Begibelarrietan mina hartuta dabilen euskal-talibanarentzat

Pasa den urriaren 19an jakitera eman nuen bezala, ikasturte honetarako blogintzarekin lotutako proiektu berri bat bultzatu dugu gure ikastolan, alegia, nire DBHO 1eko ikasleek blogari bihurtze prozesuari ekin diote.

Hasieratik garbi nuen proiektua aurrera eramatea ez zela batere erraza izango. Baziren pisuzko arrazoiak proiektua bertan behera geratzeko, horien artean nagusiena, nire ikasleen jarrera ezkorra zen. Beraien lanak interneten publikatuta ikusteak beldur puntu bat eragingo ziela uste nuen eta, ondorioz, ezezko garbi bat jasotzea espero nuen. Azken finean ikastola barruan gauzatzen diren lan eta proiektuak hortxe geratzen dira, ikasle-irakasle-guraso harremanari dagokion esparruan. Baina beraien lanak publiko bihurtzen diren heinean eragina eta oihartzuna areagotu egiten da eta, nire ustez, honek segurtasun eza sortarazten die ikasleei.

A ze oker nenbilen!. Nik espero nuena baino jarrera baikorragoa agertu zuten eta, blogekin hasi eta handik gutxira, beraien proiektuek izan duten oihartzuna ikusirik (I, II eta III), lanari ilusioz beteta ekin zioten.

Garbi esan behar dut blogetan idaztea ez zela izan ikasleek eurek eskatutako zerbait, baizik eta nik sartu nien “enbolatu” bat. Nire helburu nagusia ikasleak teknologia berrien erabileran trebatzea zen arren, bazeuden atzean beste arrazoi desberdin batzuk. Hauen artean, nortasunaren garapenarekin zerikusia zutenak (pertsonalitate itxiko ikasleek beraien jarrera irekitzea blog batean beraien gogoetak idatzi), arlo akademikoarekin zerikusia zutenak (hizkuntzan arazo larriekin dabiltzan ikasleentzat motibazio tresna bilakatzea), taldeko lanarekin zerikusia zutenak (HTML eta CSS kodea menperatzen duten ikasleek bere gelakideekin dakitena konpartitzea)….. Hau da, irakasleok eguneroko lanean, beste hainbat tresna erabiltzerakoan, finkatzen ditugun helburu berdinak nituen blogen erabilerarako. Desberdintasun nagusiena zera da: azken hauetan egindako lanaren ebaluatzailea irakaslea soilik izan arren balorapena bloga irakurriko duen edonor izan daiteke. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, beti dago norbait aurrean aipatu dudanetaz “enpanatzen” ez dena eta euskara garbi, puru eta orbangabe baten defentsaren izenean, horrelako proiektuak pikutara bidaltzen ahalegintzen direnak.

Afganistango mendietan bezala, zoritxarrez euskal blogosferan ere baditugu “talibanak euskararen izenean”, beraien begi, belarri eta sudur puntatik baino haratago ikusten ez duten horietakoak, hondora begiratu ordez formarekin geratzen diren horietakoak eta, guzti hori, jakina, turbante eta bizar handi baten atzean ezkutaturik (alegia, izenorde “orijinal” batekin sinatzen duten horietakoa).

Begibelarrietan oraindik mina izango duen talibanari hitz pare bi:

  • Kontzienteak gara gure ikasleak (gaur egungo ikasle askorekin gertatzen den bezala) askoz txukunago idatzi behar dituela bere artikuluak eta horrela esan diogu, behin baino gehiagotan, bai IKTerook baita bere hizkuntzako irakasleak ere, noski. Badaki berak ez dizkiogula onartuko edonola idatzitako artikuluak; badaki ere egingo zaion ebaluazioa idatzitako artikuluen egokitasunaren araberakoa izango dela; badaki ere blogaren bitartez Jakintza ikastolaren ordezkari publikoa bilakatu dela eta erantzukizun horri serio heldu behar diola. Baina zin dagizuet ikasle hori ilusioz beterik dagoela bere blogarekin. Astero hiruzpalau artikulu idazten ditu, gehienak akatsez josita bai, baina ez du euskararekiko horrelako konpromisoa bere bizi akademiko osoan hartu. Urte askotan lortu ez duguna, aurten errealitate bat da blogei esker. Beraz, ez naiz ni izango aurrerapauso honi zangotraba jarriko dionik bere “iruzkin inteligenteak” non zintzilikaturik ez dakien sasi-euskaltzain baten iruzkinen ondorioz.
  • Nire gelako ikasleen errealitatea zein den aurretik ezagututa, agian oker jokatu nuen nire ikasleei euskaraz idaztea eskatu nienean. Talde honetan gaztelaniarekin eta ingelerarekin arazoak dituzten beste hainbat ikasle ere badira. Beharbada, euskaraz idatzi eta mintzatzeari utzi eta, bigarren ebaluaziorako, ingeleraz edota, zergatik ez, gaztelaniaz idatzitako blog bat argitaratzea eskatuko diet.
  • Zu, eta zu bezala, blogosferako “mendi izkutuetan” ibiltzen zareten horiei eskakizun bat: kritikak, eraikitzaileak diren heinean, ongietorriak izango dira (eta prest gaude zuen iritziak jasotzeko, blog honetan edo ikasleek eurek sortu dituzten blogetan). Bitartean, utz itzazue bakean nire ikasleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.