Agur VHS

VHS zinta baten irudia

Duela 30 bat urte inguru VHS beste sistemen gainean nagusitu zen. Borroka latz harren ondorioz, munduko etxe askotan sartzea lortu zuen. Baina azken urteotan sortzen ari diren euskarri eta teknologia berriek amaiera hau iragartzen zuten. Nork esango luke hau 80. hamarkadan? Zenbat “bodrio” irentsi behar izan ditugu VHS sistemari esker? Clint Eastwood-en arrakastaren giltza izan zela esango nuke. Oraindik gogoan daukat garai hartako pelikulak Ordiziako Urdin tabernan. Hain zen handia sistema honek lortu zuen arrakasta non tokia hartu beharra zegoen pelikula ikusi ahal izateko.

Egia esan, nik aspalditik “aparkatuta” daukat nire bideo erreproduktorea, ez baitut ezertarako erabiltzen, ezta telebistako programaren bat grabatzeko ere. DVD bat erosi nuenetik, bideo-zintak zaku batean sartu eta hortxe ditut, hautsez beteta. Eta, gai honetan, ez dut uste kasu berezia naizenik.

Iragarrita zegoen desagertze honek beste gauza bat ekarri dit gogora: teknologia berrien abiadak zer ekarriko digu? Noiz arte iraungo du DVD formatuak? HD-DVD eta Blu-Ray bezalako sistemek zenbat denbora beharko dute DVDarekin amaitzeko?

Gurera ekarrita, irakaskuntzan noiz gertatuko zaigu horrelakoren bat? Urte asko daramagu eztabaida metodologikoetan murgildurik, baina errealitatea ez dut uste gehiegi aldatu denik. Gure eguneroko jardueraren zatirik handiena ikasleekin burutzen dugu eta, salbuespenak-salbuespen, Urdinen Clint Eastwood-en pelikulak ikusten nituen garaiko sistemekin jarraitzen dugu. Blog honetan, askotan aldarrikatu dugu IKTek joka dezaketen funtzioa ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren mesedean, baina, askotan, basamortuan predikatzea bezain antzua iruditzen zait gure diskurtsoa.

Ea lehenbailehen gurekin dugun “Blu-Ray” bat irakaskuntza bere immobilismotik ateratzeko. Zein izan daiteke hori? Akaso Web 3.0? iritsi arte itxaron beharko dugu? Espero dezagun, edozein izanik ere, berandu ez izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.