Bi puntu zero Andoainen

Joan den ostegunean, Iparraldea Andoainen jardunaldien barruan, Andoaingo Bastero Kulturunean biltzeko aukera izan genuen gutako batzuk, hau da, euskal blogosferako “militante” batzuk (Joxe Aranzabal, Jakes Larre, Iban Arantzabal eta ni neu) interneti buruzko mahainguru batean. Hasteko, Andoaingo Udalari eskerrak eman nahi dizkiot eta, batez ere, Nekane Goikoetxeari egin ziguten harreragatik.

Internet iraultza izan genuen hizpide eta helburua azkenaldi honetan hain aipatua den web 2.0 kontzeptua herritarrei ezagutzera ematea zen, bakoitzak gure ikuspuntutik (kazetaritza, Euskal Kulturaren Erakundea edo irakaskuntzatik, hain zuzen ere). Joxeren jarduna, alde horretatik, ezberdina izan zen; terminoaren jatorria, garapena eta kontzeptu horren atzean ezkutatzen diren hainbat aplikazio garbi asko eta modu praktikoan erakutsi baitzituen. Besteok gure arloetan ekarri dizkigun onurak eta potentzialitatea adierazteko aukera izan genuen, sare sozial, informazio partekatze eta elkarreragitearen garrantzia aldarrikatuz.

Azken hau da nik azpimarratuko nukeen ideia. Handik eta hemendik ibilian, nik uste dut gero eta gehiago garela web 2.0 terminoaren garrantzi ezaz jabetzen garenok; izan ere, ez baita zenbaki kontua, jarrera kontua baizik. Web 2.0, 3.0…Zenbaki batzuk joan eta beste batzuk etorriko dira, baina benetan garrantzitsuena denon eskura dohain dauzkagun baliabideei etekina ateratzen saiatzea izan beharko litzateke, denon artean lanean aritu, konpartitzen ikasi. Errezeloak alde batera utzi eta besteei eskain diezaiekeguna eskaini, ez bakarrik gure lana baita gure errekonozimendua ere. Jolausek esaten duen moduan, guk ematen dugun gauza, ideia, material edo dena delako bakoitzaren truke, besteengandik mila bider jasotzen baitugu… Eta nik Andoainen ikusi nuen gogo hori.

Nabarmentzekoa, zalantzarik gabe, gertutatu ziren hainbat blogarirekin (Luistxo, Gorka Julio, Iturri, Mikel Irizar, Imamon, Joxe, Iban…) izandako hartu-emana. Aplikazio berriak, Google hartzen ari den nagusitasuna, tramankulu berritzaileak, beste blogari batzuen ekarpenak… Ez dakit zerbait utzi genuen aipatu gabe! Hitz batzuetan laburtzeko, oso emakorra izan zen gaua (Luistxorekin hitz egiten ari nintzela, adibidez, blokeatuta nengoen lantxo baterako ideia bat izan nuen; hobeto esanda, eman zidan… :wink: )

Nekanek, Andoaingo Udaleko euskara teknikariak, egin duenez osteguneko kronika Sustatun ez noa ni gehiago luzatzea . Joxe Aranzabalek, Faroan, bere aurkezpena utzi digu eta nik ere, honi jarraituz, hementxe uzten dizuet prestatuta eraman nuena. Dena den, nire aurretik esandakoa ez errepikatzearren, aldatu egin nuen zertxobait eta alde teorikoa pixka bat baztertuz, ikastolako ibilbidea modu praktikoan erakusten saiatu nintzen. Noizko hurrengoa? Sustaturen urteurrena ospatzen?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.