Basquecamp: 1go barcamp euskalduna Larrabetzun

Aurrekoan, IKTerook 1go Basquecamp edo barcamp euskalduna delakoan parte hartzeko gonbidapena jaso genuen Patxi Gaztelumendiren eskutik. Aitortu beharrean nago barcamp terminoa entzunda nuela, baina ez nekiela zehaztasunez zer zen. Gerora jakin dut barcamp horien oinarrian hitzaldi edo elkarrizketa laburrak daudela. Deialdi irekiak dira eta edonork aurkez dezake interesgarria iruditzen zaion edozer, kontuan izanda, noski, web aplikazioez, kode irekiko teknologiaz edo horrelakoez ari garela.

Basquecamp

Larrabetzun, ekainaren 7an, hots, datorren larunbatean, eramango da aurrera ekimen berritzaile hau Euskaraz ari garenak batzeko lemapean . Gu ere hantxe izango gara hezkuntzari lotutako esperientzia zehatz bat partekatzeko, baina, batez ere, besteek esaten dutenaz ikasteko. Ekitaldirako sortutako wikian irakur daitekeenez, herritarrak eta teknologia, mapak eta herriak, kale grabazioak , wikipedia, twitxr.com eta mashup azkarrak izango dira hizpide, besteak beste.

Aukera polita, beraz, antolatzaileen helburua lortzeko: batu, sortu eta ikasi ondo pasatuz. Hitzordua: Larrabetzuko gaztetxean, ekainaren 7an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Gonbidatuta zaude!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.