Firefox 3 Beta 1 dagoeneko deskargatu daiteke

Firefox 3

Oraintxe jakin dut Firefoxeko garatzaileek Firefox 3ren lehenengo beta publikoa denon eskura ipini dutela. Horrelakoetan gertatzen den bezala bertsio hau oraindik ofiziala ez dela gogoratzen digute, alegia, akatsak topa daitezkeela abisatzen digute. Aurreko beta bertsio ugari probatu izan ditut (alfaren bat edo beste ere) eta, egia esan, oraindik ez didate arazo berezirik eman. Beraz, une honetan martxan dagoen deskarga amaitu bezain pronto instalatzeko asmoa dut. Irrikitan nago bertsio honetarako aurreikusi diren hobekuntza horiek probatzeko. Kontatuko dizuet :wink:

Esaidazu euskaraz!: euskara ikasteko wikiliburua

Tarteka tarteka, nire del.icio.useko jarioek sorpresatxo pozgarriak ekartzen dizkidate. Gaur bertan, Esaidazu Euskaraz! wikiliburuaren berri izan dut. Proiektuaren atzean Euskal Herrian bizi den Alan R. King hizkuntzalaria dago. Horrelaxe aurkezten du bere burua Alanek:

Kaixo! Alan R. King dut izena. Euskal Herrian bizi naiz. Beste herri hauetan ere bizi izan naiz noizbait: Katalunian, El Salvadorren, Estatu Batuetan, Galesen eta Ingalaterran (azken honetan jaio nintzen). Hizkuntzalaritza ikasi nuen Estatu Batuetan eta Inglaterran. Zenbait liburu eta abar idatzi ditut, gehienak euskarari buruz edo nawaterari buruz.

Herri eta hizkuntza txiki, baztertu, minorizatu eta zapalduen askatasuna, garapena eta eskubide guztiak defendatzeko, eta batez ere berauen berri emateko, ahaleginak egin eta egingo ditut neure bizitzan zehar, ditudan baliabideekin, eta Wikipedian ere horixe egiteko asmoarekin nator.

Hizkuntzalaria naiz formazioz eta izatez. Gainera, esperientzia ugari daukat hizkuntz irakasle eta itzultzaile bezala. Nire kontura lan egiten dut eta une honetan ez nago erakunde akademiko batean.

Nire interesguneen artean, hizkuntzen ikerketa eta hizkuntzen irakaskuntza dira aipatzekoak, eta nire lan askoren enfokea, modu batean edo bestean, munduko hizkuntza txiki, minorizatu edo arriskupekoak ezagutu, landu eta babesteko ahaleginetan zentratu da.

Del.icio.usen jasotako erreferentziei erreparatuz (hogeita hamar laster-marka eginda daude dagoeneko eta denak azaroan) proiektua nahiko berria dela dirudi.

Tira, ez nago ni oso bustita filologia eta hizkuntzalaritza kontuetan baina, lehen begiratu batean, proiektu interesgarria dela iruditu zait. Zuetako norbaitek ba al du honen inguruko berri gehiagorik?

Irudi, bideo eta audio editoreak online

Internet berriak dituen ezaugarri nagusienetako bat baliabide ezberdinen arteko konbergentziarena da. Izan ere, aplikazio mordoa daukagu eskura gure multimedia ekoizpenak (argazki, bideo, audio zein dokumentuak), sarera igo ondoren, guk kudeatzen ditugun webguneetan txertatzeko. Horrela gure bideoak YouTube edo Google Videora igotzen ditugunean, argazkiak Flickr edo Photobucket-era, dokumentuak Scribd-era eta gure audio fitxategiak Odeo, Evoca edota Goear-era, badakigu zerbitzu hauek guztiek, baliabide hauek beste gune ezberdinetan berrerabiltzeko aukera erraza ematen digutela, hala nola, gure blog propioan, Twitter-en edota Facebook-en ere. Sarera igotzen ditugun baliabide horiek gune edo zerbitzu ezberdinetan egonda ere, edozein webgunetan konbinatzea oso gauza erraza bihurtu da.

Urte batzuk daramatzagunok horrelako online aplikazioak erabiltzen, askotan topatzen gara gure baliabide hauetako batzuk editatzeko beharrarekin; argazkiei ukitutxo bat eman, bideoei sarreratxo bat ipini… behin baino gehiagotan egin behar dugun zerbait izaten da. Duela gutxi arte, edizio lan hauek burutzeko derrigorrezkoa izaten zen argazki nahiz bideoak gure ekipora jaistea, lokalean instalatutako aplikazio batekin editatzea eta, ondoren, internetera berriro igotzea. Noizean behin egin beharreko lana zen bitartean arazorik ez. Baina nire kasuan, azken hilabete hauetan ekoiztutako baliabide digitalen hazkuntza izugarria izan da, sarera igo dudan baliabide hauetako askok oinarrizko edizioa eskatzen dutelarik. Horrela, azken asteotan baliabide hauek online editatzeko aplikazioen bila aritu naiz. Eta, egia esan, mordoxka bat aurkitu ditut.

Aplikazio hauek gure ordenagailuetan instalatuta ditugun aplikazio gehientsuenek aurkezten duten edizio-ahalmenaren azpitik baldin badaude ere, bi dira, nire ustez, hauekiko dituzten abantaila nagusienak:

  • Gure baliabideen oinarrizko edizioa egiteko tresna sinple (oso, oso sinple) eta azkarrak dira. Ez da beharrezkoa editore profesionala izatea gure lanei oinarrizko ukituak emateko.
  • Multimedia baliabide biltegi nagusienekin (YouTube, Flickr, Photobucket, Facebook…) lotura zuzena eskaintzen dute, gure edukiak deskargatu beharrik izan gabe editatzeko aukera eskaintzen dutelarik.

Jarraian, dagoeneko probatu ditudan aplikazio batzuen oinarrizko deskribapena eskaintzen dizuet. Aurrean esan bezala, ugariak dira sarean topa daitezkeen edizio tresnak. Nik aukeratu ditudanak goiko bi parametro horiei egokien erantzuten dieten tresnak direla iruditzen zait. Benetan harrituta geratu naiz hauetako batzuek eskaintzen dutenarekin. Ea zuei zer iruditzen zaizuen.

Argazki Editoreak:

  1. Splashup: aurretik Fauxto izenez ezaguna zen aplikazio honek erabat txundituta utzi nau. Flashen garatutako aplikazio honek (eta aurrerago ikusiko ditugun beste guztiak bezala) eskaintzen digun edizio eremua Photoshop edo Gimpen aurkitu dezakegunaren oso antzekoa da. Gehiago esango nuke, lanean tartetxo bat pasa ondoren interneten dagoen aplikazio batekin lanean ari garela zeharo ahazten dugu. Probatzea besterik ez duzue eta esango didazue. Harrigarriak dira eskaintzen dituen aukeretako batzuk: “layer”ak onartzen ditu, oinarrizko filtroak… Splashup-en editatu daitezkeen argazkiak iturri ezberdinetatik ekar daitezke: norberaren ekipotik, zuzenean interneteko edozein URLetik, ekipoari konektaturiko webcam batetik edo, nola ez, interneteko argazki biltegi nagusienetatik, hala nola, Flickr, Picasa edota Facebook. Egin ditudan proba ezberdinen artean agian hementxe aurkezten du bere gabeziarik handiena: denbora gehitxo behar du Flickreko albumetan ditugun argazkiak kargatzeko. Behin editatzen ari garela, aplikaturiko efektuak aurrera eramatea ere dezente kostatzen zaio. Atal bi hauetan agertzen diren arazoak konpontzea lortzen badute, “killer aplication” horietako bat izatera hel daiteke. Denbora piska bat eman beharko diogu.
  2. Picnik: zuetako askok jada jakingo duzuen bezala Picnik Flickrek erosi duen aplikazioa da. Horixe zen, hain zuzen ere, Flickri faltan botatzen genion aukera nagusiena, alegia, bertara igotako argazkiak bertan editatzeko aukera izatea. Integrazioa erabatekoa izan arte itxaron beharko dugun arren, aukera daukagu Picniken webgunetik zuzenean gure argazkiak editatzeko. Splashup bezala, argazki bilgune nagusienetatik argazkiak inportatzeko aukera eskaintzen du: Flickr, Picasa, Facebook, Photobucket eta Webshots, baita beste edozein URLetik aurkitutakoak ere. Argazkiak azkar kargatzen ditu, aplikaturiko edizio efektuak ere di-da batean burutzen ditu. Edizio tresnak goi mailakoak ez badira ere (esposizioa aldatzeko histograma bat aurkezten du, halere) oinarrizko hobekuntzak egiteko oso aproposa da. Asko gustatu zaidan tresna Auto-Fix izenekoa da, botoi bakarra sakatuz argazkiaren kalitatean hobekuntza nabarmena antzeman daiteke. Gauzak bide onetik badoaz, Flickren emango den integrazioaren ondorioz, erabilgarritasuna eta edizio aukeretan hobekuntza nabariak izango direla espero ditzakegu.
  3. FlauntR: webgune honek sarean bere lehen urratsak photoeditR izeneko aplikazioarekin eman zituen. Ondoren, abian jarri zen photostylR izeneko aplikazio berria eta dagonekeo bost dira guztira, pakete berean aurki daitezkeen aplikazioak. Aurreko biei photoprofilR, photomobilR eta photoprintR gehitu zaie azken asteotan. Bostak elkarrekin, nire iritziz, argazkiak sarean editatzeko topa dezakegun aplikazio interesgarri eta konpletoena osatzen dute . Funtsean photoeditR-ek argazkien oinarrizko edizioa eskaintzen du (Picnik-en antzera) baina, kasu honetan, Flickreko argazkiak bakarrik onartzen ditu. photoslylR-ek oso modu sinplean gehitzen dizikie argazkiei markoak, argi efektuak, kolore efektuak, ehundurak etab. Interesgarria efektu bitxiak lortu nahi ditugunean. photoprofilR-ek zure “avatar”a sortzen laguntzen dizu, lortutako iruditxoa Last FM, Gravatar, Blogger, Digg, Flickr, YouTube, Technorati… zerbitzuetara igotzeko prest uzten duelarik. photomobilR aurrekoaren antzekoa da baina argazkiak sakeleko telefonoan “wallpaper” moduan erabiltzeko tresnak eskaintzen ditu. Azkenik, photoprintR-en bitartez aukera daukazu pitxarrak, kamisetak, poltsoak… zure irudiekin pertsonalizatuta inprimatzeko. Merezi du probatzea.
  4. Bestelakoak: Magicek duela gutxi emandako zerrenda irakur dezakezue aplikazio gehiago ezagutu nahi badituzue. FixPicture ere aukera interesgarria izan daiteke. Azkenik, Adobek duela gutxi jakitera eman zuenez, urte amaierarako Photoshop Express aplikazioa online eta dohain ipintzeko asmoa du. Itxarotea besterik ez zaigu geratzen.

Bideo Editoreak:

  1. Kaltura: Kaltura bideoak online editatzeko tresna bitxia da. Bereizgarri nagusiena bideoak modu kolaboratiboan editatzeko aukera eskaintzea da. Alegia, wiki batean erabiltzaile ezberdinek eduki ezberdinak konbina ditzaketen bezala, Kalturan bideoak editatzeko lana erabiltzaile ezberdinen artean bana daiteke, bakoitzak edizio baimen ezberdinak izateko aukera dagoelarik. “Start a Kaltura” botoia sakatu ondoren, editatu nahi dugun bideoa zein motatakoa izango den zehaztea eskatuko zaigu. Ondoren izenburua, deskribapena eta etiketak erantsiko dizkiogu eta, azkenik, baimenak erabakiko ditugu. Hiru mailatako baimenak onartzen ditu: nork ikusi dezakeen, nork gehitu ditzakeen multimedia baliabideak eta nork editatu ditzakeen baliabide horiek erabaki ahal izango dugu. Erabiltzaileak gonbidatzeko aukera desberdinak ditugu: posta elektronikoz, edozein blogetan txerta dezakegun widget baten bitartez edota link zuzena gehituz Facebooken. Edizio mahaian erabil ditzakegun baliabideak ugariak dira; argazkiak (gure ekipokoak, Flickrekoak, Photobucketekoak edota New York Public Librarykoak), bideoak (MySpacetik, YouTubetik, Photobucketetik, zuzenean gure ekipotik edota ekipora konektatutako webcam batetik) eta audioak (Jamendotik, CCMixteretik, gure ekipotik edota zuzenean mikrofonotik grabatuta) konbinatu ditzakegu. Behin baliabide guztiak igo ditugunean prest gaude edizio lanetan hasteko. Horretarako “Launch Video Editor” botoia sakatuko dugu. Tartetxo baten ondoren, edizio mahaia izango dugu begi-bistan, den dena flashean garatua. Harrigarria zeinen arin doan dena. Bildu ditugun elementuak denbora lerrora eramatea oso erraza da (bideoek eta audioek leku ezberdina hartzen dute). Elementu bakoitzaren oinarrizko edizioa egitea (moztu, bikoiztu, ezabatu…) azkar egiten da. Benetan harrigarria da transmititzen duen arintasun sentsazioa. Azkenik, efektu bereziak txertatzea oso oso erraza da. Bederatzi trantsizio ezberdin ditu, hiru testu efektu, lau geruza edo overlay bideo gainean txertatzeko eta lau kolore efektu. Gehiegi ez badira ere, ziur poliki poliki efektu hauek guztiak baino gehiago izango ditugula eskura. Benetan oso oso aplikazio interesgarria Kaltura. Aipatu beharra dago duela bi hilabete Techcrunchek antolatzen duen lehiaketa batean, Kaltura irabazle suertatu zela irakurlee botu gehienak jasoz. Zerbait esan nahiko du honek ezta? Hementxe uzten dizuet eredutxo bat.
  2. Jumpcut: dagoeneko Yahoo!n erabiltzaile kontua sortua badaukazu, prest zaude Jumpcut erabiltzen hasteko. Bideo bat ekoizten hasteko hiru aukera ematen dizkigu; tutorial txiki bati jarraituz bideo editatzen hastea, aurreko saio bat irekitzea edota zuzenean edizio mahaira pasatzea. Tutorialarekin hastea ideia ona izan daiteke hasiberrientzat. Bertan, proiektuari izena jartzeko eskatzearekin batera, baliabideak igotzeko eskatuko zaigu. Beti bezala, aukera bat baino gehiago izango dugu; kasu honetan Flickr (nola ez, Yahoo!rena izanik) eta Facebook erabili ahal izango ditugu baliabide iturri bezala. Nik Mostarren ateratako argazki sorta bat igo dut. Egia esan igotze prozesua nahiko motela gertatu zen. Ondoren, YouTubeko bideo bat deskargatu, mov formatura pasatu eta bildumara igo dut. Edizioa eta argitaratze prozesua oso oso sinpleak dira. Gainera, nire kasuan gertatu den bezala, elementu asko ditugunean edizio mahaian, taldean editatzeko tresna interesgarriak eskaintzen ditu. Hementxe uzten dizuet minutu gutxi batzuetan ekoiztutako bideoa.
  3. Eyespot: saltseatzen egon naizen bitartean egin ditudan probetan ez dut web zerbitzuekin inongo uztarketarik ikusi. Alegia, bertan editatu nahi dituzuen baliabideak zuen ekipoetatik igo beharko dituzue. Hori bai, onartzen dituen bideo formatu kopurua oso handia da, aurreko biekin gertatzen ez zen bezala. Gainera, sakelako telefonoekin ateratako bideoak MMS mezu bezala ere igo daitezke. Beste ezaugarri berezia “One Click Publishing” deitzen diotena da, alegia, bideoaren edizioarekin amaitu ondoren botoi bakarra sakatuz hau Livejournal, Veoh edota blip.tv bezalako zerbitzuetara bidali daiteke.
  4. Bestelakoak: egia esan bideoa editatzeko aukera handia dago sarean. Agian, frogatu gabe utzi ditudan zerbitzuen artean interesgarriena Photobucketena izan daiteke. Urte honen hasieran Adobek eta Photobucket akordio batera heldu ziren non lehenegoak bere bideo edizio teknologia bigarrenak dituen 35 miloi erabiltzaileen esku ipintzen zuen. Eta egia esan, merezi du bere bideo editoreari begirada botatzea. Edizio tresna gehien aurkezten dituena da, nahiz eta horietako asko “American way of life” estilo kargantearekin diseinatuta egon. Beste aukera batzuk JayCut (bi bideo kanal batera editatzeko eta nahasteko aukera ematen duena), Cuts, MovieMasher, Gotuit, edota MotionBox izan daitezke.

Audio editoreak

Audio editoreak gehiegi ez baditut probatu ere, Jamglue edo Splice bi aukera on izan daitezke internetera igo ditugun mp3 fitxategiak editatzeko. Bietatik lehenengoak edizio mahai oso konpletoa aurkezten du, oinarrizko edizioa baino zerbait gehiago egiteko balio dezakeena. Ea nor animatzen den probatzea eta esango diguzue.

Fisika ikasi jolastuz

Hogeita hamar hilabete luze pasa dira blogari lanari ekin nionetik. Bista atzera botata internet berri honek nire bizitzako hainbat ohitura eta jokabide nola aldatu dituen konturatzen naiz: lanerako tresna berriak ezagutu ditut, informazio iturriak zeharo aldatu ditut, nire inguru sozialarekin komunikatzeko bide berriak erabiltzen ditut… Aldaketa sakonenak RSS jarioen erabileraren ondorioz etorri dira. Nire eginkizun profesionalean zein formazio pertsonalean bilakaera ikaragarria egon da jarioei esker.

Bista atzera botata konturatu naiz zeinen modu desberdinean bildu eta erabiltzen ditudan orain nire jarioak; informazio iturri globaletatik askoz ere espezializatuagoak diren informazio iturrietara pasatu naiz. Uneko ezagutza behar nagusienak identifikatu ondoren, behar hauek asetuko dituzten informazio iturriak bilatzeko denbora tarte bat hartzen dut lehenik. Denbora horren ondoren “kalitatezko jario” multzo interesgarri batekin bakarrik geratzen naiz. Horrela, nire agregatzailean dauden jario familietan alta/baja ugari ematen dira denboran zehar, hasiera hartan gertatzen zitzaidan bezala.

Pasa den maiatzetik aurrera, nire lehentasunetako bat arbel digital interaktiboen eta Tablet PCen inguruko informazioa biltzea izan da. Aurtengo irailean hasiera eman diogun proiektu berri baten ardatz nagusiena osatzen dute biek, beraz, erosi aurretik merkatuan zer dagoen jakiteko eta, erosi ondoren, erabilerari ahalik eta zuku gehien ateratzen lagunduko diguten ideiak ezagutzeko klabeak izan dira maiatzetik hona bildu izan ditudan jarioen bitartez jaso dudan informazioa

Bildutako informazio guzti horretatik gaur fiskikaren lanketarekin lotutako bi webgune interesgarrien inguruko informazioa aurkeztu nahi dizuet

Lehenegoa Interactive Physics deritzon aplikazioa da. Ziurraski zuetako askok ezagutuko duzue MITek garatu duen Assist Sketch Understanding System and Operation izeneko aplikazioa. Bada, Interactive Physics oraindik proiektu garatuagoa, aberatsagoa eta osatuagoa dirudi. Dohaineko aplikazioa ez izan arren, arbel interaktiboarekin batera erabiltzeko aplikazio oso interesgarria dela iruditzen zait DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Izugarria da software honekin egin daitezkeen jarduerak eta simulazioak, fisika modu erakargarriago batean ulertu eta ikasteko balio dezaketenak. Adibide gisa hemen azpian ipintzen dizuet bideo bat.

Bigarrena, aplikazio bat baino gehiago, joku bat da. Bere izena Crayon Physics Deluxe da eta Crayon Physics oinarrizko bertsioaren eguneratzea da. Joku polita da Tablet PC bat edota arbel interaktiboa erabiliz, gure txikitxoei (LHko ikasleei, adibidez) fisikako oinarrizko fenomenoen (grabitatea, indarra, higidura…) ulermenean laguntzeko. Jokua oso berezia da; pantailak tolestatuta egon den paper baten antza hartzen du eta erabiltzaileak koloreko margoak erabiltzen ditu bere marrazkiak egiteko. Marrazkia egin ondoren honek higitzeko gaitasuna eskuratuko du mota guztietako interakzio fisikoak emango direlarik marrazki guztien artean. Helburua beti gure bolatxoak izarra harrapatzea izango da. Hemen ere, jokuaren ezaugarriak azaltzen duen bideo sorta handia dago YouTuben. Nik Deluxe bertsioari buruz (aldaketak gertu izango dituenak) dagoen bakarra ipini dizuet azpian.

Adibide hauekin burura datorkit txikitan nire lehengusuaren ordenagailuan jolasten genuen joku bat. Diskete batean sartzen zen eta PDArako diseinatutako Amazing World izeneko joku honen antza izugarria zuen. Zenbat denbora pasa da harrez gero!

euskaljakintza: diariovasco.com sariketako finalista!

euskaljakintzaZorioneko gaude berriz ere! Duela gutxi lortutako Espiral sariaren oihartzuna itzali gabe dagoenean, beste berri on batekin natorkizue: Diariovasco.com sariketan finalistak gara! Diariovasco.com Sariak DIGITAL VASCA S.L.ren lehiaketa bat da (ikus oinarriak). Bere helburua Internet sustatzea eta baliabide honen bidez jarduerak garatzen dituztenen lanaren kalitatea eta esfortzua aitortzea da. Antolatzaileek bost kategoria ezberdinetan egingo dute errekonozimendua eta kategoria bakoitzerako sari bakarra emango dute epaimahaikideek. Hauxek dira/gara finalistak kategoria ezberdinetan:

Enpresa web orri onena: AFM, Gurutzeta sagardotegia eta Inasmet.

Instituzio web onena: Ataungo Udala, Donostiako Udala eta Irungo Udala.

2.0 web orri onena: Astindu, Euskaltube eta Nireblog.

Pertsona/Elkarte web orri onena: Broute Mag, Vasco de Camping elkartea eta euskaljakintza.

Web publizitate kanpaina onena: Ikea, Renault eta Toyota.

Publikoaren Sarian parte hartzen dutenen artean Punta Canara bidaia bat zozketatuko da

Diariovasco.com-ek, era berean, web onenarentzat ‘Publikoaren saria’ izeneko saria ezarri du. Sari honen irabazlea zein den erabakitzeko erabiltzaile bakoitzak bere botoa eman ahal izango dio 12 web orri finalistetako bati. Erabiltzaile bakoitzak behin bakarrik parte hartu ahal izango du bozketa-prozesu honetan eta ezinbesteko baldintza izango da Diariovasco.com-en izen emanda egotea. ‘Publikoaren sari’ berezi hau erabiltzaileen boto kopuru gehien jaso dituen webak jasoko du, berdin delarik zein kategorietakoa den. Erabiltzaileen parte hartzea sustatzeko, Publikoaren sarian parte hartzen duten erabiltzaileen artean bi lagunentzako Punta Canara bidaia bat zozketatuko da.

Amaitzeko, aitortu beharrean nago, irabazi edo ez irabazi, guretzat ohore handia izan dela finalera iristea eta hainbat orri bikainen artean gurea ipintzea. Mila esker hori ahalbidetu duzuen guztioi eta zorte on gu guztiontzat!