Berde-berdea, ingurumen proiektua

Gaur goizean, gure ikastolako DBH 1eko ikasleek Berde-Berdea izeneko proiektuaren aurkezpena izan dute. Proeiktu hau Gipuzkoako Kutxak bultzatzen du eta eurek dioten bezala, hauxe da proiektuaren helburua:

Gazteen heziketa eta parte hartzea sustatzea ingurumenaren alde.

Ideia ez da beste munduko gauza bat, zalantzarik gabe, baina baditu ñabardura batzuek beste proiektuengandik bereizten dutena

  • Webgune bat garatu dute proiektua lantzeko (hau ohitura bihurtzen ari da proiektu berrietan)
  • Ohiko materialak (karpetak, liburuxkak…) ez ezik, CD multimedia bat ere banatu dute
  • Azkena eta niretzat bereziena, ikasleek eginiko lanaren arabera eta asmatutako galdera kopuruaren arabera, Kutxak diru bat banatuko du ingurumenaren inguruan lanean diharduten Gobernuz Kanpoko erakunde ezberdinen artean

Benetan, ideia oso interesgarria iruditu zait gure ikasleak kontzientziatzeko eta, aldi berean, erakunde horiek egiten duten lana babesteko eta bultzatzeko. Aurtengo erakundeak honako hauek dira:

  1. Aranzadi
  2. ArranoEtxe
  3. EIBE
  4. Kalapie
  5. The Green Belt Movement

Oker ez banago, gure ikasleek, Afrikan lanean ari den azkeneko horrentzat bideratu nahi dute lortzen duten guztia, baina behin betiko erabakia hartzeke dago oraindik.

Gipuzkoako ikastetxeentzat den proiektu honetan parte hartuko dutenen zerrenda webgunean bertan topa dezakezue eta gure ikastolako bi taldeak hauek dira: DBH 1A eta DBH 1B

Ea lan asko egiten duten eta erakunde hauentzat laguntza handi bat lortzen duten, horixe baita proiektu honen helbururik politena.

Moodle 1.7

moodle 1.7

Kalean da dagoeneko Moodle-en azken bertsio egonkorra. Azken bertsio honek azaltzen dituen hobekuntzak ugariak izanik, nagusiki hiru dira aipagarrienak:

  • Baimenak esleitzeko arkitektura berria: ohiko roletaz gain (ikasle, irakasle, kurtso sortzailea..) berriak sortzeko aukera ematen du, hauen baimenak modu desberdinetan konfigura daitezkeelarik. Adibidez, ikasle talde batek baimena izan dezake beste ikasle batzuen aportazioak baloratu eta onartzeko.
  • Administrazio eremuaren interfazean aldaketak eman dira
  • MySQL eta PostgreSQL datu-base zerbitzarietaz gain beste batzuekin ere bateragarria nihurtu dute Moodle, hala nola, Microsoft SQL Server edota Oracle.

Moodle jaisteko: Download Moodle

Albistea: Modle 1.7 is released!

Apurtu tratu txarren katea

Bullynga salatzeko gunearen irudia

Tontxu Camposek zuzentzen duen sailak www.ikasle.net izeneko gunea martxan jarri du jazarpena pairatzen duten ikasleek Internet bidez salaketa jarri dezaten.

Egia esan, guneak ez du aparteko gauzarik, 6 dokumentu eta posta elektroniko baten helbidea salaketak, zalantzak… bidaltzeko. Ekimenaren baliagarritasuna ikusteke dago, baina arazoa egon, badago, eta honek laguntzen badu arazoari aurre egiten, gaitzerdi.

Nik albiste hau aprobetxatuz, nahiz eta teknologiarekin zerikusirik ez duen, gogoeta txiki bat egin nahi dut gai honi buruz. Jokinen kasua gertatu zenetik eta, horren ondorioz, hedabideetan arazoari ematen zaion oihartzuna dela eta, hainbat lekutan psikosia zabaldu delakoan nago. Arazoari garrantzia kendu gabe, nik uste dut Estatu Batuetatik iritsitako salaketak jartzearen “moda” gureganatzen ari garela eta, guri iruditzen ez bazaigu ere, horrek babesik gabe uzten gaitu. Irakasleok Hezkuntza Sailak jazarpen kasuetarako protokolo bat proposatzen dueta horixe da jarraitu beharrekoa, gure helduleku bakarra. Baina, title=”Diario Vascoko elkarrizketa CCOOko abogatu bati”>Carmen Peronak Diario Vascon azaltzen dituen kasuetarako zer dugu? Ezer ez.

Hasierako albistera itzuliz, galdera pare bat luzatu nahiko nuke:

  • Gisa honetako guneak beharrezkoak ikusten dituzue?
  • Irakasleontzat ere jarri beharko lituzkete?

Astronomia lantzeko baliabidea

Natur Zientzian astronomia lantzerakoan astroak (izarrak, konstelazioak, galaxiak eta abar) “behatzea” zaila izaten da. Badira hortik planetarium moduko hainbat programa, baina hau da nik aurkitu dudan onena (beste norbaitek zerbait hobea aurkitzen badu esan dezala!).

Zeintzuk dira bere ezaugarri aipagarrienak:

  • Erabiltzen erraza.
  • GNU general Public License (GPL) da. Beraz doan lor daiteke.
  • Kalitate handiko “benetako” zerua aztertzeko eta behatzeko aukera.
  • Zerua Lurreko toki desberdinetatik ikusteko aukera (konfigurazio ataletik erabakitzen da).
  • Atmosferaren distortsioa kentzeko posibilitatea.
  • Konstelazioen izenak eta irudiak ikus daitezke.
  • Gaztelerara itzulia dago (beraz ez dugu ingelesarekin “burrukatu” beharrik).

Programaren izena esatea ahaztu zait: Stellarium 0.8.2 da eta “www.stellarium.org” hebidean eskura daiteke.

Guk gelan proiektore batekin erabiltzen dugu eta benetan ikusgarria da. Animatu!

Bi puntu zero Andoainen

Joan den ostegunean, Iparraldea Andoainen jardunaldien barruan, Andoaingo Bastero Kulturunean biltzeko aukera izan genuen gutako batzuk, hau da, euskal blogosferako “militante” batzuk (Joxe Aranzabal, Jakes Larre, Iban Arantzabal eta ni neu) interneti buruzko mahainguru batean. Hasteko, Andoaingo Udalari eskerrak eman nahi dizkiot eta, batez ere, Nekane Goikoetxeari egin ziguten harreragatik.

Internet iraultza izan genuen hizpide eta helburua azkenaldi honetan hain aipatua den web 2.0 kontzeptua herritarrei ezagutzera ematea zen, bakoitzak gure ikuspuntutik (kazetaritza, Euskal Kulturaren Erakundea edo irakaskuntzatik, hain zuzen ere). Joxeren jarduna, alde horretatik, ezberdina izan zen; terminoaren jatorria, garapena eta kontzeptu horren atzean ezkutatzen diren hainbat aplikazio garbi asko eta modu praktikoan erakutsi baitzituen. Besteok gure arloetan ekarri dizkigun onurak eta potentzialitatea adierazteko aukera izan genuen, sare sozial, informazio partekatze eta elkarreragitearen garrantzia aldarrikatuz.

Azken hau da nik azpimarratuko nukeen ideia. Handik eta hemendik ibilian, nik uste dut gero eta gehiago garela web 2.0 terminoaren garrantzi ezaz jabetzen garenok; izan ere, ez baita zenbaki kontua, jarrera kontua baizik. Web 2.0, 3.0…Zenbaki batzuk joan eta beste batzuk etorriko dira, baina benetan garrantzitsuena denon eskura dohain dauzkagun baliabideei etekina ateratzen saiatzea izan beharko litzateke, denon artean lanean aritu, konpartitzen ikasi. Errezeloak alde batera utzi eta besteei eskain diezaiekeguna eskaini, ez bakarrik gure lana baita gure errekonozimendua ere. Jolausek esaten duen moduan, guk ematen dugun gauza, ideia, material edo dena delako bakoitzaren truke, besteengandik mila bider jasotzen baitugu… Eta nik Andoainen ikusi nuen gogo hori.

Nabarmentzekoa, zalantzarik gabe, gertutatu ziren hainbat blogarirekin (Luistxo, Gorka Julio, Iturri, Mikel Irizar, Imamon, Joxe, Iban…) izandako hartu-emana. Aplikazio berriak, Google hartzen ari den nagusitasuna, tramankulu berritzaileak, beste blogari batzuen ekarpenak… Ez dakit zerbait utzi genuen aipatu gabe! Hitz batzuetan laburtzeko, oso emakorra izan zen gaua (Luistxorekin hitz egiten ari nintzela, adibidez, blokeatuta nengoen lantxo baterako ideia bat izan nuen; hobeto esanda, eman zidan… :wink: )

Nekanek, Andoaingo Udaleko euskara teknikariak, egin duenez osteguneko kronika Sustatun ez noa ni gehiago luzatzea . Joxe Aranzabalek, Faroan, bere aurkezpena utzi digu eta nik ere, honi jarraituz, hementxe uzten dizuet prestatuta eraman nuena. Dena den, nire aurretik esandakoa ez errepikatzearren, aldatu egin nuen zertxobait eta alde teorikoa pixka bat baztertuz, ikastolako ibilbidea modu praktikoan erakusten saiatu nintzen. Noizko hurrengoa? Sustaturen urteurrena ospatzen?