Argazki libreak sarean (II) eta gehiago…

ccAspaldidanik nenbilen ni ere argazki libreak (egile eskubide edo Copyright-ik gabekoak, alegia) eskaintzen dituzten webguneen bilduma egiten, hauetako egunen batean nire zerrendatxoa argitaratzeko asmoarekin. Baina Magic ni baino azkarrago ibili da eta atzo bertan zerrenda luze eta interesgarria argitaratu zuen blog honetan. Kontuak kontu, egokiena nire bildumatxoa lehenbailehen argitaratzea komeni dela pentsatu dut nire lankidearena osatu asmoz eta horrelaxe, hementxe bertan utziko dizkizuet nire erreferentziak. Hauetako batzuk jada Mikelek aipatu ditu bere bidalketan, beraz, ez noa hauek hemen errepikatzea.

Hona hemen sailkapena:

  • Argazki bilduma generikoak:
    • 123RF: “Over a million royalti free photos” leloak garbi adierazten du gune honetan zer topa dezakezuen. Halere, ñabardura txiki bat behar du esaldi horrek: argazki gehienak askeak izan arren hauek bakar bakarrik eskura daitezke neurri jakin batzuetan, alegia, bereizmen handiko argazkiak edota TIFF formatuan daudenak nahi izanez gero ordaindu egin beharko genuke. Edonola ere, lehen inpresioa oso positiboa da; kalitate handiko argazkiak orokorrean topa daitezke bertan.
    • CEFIRE: Eldako “Centro de Formación, Innovación y Recursos Educativos de Elda” erakundeak ere argazki sorta zabala eskaintzen du. 51000 argazki baino gehiago, hauetako gehienak irakaskuntzarako bereziki interesgarriak.
    • FlickrCC: FlickrCC ez da argazki bilduma bat, bilatzaile bat baizik. Magic-ek aipatutako baliabide honetaz gain beste aplikazio honekin Creative Commons lizentziapean dauden Flickr-eko argazkien artean bilaketa errazak egiteko aukera daukagu. Oso aplikazio interesgarria.
  • Argazki bilduma espezializatuak:
    • Travel Pictures: erabiltzaile ezberdinek euren bidaietan ateratako argazkien bilduma. Familiatan antolatuta aurkezten dira. Interesgarria agian geografiako lanetan erabiltzeko. Egileek beste hiru erreferentzia gehiago ematen dituzte antzeko argazki gehiago nahi izanez gero; bigfoto.com, free-pictures-photos.com eta pictures-switzerland.com.
    • Trek Earth: aurrekoaren ildo beretik, honek ere mundu osoko leku interesgarrien argazkien bilduma zabala eskaintzen du. Kontinenteen arabera sailkatuak aurkezten diren arren, badago aukera ere ataletan sailkatuak aurkitzeko. Hauek ere interesgarriak izan daitezke geografian erabiltzeko, Google Maps bezalako aplikazio batekin uztartuz eta ondoren Google Earth-era esportatuz, adibidez.
    • IAN Image Library: zientziarekin zerikusi zuzena duen argazki bilduma txikia. 1329 argazkien artean aukeratu ahal izango duzu.
    • HubbleSite: galaxiak, Eguzki Sistema, izarrak… hauen guztien inguruko kalitate handiko argazkiak. Fisikan eta, bereziki, astronomiaren lanketan erabilgarriak. “NASA’s Hubble Space Telescope” erakundearen web orri honek aurtengo Webby Awards-etako bat jaso du zientziako webgunerik hoberena bezala.
    • Animalandia: EducaMadrid-eko webgune honek animalien argazkiak eskaintzen ditu, guztira ia 10000 inguru. Bide batez, 3320 animali ezberdinenen fitxak topatuko dituzue, informazio interesgarri askorekin. Antolaketa alfabetikoa nahiz taxonomikoa eskaintzen du.

Mikelek aipatzen zuen bezala, egun hauetan nire lankideak lanean ari dira jota ke. Badakit argazkiaz gain marrazkiak eta irudiak bilatzen ari direla egiten ari diren lanerako. Tira bada, hemen ipintzen dizkiet clipart irudiak eskaintzen dituzten helbide interesgarri batzuk. Egia esan Google bilatzailean clipart hitz gakoa jartzea besterik ez da behar horrelako irudiak eskaintzen dituzten ehundaka webgune begibistan izateko. Zoritxarrez hauetako askok publizitatez josita daude, hauetako batzuk gainera oso mode erasakorrean aurtzen dutelarik publizitate hau (popup-ak, malawarea, etab). Hemen ipintzen ditudanak eraso guzti hauetatik salbu daudela zin egiten dut eta, bide batez, bereziki irakaskuntzari zuzenduta daudela ere abisatzen dut.

  • Galería de imágenes de Microsoft Office Online: Gates jaunaren ofimatikako aplikazioan txerta daitezkeen irudiak. Ohi bezala, multzo ezberdinetan antolatuta topatuko dituzue.
  • Classroom Clpart: webgunearen izenak berak adierazten du zer den bertan topa daitekeena: milaka eta milaka irudi.
  • School Clip Art: aurrekoaren antzeko bilduma. Bertako irudiak erabili aurretik komenigarria da euren erabilpen baimenak ondo irakurtzea.
  • Clipart ETC: zientziarekin zerikusi zuzena duten 25000 mila argazkitik gora eskaintzen dira webgune honetan. Irudiak txuri-beltzean egon arren hauetako asko oso interesgarriak direlakoan nago. Euren lizentzian diotenez, hezkuntzari begira garatutako proiektu bakoitzeko 50 irudi soilik erabiltzeko baimena dago.
  • Openclipart: clipart-en inguruan eraikitako wiki honetan, irudi mota hauei buruzko informazio mordoa topa dezakezue. Helbide honetan ematen dira irudi hauek dituzten webgune mordo baten estekak.

Ez nuke bidalketa amaitu nahi beste bi webgune interesgarrien erreferentzia egin gabe. Azkenerako utzi ditut, argazkiez gain bestelako baliabideak eskaintzen dituzten webguneek direlako.

  • Banco de imágenes y sonidos del CNICE: Hezkuntza eta Zientzia Ministeritzak bultzaturiko biltegi honetan argazki libre mordo batetaz gain, irudiak, audioak, bideoak eta animazioak aurkitu ahal izango dituzue. Bertan diotenez, “la utilización de los recursos del Banco de imágenes y sonidos es universal, gratuita y abierta, siempre y cuando se trate de un uso educativo no comercial“, beraz, kontuz hemengo baliabideak erabiltzerakoan hauekin “negozioa” egin nahi baduzue :lol: .
  • Soundsnap: duela gutxi aurkitu dudan webgune honetan milaka soinu ezberdin jaso ahal izango duzue. Ikuspegi sozialarekin garatutako webgune honetan (igotako soinuak etiketatu daitezke, erabiltzaileek bozkatu eta iruzkinak utzi ditzakete …) audioak mp3 edota wav formatuetan igo eta jaitsi ahal izango dituzue. Benetan izugarria dagoeneko eskuragarri dagoen fitxategi kopurua.

Azkenik, komentariotxo bat egin nahiko nuke Creative Commons lizentziari buruz. Duela gutxi kaleratu den lizentzi mota honen 3.0 bertsioak dioena oso garbi dagoen arren, lizentzia honi atxekitzen zaizkion baldintza desberdinen ondorioz, erabiltzaileok zertara gauden baimenduta eta zertara ez, ez dut uste oso garbi geratzen denik kasu askotan, batez ere, lizentzia hau duten edukiekin etekin ekonomikoa lortu ote daitekeen edo ez. Honen inguruan gehiago jakin nahi baduzue hala euskal nola erdal Wikipedia kontsultatu dezakezue. Zure edukiak sarean partekatu nahi badituzu aukera ezazu lizentziarik egokiena gero gaizki ulertuak gertatzea ez baduzu nahi.

Informazio iturria: nire del.icio.us-eko kontua

P2P-ren iraultzak Omemo izena du

Gaur goizean, albiste hau irakurri dudanean berehala sartu naiz Omemo-ren webgunean eta alta eman dut.

Ingelesez dagoen mezu bat jaso dut eta dagoeneko zerbitzua martxan noiz jarriko den zain nago.

Funtsean, MP2P izeneko enpresak sortu duena mundu mailako disko gogor birtual bat besterik ez da, baina egungo P2P aplikazioekiko aldentzen dituen ezaugarri oso interesgarri batzuk ditu.

Omemon, erabiltzaileek egiten dutena da euren disko gogorraren zati bat partekatu, hau da, sareari eskaini. Beraz, aldaketa handia suposatzen du honek, izan ere, erabiltzaileek ez dituzte fitxategiak partekatzen, espazioa baizik. Gainera, beste P2P aplikazioetan erabiltzaile bat deskonektatzen den unean, bere fitxategi bat jaisten ari den beste erabiltzaileak iturri hori galtzen du eta itxarotea besterik ez zaio gelditzen, hemen berriz, fitxategia iraunkorra da eta ez dago konektatutako erabiltzaileen baitan.

Horren truke, erabiltzaileak edozein motako fitxategia jar dezake bere disko birtualean, berarekin lan egin disko fisiko bat bailitzan eta sarean dauden gainontzeko fitxategietara iristeko aukera. Behin fitxategi bat diskora igo, inork ezingo du ezabatu, ezta igo duenak ere. Fitxategia 64 KBeko paketetan zatitzen da eta bakoitzari arrasto digital bakana esleituko zaio. Jarraian, zati guztiak enkriptatu egiten dira eta identifikatzaile bana ematen zaie gero bilatu eta berreratzeko.

Segurtasun neurri hauek partekatzeko programarik anonimoena bihurtzen dute. Egileek diotenez, ezinezkoa omen da jakitea nork igo duen eta nork jaitsi duen fitxategi bat. Zentsuraren aurkako puntazo bat dela esango nuke nik.

Erabiltzaileak, azken finean, inoiz ez du fitxategia bere ordenagailuan. Are gehiago, ezin da jakin zer dagoen norberaren disko birtual horretan. Bakarrik, fitxategiaren izenean klikatu eta erreproduzituko da. Honek ere zaildu egiten ditu administrazio batzuek edukiak blokeatzeko egiten dituen ahaleginak.

Fitxategi desegokiak egonez gero, aukera egongo da erabiltzaileek baloratzeko. Etiketatzeaz gain, erabiltzaile batek, nahi badu, bere zerrendatik ezaba dezake, baina saretik ez da desagertuko. Ezabaketa honek, boto negatibo bat bezala funtzionatzen du. Botoen arabera fitxategi batzuke gora egingo dute eta besteak zokoratuta geldituko dira.

Edukiak lortzeko, Omemok bilatzaile bat izango du. Gainera, karpeten egiturak lana erraztu egingo digu. Dena bilatu daiteke, pribatuan jartzen dena izan ezik. Erabiltzaile bakoitzak mugatu dezake bere karpetaren izaera publikoa edo pribatua (erabiltzaile jakin batzuekin soilik partekatu daiteke, horrela nahi badugu).

Une honetan, Omemo frogen fasean dago, baina kode librea izanik, hobekuntzak espero dira eta, era berean, Mac eta Linuxerako bertsioak.

Ikusten duzuen bezala, itxura oso ona du honek, hala ere, itxaron egin beharko dugu orain agintzen diguten hori guztia egia izango ote den ikusteko.

Albiste hau David Bravoren blogean ere komentatzen dute.

Argazki libreak sarean

Nire ikasleekin askotan izan dudan borroka irudiena izan da. Izan ere, euren ohitura Google bilatzailera jotzea eta bertatik edozein irudia hartzea baitzen. Copyright eta lizentzia libreen inguruko oinarrizko informazio eman nienean, ohartu ziren gai horrek duen garrantziaz. Hala ere, erotu ez zitezen, ez nien helbide gehiegi eman eta gehien erabili zuten zerbitzua Flickr izan zen, hori bai, Creative Commons lizentziapean dauden argazkien bilaketa egiten zuten.

Atzo, nire lankide batzuekin ikastolan elkartu eta lantzen ari diren proiekturako irudi askeak behar zituztela aipatu zidaten.

Portzierto, irakasle talde hau zoriondu nahiko nuke egiten ari den lanarengatik. Ikastolako partaide guztiok harro gaude zuen jarrera eta lanarekin. Ikastolako kide guztiontzat mesedegarria izango den proiektu batean lan eta lan ari zarete, zeuen oporrei izugarrizko pusketa kenduz eta denbora pilo bat eskainiz. Ez dakit inoiz barkatuko ote didazuen proiektu horretan sartzeagatik, baina zuen adibidea guztiontzat eredu bilakatu da. Bejondeizuela!!!

Argazkien gaiari berriro helduz, horra hor sarean topa daitezkeen argazki libreen gune ezberdinak. Espero dezagun lagungarria izatea nire lankideentzat eta mezu hau irakurtzen duen ororentzat.

Wikipedia: era guztietako estekak irudi askeak lortzeko eta gaika antolatuta.

MorgueFile: irudiari buruzko era guztietako informazioa ematen du, etiketak, neurria, egilea, atala…

Imagebase: nik uste dut irudi kopuru oso baxua duela eta oso zaila egiten dela topatzea bilatu nahi dena.

Stock.xchng: oso ongi landutako gunea. Ataletan antolaturiko irudi asko eta bilaketak irizpide ezberdinen arabera egiteko aukera: egileen arabera, kameraren arabera, lurraldearen arabera…

CC Search: Creative Commons bilatzaile honek media ezberdinak bilatzen ditu. Irudiak ez ezik, audio eta bideoa ere bilatzen du. Horretarako, Google, Yahoo, Flickr, BlipTV, OWL music search, SpinXpress, Archive.org… bezalako guneak erabiltzen ditu.

FreeFoto.com: hemengo irudi kopurua ere ez zait iruditzen oso handia denik eta nahiko lan bilatu nahi duzuna aurkitzeko.

Stockvault: ongi diseinatutako gunea eta nahiko informazio esanguratsua eskaintzen dutena.

FreeDigitalPhotos.net: beste gune bat ataletan sailkatutako irudiak eskaintzen dituelarik.

Alamy: “9.11 million images” omen dituzte. Behar duzuna topatzen ez baduzu…

PD Photo: diseinu aldetik nahiko pobrea den arren, irudi dezente topa daiteke eta ataletan nahiko ongi antolatuta daudela dirudi.

TurboPhoto: ez du argazki kopuru handiegirik, baina ataletan ongi antolatuta daude eta oso erraz bistaratzen dira. Oso irisgarria iruditu zait.

Public Domain Pictures: Domeinu publikoko lizentziapean dauden irudien bilduma interesgarria oinarrizko ataletan sailkatuta.

Xcavator: web 2.0 diseinuko bilatzaile bikaina. Etiketak, koloreak, atalak… dira, besteak beste, erabili daitezkeen irizpideak. Neurri ezberdinez jaitsi daitezke eta oso informazio zehatza erakusten du irudi bakoitzarekin.

Yotophoto: beste bilatzaile interesgarri bat. Mota honetako lizentzia duten argazkiak bilatzen ditu: Creative Commons, Public Domain, GNU FDL…

Public.resource.org: Public Resource-k Flickr-en duen argazki libreen bilduma.

Bukatzeko, aholku bat: bilaketak egin behar badituzue, bilaketa ingelesez idatziz gero, emaitza askoz hobeak lortuko dituzue.

LenMus: musikako irakasleentzat

Gaur, beste aplikazio berri batekin gatozkizue. Bitelian LenMus programaren deskarga proposatzen zigutela ikusita, bertara joan eta programa honen ezaugarriak aztertzen aritu naiz.

Egia esateko, ni ez naiz aditu bat musikaren irakaskuntzan, baina eskaintzen dituen ezaugarriak ikusita, musikako irakasleentzat oso interesgarria izan daitekeelakoan nago.

Hasteko, software libre, doako ikaskuntza eta ezagutzaren zabalkundearekin konpromisoa azaltzen du. Horretarako, programa hau GNU lizentziapean banatzen da. Programa honek plataforma ezberdinetan funtzionatzen du eta, dagoeneko, prest ditugu Windows eta Linuxerako bertsioak. Mac OS X-erako ere prestatuta omen dago, baina distribuzioa konpilatu eta banatzeko beharrezkoa diren baliabideak ez dituzte eta laguntza eskatzen dute lan horrekin amaitzeko.

Hizkuntza ezberdinetara itzulita dago. Une honetan hauek dira eskura jarrita dauden hizkuntzak: Ingelesa, Gaztelania eta Nederlandera. Baten bat euskaratzeko asmoa badu, hemen jar daiteke harremanetan eta gabezi txiki hori zuzentzeko aukera izango du.

Arlo pedagogikoari dagokionez, honako hauek lirateke bere ezaugarri nagusiak:

LenMus oso erabilgarria da entzumenaren lanketarako

Intonazioa eta musika diktaketen lanketa oso zaila egiten da pianoa jotzen irakasle bat ez badugu. Programa honekin arazo hori konpon daiteke, horretarako proposatzen dituen jarduera hauekin:

  • Denbora-tarteak alderatzeko jarduerak
  • Denbora-tarteak identifikatzeko jarduerak
  • Akordeak identifikatzeko jarduerak
  • Eskalak identifikatzeko jarduerak

Teoriako kontzeptu batzuen lanketarako balio du

Zure beharren eta erritmoaren arabera lantzeko aukera eskaintzen digu, tarteka ebaluazio jarduerak eskaintzen dituelarik lortu nahi duzun mailara iritsi bitartean. Honako aukerak topatuko ditugu:

  • Denbora-tarteak sortu eta identifikatzeko jarduerak
  • Elementu erritmikoak barneratzeko eta praktikatzeko jarduerak
  • Solfeo praktikak: programak ekoiztutako partiturak (inoiz ez dira errepikatzen)
  • Klabeak ikasteko jarduerak

Bukatzeko, programa jaitsi nahi izanez gero, hemendik lor dezakezu.