Beste sari bat Jakintza ikastolarentzat

Bada bai, horrelaxe da. Eta berriro Euskaljakintza dugu albistearen protagonista, nola ez. Izan ere, atzo gauen pertsona/elkarte web orri onenaren Diariovasco.com saria irabazi zuen.

Erraz ahaztuko ez dugun gaua izan zen atzokoa. IKTeroon komando batek (Mikel eta biok) gure proiektuaren berri Zamudion ematen genuen bitartean, EnpresaDigitalak antolatutako azken jardunaldian, bigarren komando bat ere (Maite eta Manu, ikastolako zuzendaria eta, martxa honetan, etorkizuneko IKTeroa) Donostiara desplazatu zen ikasle talde batekin batera. Bai Zamudiora baita Donostiara ere joateko aukera izan bagenuen, dudarik gabe, azken urteotan egindako lanaren ondorio zuzena izan da. Eta zalantzarik gabe esan dezaket, bietatik Ordiziara bueltatu ginela gauzak ondo egiten ari garen sentsazioarekin. Mikelek egun hauetako “tourné”an azaldutakoaz aurrerago idatziko dut. Gaur Maitetaz soilik hitz egin nahi dizuet.

Harrigarria bezain polita izan da bi urte pasatxo hauetan Maitek izan duen bilakaera bere irakasle eginkizunean. Zer dira, bada, bi urte irakaslearen bizitza profesional osoari erreparatuz gero? Zoritxarrez, irakaskuntzan aldaketak oso motel ematen dira, ziklo luzeak behar izaten dira irakasle lanean aldaketa esanguratsuak gertatzeko. Horregatik diot, apenas bi urte pasa direnean, Maitek egindako lanak horrelako oihartzuna izatea harritzeko modukoa dela. Nik uste dut ez Maitek ezta gutako optimistenak ere, 2005eko uda hartan Maitek bere eguneroko jarduna goitik behera aldatzea erabaki zuen egun haietan, ez lukeela imajinatu ere egingo erabaki harrek horrelako ondorio pozgarriak ekarriko lituzkeenik. Teknologiari esker, irakaskuntza aro berri batean sartzen ari garela garbi dago: teknologia irakaskuntza metodoen aldaketaren eragile nagusia izateaz gain, aldakuntza hauen komunikazioa eta partekatzea inoiz baino azakarragoa gertatzea bermatzen du. Maite eta bere lana, horren eredu garbiak dira.

Maiteren esperientzia oso oso polita izan da ere. Izugarrizko lana egin du Euskaljakintza aurrera ateratzeko. Oso ondo dakigu hori bere esfortzua gertutik jarraitu dugunok; ni pertsonalki erabat harrituta nago Maitek duen lanerako kapazitatearekin. Baina, nondik atera du Maitek lanerako behar duen “gasolina” hori? Nik esango nuke bere ikasleengandik jasotzen duela. Hiru ikasle promozio desberdin pasa dira dagoeneko Euskaljakintzatik eta ikustekoa da, urte batean bai bestean ere bai, zenbat ilusiorekin hartzen duten ikasleek Euskaljakintza bizirik mantentzearen ardura, zeinen identifikatuta dauden denak Maiteren proiektuarekin. Eta ez didazue ukatuko hori dela irakasle batek bere eguneroko lanean jaso dezakeen satisfaziorik handiena. Maitek erakutsi digu, irakaslea motibatuta sentitzeko ez direla beharrezkoak soldatak altuagoak, dirulaguntzak, formazioa, edo ez dakit nik zer beste aitzaki. Irakasle batek gauzak ondo egiteko behar duen gauza bakarra ikasleak engantxatzea da eta helburu horretan, gure lana eta gogoa da giltzarri bakarra. Eta Maitek hor bete-betean asmatu du.

Beti esan dugu gure filosofia elkarlanean eta partekatzean oinarrituta dagoela. IKTeroon ezaugarri nagusiena dela esango nuke nik. Baina ez dugu ahaztu behar ikastola barruan baditugula lankide mordoa filosofia horrekin ere bat egiten dutenak. Euren animo, laguntza eta bultzada ematen ahalegintzen dira behin eta berriro (nik behintzat horrela bizi dut). Etapa pozgarria bizitzen ari gara gure lanbidean eta uste dut, neurri batean behintzat, badela euren meritua ere (Mikelek aipatzen duen “iceberg” hori :wink: etortzen zait burura). Horregatik, uste dut barrura gehiago begiratu behar dugula eta gure lankideek eskaintzen diguten laguntza, gure lana behar bezala burutzeko, gehiagotan eskertu beharko geniekeela. Izan daitezela horrelako sariak ere, gure lankideei merezi diegun esker ona adierazteko eta taldeko espiritua sendotzeko aitzakia

Nire aldetik ez daukat besterik. Zorionak Maite, ondo merezitako saria jaso duzu, seguru ez dela azkenekoa izango. Disfrutatu eta parteka ezazu zure poztasun hori zure inguruko guztiekin.

Nire ikastola 2.0 da

Aurreko astean Gasteizen, gaur Donostian eta ostegunean Zamudion, Enpresa 2.0 izeneko jardunaldietan hizlari gisa aritzea egokitu zait.

Aurreko egunean, jardunaldi hauen inguruko aipamen bat egin nuen eta gure aurkezpenaren laburpen bat ere egin nuen.

Kontua da, bi hitzaldi pasa eta gero, autokritikarako unea iritsi dela. Oso garbi dago: jendaurrean hitz egiteko dohaia nigandik urrutik pasatu zen jaio nintzenean, eta hobetzeko saiakerak egin ditudan arren, ezinezkoa egiten zait. Urduritasunak jaten nau eta luzatu nahi ditudan ideiak korapilatu egiten zaizkit (ahazten ez ditudanean). Nire mahaikide diren Julen eta Markoren mailara iristea gustatuko litzaidake, baina dena ez da posible izaten beti.

Horregatik, mezu honekin, garbi utzi nahiko nuke zabaldu nahi dudan mezua: gure ikastola ez da ikastola arrunt bat, ikastola 2.0 baizik, eta horrek ikaragarri pozten nau eta ikastola honetako kidea izateak harro sentiarazten dit.

Zer esan nahi dut Ikastola 2.0 horrekin? Bada, ziur baten batek pentsatuko duela tresnetaz ari naizela, hau da; blogak, wikiak, jario batzaileak, markagailu sozialak… Eta neurri batean, horrela da, tresna horiek gure eginkizuna betetzen laguntzen baitigute, baina hori baino askoz ere gehiago da erakunde 2.0 izatea. Nik behintzat, pentsatzen dut hori baino gehiago behar dela ikastola 2.0 izateko:

  • gizartearekin duen konpromisoa betetzen ahalegintzen den ikastola
  • ezagutza partekatzen duena eta filosofia hori zabaltzen ahalegintzen dena
  • zailtasun edo arazoen aurrean irtenbideak bilatzen dituena
  • pertsonekiko konfidantzan eta askatasunean oinarritzen dena
  • pertsonen konpromisoa bultzatu eta aitortzen duena

Hori eta askoz gehiago da gure ikastola eta horixe da nik zabaldu nahi nuen mezua.

Bukatzeko, nigan konfiantza jarri duten guztiei publikoki eskertu nahi diet, baina bereziki uztailean hasi eta oraindik buru-belarri ikastolako proiektu gogor eta luze batean lanean ari direnentzat. Zuen adibidea ikastolako kide guztiontzat akuilu bat da eta gure ikasola 2.0agoa egiten baituzue.

IKTeroak Enpresa 2.0 jardunaldian

Bihar, Miñanoko Teeknologia Elkargoan eta Araba Enpresa Digitalak antolatuta, Enpresa 2.0 izeneko jardunaldia ospatuko da eta gure ikastolak bere aurkezpena egingo du.

Egia esan behar badugu, bertara joateko gonbitea jaso genuenean, kudeaketa eta etengabeko hobekuntzarekin zerikusia izango zuelakoan geunden, baina berehala ohartu ginen hori baino gehiago nahi zutela. Gure ikastolak arlo horretan duen eskarmentuaz gain, Web 2.0ko aplikazioen erabilerak ibilbide horretan izan duen eragina eta gure ikastolari eginiko ekarpena eta enpresa munduarentzat interesgarriak izan daitezkeen esperientziak azaltzea nahi dute.

Eta horixe da bertan azaltzen saiatuko garena. Ez da lehenbiziko aldia gure ikastolaren esperientziak enpresa munduarekin partekatzen ditugula, baina bai ordea Teknologia Berrien ikuspegia tartean dela. Hori dela eta, guri egokitu zaigu lan honen ardura nagusia eta horretan aritu gara buru-belarri azken egunotan.

Gurekin batera, Julen Iturbe arituko da saioa irekitzen eta Marko Txopitea saioaren azken hitzaldian. Ez dakit hauen pareko maila emateko gauza izango ote garen, baina ahalegin guztiak egingo ditugu euren mailara hurbiltzeko.

Bihar erabiliko dugun aurkezpenak gauza gehiegirik esaten duenez, jarraian, hitzaldian aipatuko ditugun puntu nagusien laburpen bat jartzen dizuegu.

Hasieran, gure ikastolaren inguruko datu batzuk eta azken urteetako ibilbidea laburtuko dugu. Jarraian, gure ikastolaren egungo egoera eta etorkizunerako erronkak aipatuko ditugu.

Sarrera honen ondoren, ibilbide horretan Web 2.0ko tresnen erabilerak gure ikastolari eskaini diona eta beste erakundeentzat baliagarriak izan daitezkeen aspektuak jorratzen hasiko gara. Atal honi hasiera emateko, JARRERA 2.0 izenaz batailatu dugunarekin hasiko gara. Hemen, gure ikastolan garatzen ari den jarrera aktiboa eta eraginkorraz mintzatuko gara. Segidan, informazioa eta ezagutzaren kudeaketaz eta horretan Web 2.0ko aplikazioek hartzen duten protagonismoaz ariko gara. Jarraian, ezagutza eta informazioarekiko erakundeek azaltzen duten jarreraz hitz egingo dugu. Partekatzearen garrantzia azpimarratuko dugu. Ildo beretik jarraituz, egungo teknologiek lan munduan ahalbideratzen dituzten aukera berriak (merkatu berriak, harremanak, negozio aukera berriak…) aipatu eta Web 2.0ko aplikazioen erabilerak ekar ditzakeen abantailak azaltzen ahaleginduko gara. Jorratuko dugun beste atal bat bisibilitatearena izango da. Izan ere, Web 2.0ko aplikazioen erabilerak erakunde bati bisibilitate hori lortzeko egundoko aukera ematen baitio. Azkenik, berrikuntzaren gaia jorratuko dugu. Web 2.0ko aplikazioen erabilerak gure ikastolara ekarri dion berrikuntzarako grina eta kontzientziazioa ez da nolanahikoa izan eta horixe ere partekatuko dugu.