SMSak dohain !!!

Idatzi hau, bereziki, ikasleei zuzenduta dagoen arren, irakasleok ere zukua ateratzen asmatuko dugu.

Gaur, nire jarioak irakurtzen ari nintzela Misobitácoran sartu eta Agent SMS doako zerbitzuari buruzko informazioa aurkitu dut. Berehala ekin diot erregistratzeari eta zerbitzua probatzeari. Dagoeneko, hiru mezu bidali ditut eta ongi funtzionatzen duela ematen du. Hori bai, hartzaileak ez daki mezua nork bidali dion (bidaltzaile bezala 1000 zenbakia agertzen baita) beraz, mezuaren amaieran zuen izena jartzea aholkatzen dizuet.

Doako zerbitzu honek, normala den lez, bere mugak ditu eta erabiltzen hasi aurretik ezagutzea komeni da. Hasteko, erabiltzaile bakoitzak ezingo du hilean 32 eta egunean 5 mezu baino gehiago bidali, hori bai, bost mezu horiek hartzaile ezberdinei bidali beharko dizkiezu, ezin baita egun batean hartzaile bakoitzari mezu bat baino gehiago bidali. Bestalde, txertatzen duten propaganda ez da gehiegizkoa eta onartzeko modukoa iruditzen zait. Bukatzeko, mezu bakoitzean 129 ikur, hutsuneak barne, idatz ditzakegu.

Beste zerbitzuen bila aritu naiz eta egon badaude, baina froga batzuk egin ondoren, ez dut lortu inongo mezurik bidaltzea. Ezagutzen baduzu beste zerbitzuren bat, arren esaguzu!!!

Euskal Blogosfera

Aspaldi honetan, asko irakurtzen ari gara Euskal Blogosferari buruz, honen hedapenaz, bilakaeraz, blogen kokapenaz… Nik uste dut guri buruz gehiegi hitz egiten ari garela eta gure zilborrari begira jartzeak ez digula inongo mesederik egiten.

Luistxo Fernandezek Sustatun eginiko iruzkinak garbi uzten du gauzak muturreraino eramateak eta nahasteak ez duela batere laguntzen. Artikulu hori irakurrita, sinesgaitz egiten zait Luistxok egiten duen hainbat adierazpen.

Urrats inportantea da, nire iritziz, Telezaborraren jarioa Ya.com eta Deutsche Telekomeko atzaparretatik libre edukitzea.

Google-Bloggerren edo multinazional baten eskuetan gure eguneroko gomutak biltzen? eta zeuretarako gorde nahi dituzuen, non dago, JAITSI DENA botoia?

Gatibu geratzen da edukia halako blog sistema baten mendean bagaude. Ez, autodeterminazioa blogisten edukietan. Blogistak dira, gara, jabeak.

Nik ez dut uste blog bat Blogger bezalako gune batean kokatzeak gatibu bihurtzen zaituenik. Nik uste dut doako zerbitzu eroso bat eskaintzen dutela eta jende askorentzat blog bat argitaratzeko biderik errazena. Horrek alde txarrak dituela? Jakina. Baina, zergatik alde txar horiei begira jarri? Zergatik ez dugu esaten zerbitzu horiei esker euskal blogari berri batzuk sortu direla? Guk ere gisa horretako gune batean, Blogsomen, kokatu dugu gure blog hau eta bere mugak ederki asko ezagutzen ditugun arren, eskertzeko hitzak besterik ez dugu irlandar zerbitzu honentzat. Gure ikasleak ere hasi dira zerbitzu hori erabiltzen eta poliki-poliki gure ikastolako “komunitate txikia” sortzen ari da. Hau guztia, guretzat, gisa honetako zerbitzuak egongo ez balira, ezinezkoa litzateke gure baliabide ekonomikoak oso mugatuak baitira.

Horregatik, Joxe Aranzabalek Gizakom-en idatzitako artikuluarekin ados nago. Egin dezagun gisa horretako euskal zerbitzu bat eta ikusiko dugu gure blogosferaren egoera nola hobetzen den.

NumSum, Writely-ren filosofiaren atzetik

Orain dela egun batzuk Writely, online-eko testu prozesadorearen berri ematen bagenizuen, oraingo honetan NumSum kalkulu orriaren berri eman nahi dizuegu. Oraindik beta fasean dagoen web aplikazio honek kalkulu orri sinpleak lortzeko aukera eskaintzen du. Nahi izanez gero beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera ere ematen du. Horrelako aplikazioekin poliki-poliki errealitate bat bihurtzen ari da Web 2.0 proiektua.

Genbetan irakurria.

Eguneraketa: Enrique Dans-en blogean jasotzen dut ZDNet-en blogean argitaratutako artikulu baten berri. Bertan Microsoft Office-en ordezkoak izan daitezkeen web aplikazioen zerrenda bat aurki dezakezue: bertan aipatzen dira Writely, NumSum, FCKEditor (jakinstein-en edizioan erabiltzen dudan pluginaren oinarria), ThinkFree