euskaljakintzak urtebete!

Urte bat pasa da gure lehengo artikulua idatzi genuenetik; beraz, ofizialki gaur gure urtebetetzea da. Benetan zaila egiten zait idazten hastea, hainbeste proiektu, jarduera, ariketa, itzulpen, aurkezpen…ez da erraza blogak eman duena esaldi gutxi batzuetan laburtzea, ez. Baina nonbaitetik hasi behar eta hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta (gehiengo batek), eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen (literatura…), izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolak” aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen.

Jarraitu irakurtzen: 1, 2, 3, 4.

Esan ozenki: erabili Firefox!

Atzo tartetxo bat hartu nuen gure blogeko estatistikei bistazo bat botatzeko. Maiz errepikatzen dudan eginkizuna izaten da hau baina atzo ohikoak ez diren atalei erreperatzea erabaki nuen.

Jasotako informazio guztiaren artean, batez ere, gure bisitariek erabiltzen duten pantailen bereizmenari eta nabigatzaile motari dagozkienak izan ziren interesgarrienak iruditu zitzazkidanak.

Pasa den San Fermin egunean Sustatun azaldutakoaren antzera, gure bisitari gehienek erabiltzen duten pantailaren bereizmena 1024×768-koa da ere, alde handiz gainera.

bereizmena

Gure blogaren diseinua 800x600eko monitoreentzat bereziki egokituta dagoenez, agian garaia heldu da bere diseinuari erretoketxo bat egiteko.

Dena dela, sorpresarik handiena gure bisitariek erabiltzen duten nabigatzaile motarekin jaso nuen. Aspalditik ez niola atal honi begiradarik botatzen eta a ze ezustekoa jaso nuen atzo, IKTeroetara datozen hiru bisitarietatik bik Firefox erabiltzen dutela ikusi nuenean!. Halaxe da, %66ak erabiltzen du Firefox!

firefox

Garbi dago proportzio hau ezin dela internet osora estrapolatu: lan asko egin behar dugu oraindik Internet Explorer-en nagusitasunari buelta emateko. Baina, ezin da ukatu ere, blogosferan murgilduta gabiltzanon artean (blogari izan nahiz irakurle izan) hartz gorriaren nabigatzailea nagusi dela une honetan. Blogosferaren hazkundea nolakoa izaten ari den ikusirik (geroz eta gehiago dira blogen mundura ingurtzen ari direnak), zenbat itxaron beharko dugu balantzari buelta eman arte? Urtebete? Gutxiago?

Zalantzarik gabe, datu interesgarria Firefox erabiltzearen eta zabaltzearen aldeko konpromisua hartu dugun guztiontzat! Zorionak guztioi!

Eta Firefox oraindik probatu ez dutenentzat hona hemen Sustatun argitaratutako bidalketa batean aspaldi egindako analisia.

getfirefox

Firefox 2.0 Beta 1, gehigarriak eta USB autoexekutagarria. A ze pupurria!

Honez gero pasa dira aste dezente nire eramangarrian Firefox nabigatzailearen 2.0 alpha 2 bertsioa instalatu nuenetik. Ez naiz ni aplikazio desberdinen alpha eta beta bertsioak probatzen ibiltzea gustatzen zaion horietakoa (seguraski gure ikastola barruan izandako hainbat esperientzi negargarrien ondorioz) baina bertsio berri honek aurkezten zituen abantailak hain interesgarriak izanik, nire ekipoan instalatzea erabaki nuen. Eta egia esan ez nago batere damututa hartutako erabakiaz. Nahiz eta alpha bertsioa izan ez dut oraindik arazo bat ere izan; orriak primeran kargatzen ditu eta nabigatzeak ez du arazo berezirik suposatzen. Nahiko nuke, bai, nire eskuetatik pasa diren alfa eta beta aplikazio asko Firefox bezain fidagarriak izatea! Aurretik martxan nituen ia zerbitzu guztiak jarraitzen zuten erabilgarri bi atal nagusi ezik: alpha bertsio berri hau ingelesez bakarrik erabil zitekeen eta aurrekoarekin erabiltzen nituen gehigarri gehienak ez ziren bateragarriak 2.0 bertsioarekin. Tira, Firefoxen aukera berriak probatzearen ondorioz ordaindu beharreko bidesaria bezala hartu nuen.

Baina atzo, duela gutxi kaleratutako Beta 1 bertsioa instalatzera nihoala albiste honekin egin nuen topo. Bertan 1.5ean instalatutako gehigarriak 2.0n erabilgarriak bihurtzen dituen Nightly Tester Tools izeneko beste gehigarri baten inguruko informazioa ematen zen. Honen bitartez, gehigarriak aktibatzea oso erraza da; lehenik gehigarria hemendik jaitsi, instalatu eta Firefox berrabiarazi. Ondoren, “Tresnak” (Tools) menura jo eta “Gehigarriak” (Add-ons) azpimenuan klik egin. Jarraian irekitzen den leihotxoan botoi berri bat ikusiko duzu “Make all compatible” izenekoa. Botoi hau sakatu eta nabigatzailea berrabiarazi. Listo!

Poztu nintzen ikusi nuenean aspaldi erabili gabeko nire gehigarri guztiak hortxe nituela, betiko moduan, nire nabigatzaile faboritoari, berriro ere, balio erantsia gehitzeko prest. Nola demontre lortzen duen gehigarri honek bere helburua ideiarik ez, baina unetxo batez probatu ondoren, primeran zebiltzatela egiaztatu nuen. Eta zeintzuk dira nik erabiltzen ditudan gehigarria horiek?. Hona hemen zerrendatxoa:

Web Developer bezalako tresna bat berriro ere erabiltzeko aukera izatea gozada bat da. Programazio munduan ideiarik ez duen norbaitentzat tresna paregabea da web diseinuan lehen urratsak eman nahi baditu. Halere, zerrendan dauden guztien artean Google Browser Sync zen bereziki probatu nahi nuena, orain arte erabiltzeko aukerarik ez baitut izan. Gehigarri honek zure Firefoxen konfigurazioa orokorraren kopia bat bidaltzen du Googlek dituen zerbitzarietara: gehigarriak, gogokoak, hasiera orriak, azken saioan irekirik utzitako azken erlaitzak… Saioa amaitzen denean, dena jasota geratzen da. Horrela, gehigarria bera duen beste edozein ekipo batean Firefox irekitzen baduzu, nabigatzailea abiatzerakoan gordetako informazioa jasotzen du, nabigatzailearen konfigurazioaren klon bat kargatzen duelarik.

Hasiera batean interesgarria zirudien arren, buruari emanez hainbat eragozpen ikusten nituen. Gehiagarri honek ez du ezertarako balio ordenagailuak Firefoxik ez badu edota, nabigatzailea erabiltzeko aukera egonik, Google Browser Sync hori bera instalatuta ez badauka (horixe da, adibidez, HikHasiko ikastaroan gertatu zitzaiguna). Beraz, nola erabili Google Browser Sync?

HikHasiko ikastaroa: balorazioa

Gaur egin du astebete, Magic eta biok HIKHASIk antolatutako topaketen inguruko ikastaroari hasiera eman genionetik. Tartean izan ditugun eginkizunak izan direla eta, balorazioa egiteko astirik ez dugu izan. Beraz, hona hemen hiru egunetan bizitakoaren inguruko hausnarketa.

Lehenik eta behin esan biontzat esperientzia berria izan dela. Sekulan horrelakoetan aritu gabe, eta lehen ahaleginean Web 2.0 eta blogen inguruko ikastaroa eskaini behar hamabost ordutan! Nola laburbildu gai honen inguruan azken urte luze honetan jaso dugun guztia?. Eta zailagoa dena oraindik, nola demontre antolatu bost orduko hiru saio horiek, argitu beharreko kontzeptu guztiak zabaltzerakoan, ikasleen “espantada” gerta ez dadin? Ez da batere erraza izan gu bezalako hasiberri batzuentzat Hemen duzue, hiru egunetan bizitakoaren kronika laburra.

IKTeroak irakasle!

 VII: Hik Hasi Udako Topaketa PedagogikoakBai, eta zer? Badakigu IKTroak irakasleak direla pentsatuko du batek baino gehiagok. Bai, baina oraingo honetan betiko ikasleak oporretan lasai utzi eta irakasleen irakasle bihurtuko gara. Hobeto esanda, bihurtuko dira magic eta jolaus. Gure bi IKTero saltseroek Hik Hasik antolatutako uda ikastaroetako baten ardura eramango dute, Blogak irakaskuntzan deiturikoarena hain zuzen ere.

Donostiako informatika fakultatean burutuko den irakastaldia 15 ordukoa izango da (gaur hasita ostegunera arte) eta ondorengoak izango dira helburu nagusiak:

Aspaldi honetan web 2.0 izenpean interneten gertatzen ari diren aldaketen berri jasotzen ari gara hedabideetan. Kontzeptu honen definizioa ikuspegi askotatik enfoka daitekeen arren, ikastaro honetan irakaskuntzari begira web 2.0 delakoak lekarkeenaren inguruko azterketa egingo dugu, mugimendu berri honen buruan blogak kokatuko genituzkeelarik.

Blogak sortu, erabili, kudeatu eta edukiaz hornitzen ikastea litzateke ikastaro honen helburuetako bat; bestea, eta agian garrantzitsuena, gure eguneroko jardunean tresna horien aplikazio desberdinak aztertu eta gogoeta egitea.

Ez dira txantxetakoak, egia esan, ordu batzuetan lortu nahi dituztenak baina kutsatzen duten gogoa eta duten prestakuntza aintzat harturik, ziur nago ez direla helburu horietatik oso urrun ibiliko.

Baina gatozen harira. Zer da ikasleek gaur ikasiko dutena?

  • Zer da web 2.0. Zer eragin du mugimendu berri honek irakaskuntzan?
  • Edukien sindikazioa. RSS jarioak eta Bloglines
  • Blog bilatzaileak. Technorati.
  • Folksonomiak. Del.icio.us
  • Blogak. Zer dira.
  • Blogak sortzeko aplikazio desberdinak azaldu.
  • Blog bat sortu eta kudeatu.
  • Artikuluak argitaratu.

Egitarau osoa ikusteko, klikatu hemen.

Amaitzeko, zorterik onena opatu nahi diet nire lankide eta lagunei; ikastolan, ikasturte amaieran izan ohi den moduan, galtzak bete lan ibili ondoren, gogor eta gogoz eutsi baitiote ikastaroaren prestaketari!