Ikasleen IKT konpetentziak

Atzo goizean, ohi izaten den bezala, ikastolen elkarteko IKT dinamizatzaileen bilera izan genuen Durangon. Bilera luze joan zen. Bueltakoan, Ordiziara kotxean nentorrela, denbora tarte polita izaten nuen hitz egindakoaren inguruan hausnarketa egiteko. Atzokoan, bileran jorratutako gai guztien inguruko errepasotxoa egiteko ez nuen astirik izan. Egia esan, azkenaldi honetan oso gai interesgarriak jorratzen ari gara gure bileretan; bilera mamitsuak izaten ari dira. Baina dudarik gabe positiboena, zera izaten ari da: dinamizatzaileen ekarpenak geroz eta ugariagoak, geroz eta pluralagoak izaten ari direla. Honek, ingurukoen berri izateko aukera emateaz gain, norberaren errealitatea birplanteatzeko aukera eskaintzen du; ahuleziak identifikatu eta hobekuntzak baloratu. Esan bezala, ikuspuntu honetatik, atzokoa oso interesgarria izan zen.

Durangon mahai gainean jarri ziren gai ezberdinen artean bat ikasleen IKT konpetentziena izan zen. Gehiegi sakondu ez bagenuen ere (ziur nago laster helduko diogula gaiari merezi duen moduan), bertan plazaratu ziren hainbat ideia oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Bestalde, Aritz Larretak idatzitako iruzkinari behar bezalako erantzuna emango niola agindu nuen. Hona hemen, bada, agindutakoa.

Jadanik irakaskuntza munduan murgilduta zaudetenok jakingo duzuen bezala, bai Europako Erkidegotik, baita Espainiako (ikus laugarren konpetentzia) eta Euskal Herriko Hezkuntza sailetatik dagoeneko definitzen hasita daude, etorkizunari begira, gure gazteek lortu beharko lituzketen oinarrizko gaitasunak IKTen esparruan. Une honetan, marko orokorra soilik dago definituta; hau da, helburu orokorrak definitzen dira baina inongo zehaztapenik gabe.

Eta hortxe kokatzen dugu gure lana . Helburu orokor horien ikusmira galdu gabe, irakasleon lana da gaitasunen lorpena bermatzeko hauen mailakatze egoki bat definitzea. Helburu horrekin hasi ginen lanean duela hilabete batzuk. Ordutik hona, buelta asko eman ditugu lagungarria izan daitekeen informazioaren bila, baina aipatu beharra daukagu ez dugula inondik inora aurkitu erreferentziazko dokumenturik honen inguruan. Garai bateko informatikako gaiari lotutako helburuen inguruan zerbait aurkitu dugu baina hauek, batez ere, tresnen erabilerari soilik loturiko oinarrizko trebeziekin erlazionatuta daude. Eta gaurko marko orokorra hori baino dezente zabalagoa dela onar daiteke, zalantzarik gabe.

Horrela, buruhauste askoren ondoren oinarrizko zirriborro bat zehaztea heldu gara. Ez noa ni hemen zirriborro osoa goitik behera azaltzea, ezta gutxiagorik ere. Bai gustatuko litzaidake, ordea, gaitasunak antolatzeko erabili dugun sailkapena zuekin partekatzea eta, animatzen bazarete, honen inguruan zuen ekarpenak jasotzea.

Tira ba, orokorrean bost multzo desberdinetan banatu ditugu oinarrizko konpetentziak:

  • Gaitasun instrumentalak: hemen kokatzen ditugu tresnen oinarrizko erabilerarekin erlazionaturiko trebeziak: saguaren erabilera, ordenagailua piztu/itzaldu, inprimagailua, CD/DVD irakurgailua… Honetaz gain, web mailan topatuko dituzten oinarrizko aplikazioen inguruko ezagutzak ere hemen kokatu beharko genituzkeela; zer da internet, webgunea, nabigatzailea, hipertestua… eta abar, erabiltzen ari diren tresnei zentzua ematen dien ezinbesteko kontzeptuak dira.
  • Garapen intelektualerako gaitasunak: IKT siglen esanahiari erreparatzen badiogu, hasierako “I” horrek informazioa adierazten du. Horixe da, hain zuzen ere, tresna hauekin kudeatzen duguna. Eta informazioa modu eraginkor batean sortu, bilatu, antolatu, gorde, partekatu… ahal izateko, oinarrizko konpetentziak finkatu nahi ditugu hemen. Aurrekoan bezala, hemen ere uste dugu aintzat hartu behar ditugula lor daitezkeen gaitasunak ordenagailua “modu lokalean” erabiliz, alegia, ekipoan bertan instalatutako aplikazioekin (ofimatikako aplikazioak, edozein euskarritan jasotako multimedia edukiak, irudi, bideo eta audio ediziorako aplikazioak, eta abar) baina, baita ere, internet mailan kudeatu beharko duten informazioa modu egokian gauzatzeko erabiliko dituzten aplikazioekin (hala nola, agregatzaileak, software soziala eta bestelako web 2.0 tresnak).
  • Komunikazioarekin loturiko gaitasunak: zalantzarik ez dago IKTen garapenak gure eguneroko bizitzan elkarrekin komunikatzeko bide berriak ekarri dituela. Komunikazio bide berri hauek modu eraikitzaile eta eraginkorrean erabiltzen irakastea izan behar du irakasleon helburu nagusiena. Posta elektronikoa, txata (zergatik ez?), VoIP bitarteko komunikazioa (Skype, adibidez), elkarlanerako ingurune birtualak… hementxe kokatu beharko genituzke.
  • Kontrola eta modelizazioarekin erlazionaturiko gaitasunak: gure ikasleak, tresna eta aplikazioen erabiltzaile soilak izatetik sortzaileak ere izatea erakutsi behar diegula iruditzen zaigu (sortzaileak ez badira ere, gutxienez erabiltzen dituzten trtesnen atzean zer dagoen jakin beharko luketela uste dugu). Pausu hori emateko jaso beharreko konpetentziak hemen kokatuko genituzke. Une honetan, atal honen barruan kokatu ditzakegun oso gaitasun gutxi jasotzen dituzte gure gazteek; DBHko bigarren zikloan, teknologia gaiaren barruan robotikaren oinarrizko kontzeptuak lantzen dituzte; beso giltzatu bat kontrolatzen ikasten dute oinarrizko komando edo aginduak erabiliz. Iruditzen zaigu hori baino gehiagorako gai izan daitezkeela: oinarrizko programazio lengoaiak (HTML, adibidez), estilo orriak (CSS), datu baseak, ordenagailuz lagunduriko esperimentazioa (OLE)… testuinguru honetan kokatu ditzakegula iruditzen zaigu.
  • Jarrerazko helburuak: aurrekoak bezain garrantzitsuak dira gure ikasleei transmititu behar dizkiegun helburu hauek. Asko dira atal honetan aintzat hartu beharko genituzkeen helburuak. Hauetako batzuk hauek izan daitezke:
    • Ordenagailua lan tresna bezala identifikatzea, koadernoa, testu liburuak… bezala
    • Aipatutakoekin gertatzen den bezala, ikastolaren esparruan, ordenagailua eta bestelako tresnak errespetuz erabiltzea
    • Erabilera arrazionala bultzatzea
    • Partekatzearen filosofiaren transmisioa: elkarlana bultzatzeko tresna eraginkorrak dira IKTak.
    • Norberaren ekarpenek duten garrantziaz jabetzea
    • Internet bitartez gauzatzen diren harremanekin eduki beharreko kontuaz jabetzea
    • Globalizazioaren ikuspegitik, harremanak zabaltzeko eta beste gizarte batzuekin komunikatu ahal izateko IKTak erabiltzea.
    • Euskal gizartean eta euskal kulturan eragiteko gaitasuna.
    • Izpiritu kritikoa eta eraikitzailea bultzatzea

Hasieran esan bezala, honekin pasa ditugu azken hilabeteak ikastolan. Baina atzoko dinamizatzaile bilerak gaia ikuspegi zabalago batetik aztertu behar dela jabearazi zidan. Gaitasunak zerrendatzearekin bakarrik ez dugu ezer lortuko, baldin eta helburuak arrakastaz betetzeko bitarteko egokiak ipintzen ez baditugu. Hona hemen atzoko bileran azaldutako hainbat ideia:

  • Gainontzeko gaitasunen lorpena bermatzeko irakasgai espezifikoak definiturik dauden bezala, zaila ikusten dut, curriculumean teknologia berriekin loturiko ikasgai espezifiko bat definitzea. Agian, mailaren batean edo bestean sor daitezke IKTekin loturiko ikasgai bereziak baina aurreko helburu horiek zehar-lerro modura txertatuta ikusten ditut nik gehiago. Eta, noski, hori horrela izanik ondo identifikatu beharko genuke zein irakasgaietan eta zein jarduera espezifikoetan landuko diren helburu horiek. Garbi dago, honek aurretiko planifikazio sakona egitea eskatuko duela.
  • Irakasleriaren konpromisoa bilatzea beharrezkotzat jotzen da. Bi ikuspegitik planteatzen da hau.
    • Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen gure ikasleek lortu behar dituzten oinarrizko gaitasunak hizkuntzan, matematikan edo bestelako ikasgaietan. Horrelaxe, denon konpromisoa da hauek lantzea eta ondoren behar bezala ebaluatzea. Ez dut uste ordea, horixe bera gertatzen denik oraindik IKTekin loturiko gaitasunekin. Susmoa daukat irakasle guztientzat gaitasun hauen lorpen maila ez dela kritikotzat jotzen ikasleen garapen akademiko egoki baterako. Uste dut badaukagula zer egina oraindik esparru honetan.
    • Zehaztutako helburuak irakaslearen profilarekiko independentea izan behar da. Hau da, finkatuta helburuak ezin dira egon irakasle jakin batzuen menpe. Adostutakoa betetzea denon eginkizuna dela onartu behar dugu; horrela, irakasle baten ordezko bat etortzen denean ikastolara, honek garbi izan behar du curriculumean definituriko helburuak, ikastetxe bezala definiturikoak direla eta ez direla izan irakasle jakin baten iniziatiba propioa.
  • Aurrekoa bermatzeko ezinbestekoa da etapa bakoitzari dagokion profesionalaren profil teknologikoa definitzea. Izan ere, ikasleen gaitasunak bermatzeko ondo prestatutako irakasleak ditugula bermatu beharko genuke.
  • Bukatzeko, ahalegin berezia egin beharko genuke, aurreko guztia modu ez-traumatiko batean burutzen. Alegia, zentro bakoitzean IKTekiko afinitate giro bat lortzea, bereziki garrantzitsua dela iruditzen zait. Tresna hauek dituzten onuretaz jabetu behar ditugu irakasleak eta, bide batez, hauen erabilera ez dela batere konplikatua egiaztatu behar dute. Uste dut bide hau jarraituz, dekretuz jokatuta baino errazago asmatuko dugula.

Tira, ez da lan makala, ez, aurretik daukaguna.

Bueno, Aritz ez dakit honekin guztiarekin zuk planteatuko galderei erantzuna eman diedan. Hala eta guztiz ere, 3. mailarako bereziki zehaztu ditugun helburuak jakin nahi baduzu, gure zirriborroa Google Docs-era igo dut eta zurekin partekatu dut. Gonbidapen bat jasoko duzu zure posta helbidean. Egizu klik eskainiko zaizun estekaren gainean eta gure zirriborroa ikusteko eta eraldatzeko gai izango zara. Zure ekarpenen zain geratzen gara.

Atsotitzak lantzeko ariketa sorta

Euskal Herrian zehar milaka esaera zahar gordetzen da. Gorde bakarrik ez, erabili ere bai. Hala dio, behintzat, Joxan Ormazabalek Esaera zaharrak eta txiste berriak (Elkar, 1981) liburuan. Nik azken puntu horretan nire zalantzak ditut, ordea. Zenbatetan ez zaigu gertatzen euskaraz ari eta gaztelaniara jo behar izatea atsotitzen bat erabiltzerakoan? Nire ikasleen artean ohikoa izaten da praktika hori eta esango nuke irakasleon artean ere ez dela hain arrotza jokabide hori. Gauzak honela, zer ikasi eta zer ikusi bazegoela alor horretan eta azken ebaluazioan tartetxo bat eskaini diogu esaera zaharren lanketari.

Jarraitutako urratsak ondorengoak izan dira:

  • Gela bikotetan banatu eta bikote bakoitzari 10 atsotitz hautarazi zerrenda batetik.
  • Aukeratutako esaera zaharren inguruko hausnarketa sakona egin, esanahia ondo argitze aldera.
  • Aukera anitzeko galdeketak sortu.

Hasieran zeregin erraza bazirudien ere, uste baino arazotsuagoa izan da. Liburu pare bat baino ez dugu topatu azalpen gutxi batzuekin eta guraso eta aiton-amonengana ere jo behar izan dugu. Bestalde, Gotzon Garateren Euskal Atsotitzak eskura izatea oso lagungarria izan da, bertan topatutako esaera zaharren itzulpenekin nahiko ondo moldatu baikara hainbat atsotitzen esanahia hobeto ulertzeko.

Euskal atsotitzak ikasteko, lantzeko edo errepasatzeko 24 ariketa sortu ditugu. Horretarako, Hot Potatoes aplikazioa erabili dugu bi arrazoirengatik nagusiki, ariketak elkarrekin lot daitezkeelako eta Moodle plataforman integratzeko aukera ematen duelako. Guztira lau ariketa mota sortu ditugu eta, ondoren, alfabetikoki antolatutako euskal atsotitzen bilduma txiki bat. Ariketen banaketa ondorengoa da:

  • 1-13: Emandako atsotitzaren ordaina topatu aukera anitzeko galdeketetan (adibidea).
  • 14-15: Euskal atsotitza bere gaztelaniazko ordainarekin parekatu (adibidea).
  • 16-23: Atsotitza osatu hutsunea betez (adibidea). Erantzuna ez badakizu, laguntza klikatu.
  • 24: Esanahi bereko atsotitzak parekatu (adibidea).

Horiek guztiak euskaljakintzan jarri ditugu edonork egiteko aukera izan dezan.

Amaitzeko, onartu beharrean nago gozatu egiten dudala ikasleak horrelako lanetan ikustean. Askotan esaten dugun bezala, ikasle aktiboak gustatzen zaizkigu, elkarlanean aritzen direnak, ezagutzaren bila doazenak eta ez geldi, irakasleak zer eman zain egoten direnak. Mota hauetako jarduerak egiten ditugunean, horixe da ikusten dudana nire ikasleengan. Sortutakoa ez da beste munduko ezer, baina, nire uste apalean, sortze prozesuak emaitzak berak baino garrantzi handiagoa izan dezake maiz…

Kåre Kullerud-en flash modulo gehiago euskaraz.

Kåre Kullerud-en flash modulo gehiago euskaraz. Orain arte guztira 7 modulo itzuli eta zintzilikatu ditugu. Hauexek dira:

1) Lurrikarak, 2) Magmatismoa eta arroka magmatikoak, 3) Atomoak, isotopoak eta erradioaktibitatea, 4) Mendien sorrera, 5) Plaken tektonika, 6) Adin absolutuaren zehaztapena eta 7) Lurraren barrualdea

Beste pare batean lanean ari gara. Modulo berriak euskaratzen ditugun heinean jakinaraziko dugu.

Helbidea hurrengoa da : http://www.ig.uit.no/webgeology/

Jakintzazu: ikastolako blog komunitate berria

Aurrekoan adierazi genuen bezala, atzo eman genion hasiera Guraso Eskolari. Lehenengo saioan gure txanda izan zen. Gure ikastolan egiten dugunaren berri gurasoei azaltzea zen helburu nagusia. Egia esan, ez ginen oso gustura gelditu gure gurasoen inplikazioarekin. Kontutan izanik ekimena eurek egindako eskaerari erantzuteko antolatu genuela, partaidetza handiagoa espero genuen. Eta ez dut uste eguraldiaren aitzakiak justifika dezakeenik hain asistentzia kaxkarra. Tira, bizi dugun errealitatearen adierazgarri izan daiteke.

Aspalditik hasi ginen saio hauen prestakuntzarekin. Bitarte honetan buelta asko eman dizkiogu buruari; nahikoa ote den gurasoak informatuta edukitzearekin, ez al ditugu gurasoak eurak ere inplikatu behar IKTen erabileran, gure ikasleek egiten dutenaren berri izateko ez ote den beharrezkoa tresnak ere erabiltzen jakitea… Analisi eta eztabaida askoren ondoren zera erabaki genuen: informazioa zabaltzea garrantzitsua izanik, ezinbestekoa dela gurasoak, ahal den neurrian, erabiltzaile aktiboak bilakatzea, irakasleok gela barruan erabiltzen ditugun tresnak erabili eta ezagutu ditzaten.

Horrelaxe gure ikastola osatzen duten kide guztiei irekita egongo den blog komunitate bat sortzea otu zaigu, ikasle, ikasle ohi, guraso eta irakaslez osatutako ikastolako komunitate digitala. Pentsa eta egin!. Atzoko saioa aitzakiatzat hartuz, bertan egin genuen gure komunitatearen aurkezpen ofiziala. Gaur, berriz, hemen egitea tokatzen zaigu

Atariari Jakintzazu izena ipini diogu, transmititu nahi dugun espiritua oso ondo islatzen duela iruditzen zaigu. Hasieran aipatu dudan bezala helburu desberdinak lortu nahi ditugu atari honekin. Guztien berri daukazue hemen. Azpimarratu nahi dudan gauza bakarra zera da: komunitateko partaide izateko derrigorrezkoa da Jakintza ikastolako kide izatea.

Teknikoki, hauexek dira gunearen ezaugarri orokorrak:

  • Jakintzazuko gune nagusia WordPress MU 1.1.1 aplikazioaren gainean eraiki da. Plataforma osoa euskaraturik dago; lokalizazio fitxategiak eskuratu nahi dituenak hemendik jaitsi ditzake. Esan beharra dago, .po fitxategiaren euskaratze lan handiena Aitor Ortuondok egin duela, guk geratzen zen zati bat besterik ez dugu euskaratu. ziurrenik gauza dezente izango ditu zuzendu beharrekoak; ziur norbaitek botako diela bistazo bat eta txukun txukun utziko dituela. :wink:
  • Sisteman logeatzeko sarrera orokor bat ipini da atari nagusian. Bertan ikus daitezke azken blogen, blog aktiboenen eta plataforman argitaratutako azken bidalketen zerrendak
  • Komunitatean argitaratutako bidalketa guztiekin planet bat sortu dugu. Bertan bilduko ditugu Jakintzazun argitaratutako bidalketa guztiak, baita hemendik kanpo ditugun beste blog guztienak ere (IKTeroak barne). Jakintzaren planetan izena ipini diogu eta, nahiz eta oraindik erabat bukatuta ez egon, astea amaitu baino lehen martxan izango dugula espero dut.
  • Erabiltzaileen zalantzak argitzeko, foro bat ere martxan ipini dugu. bbpress 0.8 bertsioarekin egina dago eta hau ere euskaratu egin dugu. Hemen dituzue .po eta .mo fitxategiak
  • Bukatzeko, eta laguntza moduan dokumentu batzuk ipini ditugu erabiltzaileen eskura, oinarrizko erabileran trebatzen joan daitezen

Egia esaten badizuet, izugarrizko lana eman digu hau guztia martxan jartzea (seguruenik konturatuko zineten argitaratutako bidalketen maiztasuna asko jaitsi dela azken hilabete honetan, ezta?). Ez dakit zenbat ordu pasa ditugun Mikel eta biok plataforma guztia garatzen eta, oraindik, esan beharra daukat ez daudela atal guztiak erabat ondo lotuta (diseinuarekin loturiko arazo batzuk ditugu oraindik). Tira, espero dezagun egindako esfortzua emankorra izatea eta, Jakintzazun aipatzen den bezala, “Jakintzako komunitatea aberasteko, elkarren berri izateko, hitz batez, komunikazioa sustatzeko aukera paregabe” hau arrakastatsua izatea.

Bukatu aurretik Aitor Ortuondori eskerrak eman nahiko nizkioke. Bera izan da WPMU-ren lokalizazioa bidali ziguna eta bereak dira ere, gure blogetan erabiliko ditugun euskaratutako azal gehienak. Mila esker Aitor hain eskuzabala izateagatik!

IKTak aztergai Guraso Eskolan

Urteak dira gure ikastolan “Guraso Eskola” izeneko ekimena aurrera daramagula. Urte horietan, formatu ezberdinak erabili dira saioak antolatzeko, baina kasu guztietan aukeratutako gaiak gurasoen eskaeratan oinarritu dira. Gai asko jorratu dira azken urteotan, baina Teknologia Berriak ez dira sekula agertu gurasoen kezken edo interesguneen artean.

  • IKTak
  • Haur eta gazteen garapena
  • Familiaren garrantzia Euskararen normalizazioan

Guri IKTen atala antolatzea egokitu zitzaigunez, prestatzeari ekin genionean, hiru saio aurreikusi genituen:

  • Gure ikastolaren ikuspegi orokorra IKTen inguruan: gure ikastolako gurasoei ikastolan egiten ari garenaren berri eman nahi diegu: IKT taldea, bere eginkizunak, gure IKT plana, nola txertatzen ditugun gelan, zein helburu ditugu, ikusten ditugun arazoak, ikasleen jarrera etorri zaizkien aldaketekiko… Izan ere, konbentzituta gaude guraso askok horren inguruko informazio gehiago ezagutu nahiko dutela. Saio honen dinamizazioa gure IKT arduradunak, Jokin Lacallek, eramango du.
  • Etorkizunari begira: Aldaketa nabarmenak gertatzen ari dira azken urte hauetan teknologia mailan. Gure gazteek geroz eta tresna gehiago dituzte, geroz eta baliabide gehiago dituzte eta hauek guztiek eragina dute euren artean komunikatzeko eran, sozialki hartzen dituzten hainbat ohituretan eta, guretzat, garrantzitsuagoa dena, euren formazio akademikoan. Azken honi garrantzia berezia eman nahiko genioke eta, batez ere, gurasoei azaldu nahiko genieke ikasleen formazio prozesuan internet berriak duen garrantzia. Gaur egun bizi duten egoera eta, etorkizun ertain batean honek izango duen bilakaera ere azaldu nahi diegu. Prospektiba ariketa txiki bat eginez, etorkizuna aztertzen saiatuko gara. Honetarako, Eneko Astigarragaren laguntza izango dugu. Zein hobeto etorkizuneko zirrikituetan murgiltzeko Eneko baino?
  • Gurasoen rola IKTen aurrean: guraso askok ez dakite zer egin, nola jokatu, debekua ezarri edo ez… Hori dela eta, gustatuko litzaiguke, teknologia berrien erabilerarekin loturiko arriskuen aurrean, gurasoek jarraitu beharreko pautak azaltzea baina hauen ikuspegi positiboa ere transmitituz, alarmismo faltsurik gabe. Saio honetarako guraso eta seme-alaben arteko harremanetan esperientzia duen norbait nahiko genuke, agian pedagogoren bat edo, baina era berean, internet berria ezagutzen duena. Gure gaztetxoak “W Hirukoitza erakunde maltzurraren hatzaparretatik libratzeko errezeta magikoak” eskaintzen dituzten espezialista ugari dago. Guk ikuspegi errealistagoa zabaltzea nahiko genuke. Baina, zoritxarrez, ez dugu oraindik inor lortu. Baten bat ezagutzen baduzue, esaguzue, mesedez.

Gaur bertan irekiko da gure txanda eta lehen saioa 18:30etatik aurrera burutuko dugu. Bigarrena, datorren astelehenean, ordu berean eta Enekoren maisutasunez. Azkena, zehaztu gabe daukagu, lehen esan dudan lez, ez baitugu inor aurkitu gai hori jorratzeko.

Bukatzeko, goraipatu nahiko nuke gure ikastolako gurasoek erakutsi duten interesa, ez baita ohikoa gisa honetako gaiak proposatzea. Gure iritziz, gurasoak ikusten ari dira euren seme-alabak oso gauza “bereziak” egiten ari direla, euren jakin-mina areagotu egin dela… baina ez dakite horren atzetik zer den benetan ezkutatzen dena. Horregatik, eta aukera hau aprobetxatuz, ekimen berri bat martxan jarri nahi dugu gurasoak IKTen munduan murgiltzeko eta gure proiektuekin inplikatzeko. Nolanahi ere, proiektuak argia ikusten duenean, izango duzue horren berri.