Microsoft Mesh

Weba plataforma bezala erabiltzen duten aplikazioen artean, nagusienak (Facebook, Del.ico.us edo Flickr bezalakoak salbuespenak kenduta, noski) Google-en esku daudela esatea denok dakigun zerbait da. PCaren esparruan berriz, Microsoft dela jaun eta jabe ez dago esan beharrik. Bi enpresa hauen negozio ereduak oso bide desberdinak jarraitu dituzte orain arte; batak bestean eraginik ez duela zirudien orain dela gutxirarte.

Baina Google-ek Gears kalean ipini zuenetik hau dena aldatu egin da. Biek dakite arrakastaren muina bi ingurune horien uztarketan datzala, burruka horretan garaile ateratzea nahi badute, PC eta webaren arteko sinkronizazioan urratsak ematea derrigorrezkoa dela. Microsoftek oraintxe eman du helburu honen aldeko urrats garrantzitsua: Microsofts Mesh ipini dute kalean (oraindik beta fasean dena den). Honen bitartez, ekipo desberdin eta erabiltze desberdinen artean dokumentuak partekatu eta sinkronizatzeko gunea eskaintzen dute. Aplikazio honen inguruan informazio gehiago daukazue Live Mesh izeneko gunean. Estrategikoki mugimendu garrantzitsua egin dutela ezin da ukatu; gauzak ondo egiten badituzte, Googlei aurre egiteko baliabide potentea izatera heldu daiteke.

Etiquetas:

Egizu zure webgunearen segurtasun kopia bat Wget-ekin

Aste gutxi batzuk daramat Ubuntu erabiltzen eta dagoeneko sekulako “feeling”a sortu da bion artean. Datorren ostegunean kaleratuko den 8.04 bertsioaren zain nagoen bitartean “howto” interesgarriak aurkitzen ari naiz sarean zehar. Atzo Flickreko argazkiak kudeatzeko beste modu baten berri eman nizuen. Gaur asko interesatu zaidan beste trukotxo batekin natorkizue.

FOSSwire gunean wget komandoaren erabilera azaltzen dute zerbitzari batean duzun webgune baten kopia bat zure ekipora ekartzeko. Tutorial txiki honen bitartez zure web orriaren CSS fitxategiak, irudiak eta bestelako fitxategiak gorde ahal izango dituzu lokalean, barne lotura guztiak errespetatzen direlarik. Prozesuan kontutan hartu beharreko hainbat xehetasun ere oso modu garbian egiten dira.

Oso aukera interesgarria sarean zehar sakabanatuta ditugun webguneen segurtasun kopiak egiteko. Aspalditik nuen gogoa gure blog honen segurtasun kopia bat egiteko baina Blogsomekin hori egitea ez zen gauza erraza. Oraintxe probatuko dut hemen adierazten den prozedura jarraituz.

Etiquetas: , , , ,

Flickrfs, kudeatu zure Flickr-eko argazkiak GNU/Linuxen muntatutako unitate batetik

Mount Flickr as a Drive with Flickrfs izeneko Lifehacker-eko bidalketa honetan azaltzen den moduan, aukera daukagu gure GNU/Linux sisteman unitate berri bat muntatzea Flickrfs izeneko aplikazio bat erabiliz. Honen bitartez aukera daukagu gure Flickr kontuan jasota ditugun argazki guztiak kudeatzeko. Argibide gehiago topatuko dituzue egilearen gunean

Etiquetas: , , ,

Publiko VS Pribatu, antigoaleko eztabaida

Zoritxarrez, Euskal Hezkuntzaren inguruan sumatzen dugun giroa ez da oso erakargarria. Ohiko gatazka laboralak batetik, sareen arteko eztabaidak bestetik eta, tamalez, oso jende gutxi ikusten dut benetako aurrerapausoak emateko konpromisoa hartuta.

Gaur bertan, Meneamen albiste hori irakurri dudanean, jatorrizko albistea irakurtzera joan naiz. Ezin nuen sinistu bertan irakurri dudana. Guraso Elkarte batzuk eta sindikatu bat atera dira Ikastolek eta Kristau Eskolek eginiko finantziazio hobe baten aldeko eskaerari ezezko borobila ematera.

Ni ez naiz hemen hasiko eztabaidatzen eskaera hori zilegi den edo lekuz kanpo dagoen, baina deigarria egiten zait batzuek erakusten duten adorea eta kemena horren aurrean duten iritzi plazaratzeko, batez ere, gure eskolak (eta eskola zentzu orokorrean esanda) dituen erronken aurrean azaltzen duten immobilismo patetikoa ikusita. Non daude erakunde horiek Curriculum Berriak aipatzen dituen gaitasunen lorpenerako ikastetxe guztietan (publiko eta pribatuak) egiten ari garena (egiten ez duguna esan beharko nuke) ez salatzeko? Non arraio ezkutatzen dira Euskal Hezkuntzaren Komunitatea eraikitzeko egiten ari garena (egiten ez duguna esan beharko nuke) inon ez salatzeko? Non demontre daude urtero sare guztiek Microsofti sekulako dirutza ordaintzen diotela (milaka ikasleei software pribatiboa erabiltzera behartuz) ez salatzeko? Zergatik ez dute salatzen ezagutza eraiki, partekatu eta zabaltzeko ikastetxeok erakusten dugun jarrera ezkorra?…

Horrela jarrai nezakeen arren, beste gauza bati heldu nahiko nioke. Deigarria egiten zait ikustea, beste esparruetan, langileen eskubideak aldarrikatzen diren bitartean eta “Lan berdina, soldata berdina” bezalako sloganak botatzen diren bitartean, hezkuntzaren munduan hori nola ukatzen den. Baina deigarriena, zalantzarik gabe, ukazio horretan sindikatu batzuk ikustea. Ikastoletan eta kristau eskolatan lan egiten dugunok soldata baxuagoak eta lanordu dezente gehiagorekin lan egiten dugu. Hori onartu behar al dugu?

Badakit zuetako askok esango duzuela, oposaketarik ez ditugula pasatu eta arrazoia daukazue. Baina etengabeko prestakuntza derrigorrezkoa den gizarte honetan, nola arraio justifika dezakegu bizi osorako ahalmen bat ematen duen azterketa bat? Ez al da logikoagoa beste sistema bat ezartzea, irakaskuntzaren izaera aldakorra aintzat harturik? Ez al da logikoagoa irakasleen promoziorako antzinatasunaz gain, eginiko formazioa, proiektu kolaboratiboetan izandako partaidetza, burututako ikerketa lanak, ezagutza zabaltzeko eginiko ahaleginak… bezalako irizpideak aintzat hartzea? Nik uste dut sare publikoko eragileek horrenbeste aldarrikatzen dituzten kalitate irizpideak benetan ezarri nahi badituzte, oposaketen sistemaren amaiera berehala eskatu beharko luketela.

Bestalde, ahoa bete hortz, Eskola Publikoaren alde hitz egiten duten horiek, inoiz planteatu al dute zein den izaera publikoaren esanahia? Publikotasunaren kontzeptua erakunde baten titularrarekin lotzea hanka sartze itzela iruditzen zait niri. Hau da, erakunde baten titularra administrazio publikoa izateak ez du esan nahi zerbitzu publiko bat eskaintzen duenik eta, alderantziz, erakunde pribatu bat izateak ez du esan nahi zerbitzu publiko bat eskaintzen ez duenik. Adibide ugari dago hori frogatzeko eta nik uste dut badela garaia “publiko vs pribatua” dikotonomia faltsu eta antigoaleko horrekin amaitzeko. Eska diezaiegun erakundeei eskatu beharrekoa eta eman diezaiegun merezi dutena, baina ez titularraren arabera, gizarteari eskaintzen dioten zerbitzuaren arabera, baizik.

Nik uste dut administrazioak irizpide garbi batzuk ezarri beharko lituzkeela ikastetxeen finantziazioa bermatzeko eta hezkuntza politika sustatzeko. Adibidez, euskalduntze prozesuari ikastetxeak egiten duen ekarpena, eleaniztasunaren aldeko konpromisoa, etorkinen eskolatze prozesuan duten jarrera, berrikuntza pedagogikoaren alorrean egindako ahaleginak, ikas komunitatearekiko jarrera, kontuen gardentasuna eta kontrola, benetako partaidetza eta egitura demokratikoaren sustapena, etengabeko hobekuntzaren bidean emandako urratsak… bezalako irizpideak ez al lirateke justuagoak izango? Eta hori guztia udalen partaidetza eta jarraipena erabiliz, ez al litzateke posible izango? Nik uste dut baietz.

Oraindik ere, ikastetxe asko dago, publiko nahiz pribatuak, euren ezagutza, instalazioak bezala, gordetzen dutenak; giltzapean. Beste asko, euskalduntze prozesuan ezer gutxi egiten dutenak. Asko eta asko dira egitura demokratiko eta funtzionamendu garden batetik oso urruti daudenak. Hori bai, ikasle kopuru jakin bat dutenez, egundoko ahaleginak egiten dituen beste edozein ikastetxe batek bezala diru laguntza jasotzen dute.

Amaitzeko, hezkuntzaren inguruan dabiltzan eragile guztiei gauza bat eskatu nahiko nieke, XIX. mendeko formulak alde batera utzi eta XXI. menderako baliagarriak izango diren soluzioen bila lanean jar daitezela. Urte hauetan, sare ezberdinetako ikastetxeetan ibiltzea egokitu zait eta bertan bizi izan dudana, jaso dudana eta entzun dudana oso-oso urruti baitago irudikatu nahi diguten sareen arteko enfrentamendutik. Nire aldetik, euskal hezkuntzaren komunitatea indartzeko ahaleginarekin segituko dut.

Google Maps: trafiko iragarpena

Zertarako arduratu behar dugu eguraldiaren iragarpenak egiteaz, praktikoagoa eta dibertigarriagoa bait da trafiko iragarpenak egitea, LifeHacker-en kontatzen duten bezala.

Google berritzen jarraitzen du, eta horaingo honetan, funtzio berri batekin datorkigu: lurralde batzuetan, Amerikako Estatu Batuak-o (AEB) inguruan adibidez, trafikoa iragartzeko aukera ematen digu. Ea zortea pixka batekin, hemendik gutxira ikusten dugun aukera hau hemen.

Dirudienez iragarpenak, kontsultatzen ari garen kale edo lurralde eremu berdinean, aurreko egunetan gertatutako trafiko datuetan oinarritzen dira.