Hezitzaileon Topagunea (Hezi Top)

Zer da Hezi Top?Hezitop
Hezi Top guztientzako e-learning aske eta doakoa bultzatzeko Axular Lizeoak sortu duen komunitatea da.

Nola?
Online ikastaroak sortzeko doako web espazioa eta laguntza emanez.
Nahi duten guztiei ikastaro guztietarako eta baliabide guztietarako sarrera emanez.

Zergatik?
Baliabideak partekatzeko eta elkarrekin ikasteko eskubidean sinesten dugulako muga guztien gainetik.

Noiz? Non?
Oraintxe, www.axular.info/hezitop webgunean.
Urruneko formazioa emateko beharra al duzu? Has zaitez! Atari hau erabiliz zure ikastaroa sortu. Zure eskura Moodle jarri dugu, plataforma aske eta boteretsua, baita gure komunitateak eman dezakeen laguntza ere.
Hiru aukera dauzkazu:
*Bisitari gisa sartu. Horretarako ez duzu ezer egin behar. Ikastaroetara sartu eta azter ditzakezu, baina jarduerak ezingo dituzu egin.
*Ikasle izateko kontua zeuk sortu behar duzu, webgunearen ezkerreko goialdeko Kontu berri bat sortu estekan klik eginez. Zure irakasleak matrikulatuko zaitu edo partaide giltza emango dizu zeu matrikula zaitezen.
*Irakasle izateko, hau da, ikastaroa(k) sortzeko, bi gauza egin behar dituzu, ikasle izateko bezala kontua sortu eta, horren ondoren, info@axular.ikastola.net e-mailera eskaria bidaltzea zure erabiltzaile-izena, zer ikastaro sortu nahi duzun eta zer erankundean lan egiten duzun zehaztuta. Berehala kontua aktibatu eta behar diren argibideak emanez erantzungo dizugu.

Eta horren guztiaren truke, zer?
Hezi Top zure ikastaroa edo ikastaroak egiteko erabili al duzu? Gauza bakar bat eskatuko dizugu, zure ikastaroa irekia izatea nahi duena sartu, erabili, zure materiala kopiatu eta aldatu ahal izateko, beti ere iturria aipatuta. Zeuk ere beste ikastaroetan aurkitzen duzuna baldintza berarekin aprobetxatu ahal izango duzu.
Hezitop webgunearen edukia Creative Commons lizentziapean dago.

Zergatik ezabatzen dira jarioak agregatzaileetatik?

aNieto2k asko gustatzen zaidan bloga da. Batez ere, WordPress eta web diseinua ditu hizpide. Tarteka, beste motatako artikulu interesgarriak argitaratzen ditu ere. Horixe da gaur hona ekartzen dudana. Bertan, gure agregatzaileetatik jarioak ezabatzeko 34 arrazoi nagusienak aipatzen dira. Lehenengo bostak hauexek dira:

  1. Artikulu gehiegi jasotzea
  2. Gutxitan eguneratzea edukia
  3. Jario partzialak, alegia, bidalketa osoak jasotzen ez dituzten jarioak izatea
  4. Blogaren enfokean aldaketak gertatzea
  5. Askotan errepikatzen diren bidalketak izatea

Esan bezala zerrenda zabalagoa da. Ni behintzat, lehenengo hiruekin zeharo identifikatuta sentitzen naiz. Duela bi urte, saltsa honetan hasi ginenean, Alt1040, Genbeta, Planeta Educativo… blogetara harpidetuta egon nintzen. Lehen egun haietan “informazioa biltzea” nuen helburu nagusia, jakin nahi nuen, ikasi nahi nuen, ezin nuen ezer utzi irakurri gabe. Orduak eta orduak pasatzen nituen agregatzailearen aurrean. “Sobreinformatuta” ote nengoen? Gehiegizkoa ote zen hori guztia?

Duela hilabete batzuk erabaki bat hartu behar izan nuen: informazioa bildu bai, baina modu “sosteniblean” izatea nahi nuen. Gaur ditudan jarioak espezializatuagoak dira, gai konkretuak jorratzen dituzte eta gainera, momentuko nire interesen arabera, aldatu egiten ditut. Oreka bat bilatu dut.

Halere, oraindik batere gustukoa ez dudana “kapatutako” albisteak jasotzea da. Hemen doakizue, beste behin, nire aldarrikapena: jario osoak mesedez!

Eta zuek, zergatik ezabatzen dituzue jarioak zuen agregatzaileetatik?