 35 bat ekipoekin hasi eta gaur egun 104 ekipo inguru izatera pasatu garela, denak sarean, denak konfiguratu eta konpontzeko.
  • Pasa den urtearen hasieran blogen mundua ezagutu eta hantxe sartu ginen ere, burubelarri. Beste adrenalina txute berri bat: sekula ez nuen imajinatuko bederatzi hilabete hauek hain emankorrak izango zirenik. Edukien sindikazioaren bitartez jaso dudan ezagutza, formakuntza eta nire lanarekiko perspektiba berriak izagurriak izan dira. Bene benetan esaten dizuet inondik inora ez nuela espero IKTeroak bezalako blog batek euskal blogosferan izan duen ohiartzuna izango zuenik. Euskal hezkuntza sisteman jada bazeuden eta gaur egun oraindik orain nabarmenagoak diren mugimendu berritzaileekin batera ezagutza partekatzeaz pozik sentitzen naiz.
  • Blogak gure ikasleekin erabiltzeko tresna interesgarriak izan zitezkeela ere pentsatu nuen eta horrelaxe hasiera eman nion hasiera jakinstein izeneko proiektuari.

Gauza asko hain denbora epe laburrean. Nire zakua eginkizunez betetzen joan da mantso mantso baina etengabe. Aspaldi honetan ez nabil gustora, ezinean nabil, itotasun sentsazioarekin. Nire ardurapean dauden proiektuak erdipurdizka ateratzen ari dira, niri gustatuko litzaidakeenetik urruti: aldizkari, DVDa, nire fisikako proiektua, blog hau bera… estankatze prozesu batean daudela iruditzen zait eta, une honetan, hauetako askok eskuetatik ihes egiten didate. Batzuen iritziz perfekzionistegia omen naiz, beti gauzak oso borobilduak izatea gustatzen omen zait. Agian hori izan daiteke baina orain arte ondo egindako lanaren sentsazioarekin etxera joaten nintzen bezala, ez zait gauza bera gertzten gaur egun.

Badira urte pare bat gure ikastolan IKTeroen taldea sortu genuenetik. Taldea osatzearen helburu nagusiena garbia zen: niregana heltzen zen ezagutza konpartituz gure ikastolako zoko guztietara zabaltzea, nire formazioa eta esperientzia konpartituz gure ikastolako kudeaketan urrats kuantitatibo eta kualitatiboak ematea. Eta esan dezaket neurri batean hau egi bihurtu dela. Hor daude sei eta magic izugarrizko lana egiten bere ikasleekin eta, bide batez, dakiten guztia beste irakasleei erakusten. Baina orokorrean, taldeko lan eta arduren banaketa, IKTero bakoitzak aportatu dezakeenaren identifikazioa, erabakiak taldean hartzea… ez dut ongi bideratu.

Beraz, gai hau gaurko IKTeroon bileran ateratzea erabaki dut. Nire errezeloak nituen ea nola jasoko ote zituzten nire azalpenak. Esplikazio orokor baten ondoren garbi adierazten ahalegindu naiz zer zen burutik pasatzen ari zitzaidana: gaur egun ekoizten ditugun produktu guztiak era egokian garatu nahi baditugu eta, bide batez, etorkizunean etorriko diren teknologiak gure eguneroko lanean erabili nahi baditugu gure barne antolaketa aldatu egin behar dela, alegia. Honek ardurak banatzea eta lanak partekatzea ekarriko du baina benetan kalitatezko zerbitzu bat eman nahi badugu aldaketa beharrezkoa dela azaldu diet.

Eta esan beharra dago lanerako prestutasuna eta azaldutako ildo nagusiekiko atxekimendua besterik ez dudala jaso, etapa guztietako irakasleen aldetik gainera. Beti pentsatu dut erakunde baten kudeaketan kalitatezko zerbitzua emateko baldintzarik garrantzitsuena langileen prestutasuna eta lan-giroa dela. Eta hori behintzat ez da falta IKTeroetan.

Eskerrik asko, neska-mutilak!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.