KLIK eta KLIK

Egun hauetan, sarean lehiaketa moduko jolas bat zabaltzen ari da. Nork egiten duen KLIK gehiago 10 segundotan. Hortxe dabiltza denak nerbioetatik jota saguari eraginez eta nik, nola ez, ez nuen atzean gelditu nahi. Nire Logitech txikia hartuta, probak egiten hasi eta berehala ohartu nintzen oso ongi moldatzen nintzela, oso erraz gainditzen bainuen 90eko muga. Besoa nekatuta, aparkatuta utzi nuen, baina beste blogarien emaitzak ikusita, nire erregistroaren ebidentzia jaso nahi izan dut eta gaur berriro klikatzeari ekin diot . Harrigarria izan da bigarren ahaleginean, lortu dudan erregistroa: 117 klik.

Hori lortzeko, egin dudana izan da klik egiteko teknika aldatu. Ez dakit gogoan izango ote duzuen garai bateko Atletismoari buruzko joko bat (ni Ordiziako taberna bateko makina batean aritzen nintzen eta zin dagizuet nahiko pattal moldatzen nintzela. Jolaus eta besteak askoz hobeak ziren.). 100 metroko froga eta luzera jauzian marka onak lortzeko teknika berezi bat garatu genuen eta horixe izan da erabili dudana, hain zuzen. Hatz potoloa eta erakuslea elkartuta jarri eta bigarrenaren azkazalarekin eragin.

Nik, Ander, Asier, Lander, Gonzalo, Jolaus… eta nahi duen edonori desafioa botatzen diet. Ea Play Station-arekin igarotako denborak zerbaitetarako balio dizuen.

Eguneraketa: saguarekin daukazuen trebetasuna neurtzeko beste joku bat hemen (Flashen egina).

Bertendona digitala

Bertendonako irakasleak berriro. Orain “Tizako martxa” delako ibilbidearen hasiera dela eta, hedabide guztietan protagonismoa berreskuratu dute. Ezin dut ulertu zerbitzu publikoen aldeko jarrera azaltzen duten sindikatu eta alderdi politiko batzuen jarrera. Nola eman diezaiekete euren babesa baliabide publikoak (ez nolanahikoak, gainera) xahutu dituzten irakasle hauei? Baliabide publikoekin dena baliagarria al da? Hiritarrok eta gure ordezkaritza duten agintariek ezikusiarena egin behar al dugu?

Nik uste dut, behingoagatik, administrazioak, azaldutako jarrerarekin, baliabide publikoen erabilera zuzena sustatzeko pausu garrantzitsu bat eman duela. Hala ere, ez dut uste eremu guztietan berdin jokatzen duenik. Izan ere, Teknologia Berrien inguruan administrazio desberdinak izugarrizko ahalegin ekonomikoa egiten ari diren bitartean, ikastetxe guztien erantzuna ez da behar bezalakoa izaten ari.

Premia bezalako diru laguntzen bitartez, ikastetxe askoren azpiegitura goitik behera berritu eta egungo beharretara egokitu dira. Formazioan (PDF) egiten ari den ahalegina ez da txantxa. Bestalde, 2001ean hainbat konpromiso hartu zituzten ikastetxe batzuk “pilotuak” izendatu zituzten. Hauek, orduz geroztik, IKT dinamizatzaile batentzat lanaldi erdiaren diru laguntza jasotzeaz gain, ikastetxe horren azpiegituraren mantenurako ere laguntza jasotzen dute. Hau da, ikastetxe horietako bakoitzak azken urteotan 100.000 € baino gehiago jaso du.

Nolako jarraipena egiten zaie ikastetxe horiei? Nik oso garbi daukat pilotu horietako batzuek ez dutela ia ezertxo ere bete. Nola liteke orain bost urte eginikoak inongo berrikuspenik ez izatea? Benetan ahalegintzen ari diren beste ikastetxeak eta garai hartan sartu ez zirenak, zergatik ez daude multzo horretan? Edo, zergatik ez dute sartzeko aukerarik? Hau ez al da Bertendonako irakasleek egin dutenaren pareko beste adibide bat?

Nire iritziz, baliabide publikoen erabilera egokia egiten dela bermatzeko neurriak hartzea beharrezkoa da. Eta Bertendonako irakasleekin eginikoari bidezkoa deritzodan bezala, IKTen inguruan dauden diru laguntzekin beste horrenbeste egin beharko luketelakoan nago. Horrela, ez litzateke gertatuko Ordiziako Jakintza Ikastola bezalako ikastetxeekin gertatzen ari dena: pilotuak diren askoren aurretik egon arren, inongo aukerarik ez dute diru sarrera horiek jasotzeko eta egiten duten guztia ikastetxearen bizkar edo irakasle “ero” batzuen borondatean gelditzen da.

Honek garrasi ozena izan nahi du behar den tokian eta dagokion arduradunak entzun eta aldatu beharrekoa alda dezan/dezaten. Badakit ez naizela neutrala iritzi hori emateko, baina zer demontre!!! Epelkeriak alde batera utzita, gauzak diren bezala esateko garaia heldu dela uste dut. Guk, kontrol neurriei ez diegu inongo beldurrik eta gustura azalduko genuke gure ikastolak egiten duena, zalantza izpirik ez baitut talde pilotuan sartuko gintuztela.

Arbel digitalaren erabilera gelan

Badira, honez gero, egun dezente irakaskuntzarekin zuzenean erlazionaturiko bidalketa bat argitaratzen ez dugula leku honetan. Garaia da, beraz, irakasleontzat bereziki interesgarriak izan daitezkeen albisteen berri emateko.

Nora Aznar-en “Escuela y TIC” blogean arbel digitalaren erabileraren inguruko artikulu interesgarri bat irakurri berri dut. Artikulu honetan arbel digitalaren definizio zehatza emateaz gain (ez dakit irakasleok garbi dugun zein den arbel digital eta arbel interaktiboaren arteko desberdintasuna) web interesgarri baten helbide bat ematen du. Bere izena La Pizarra Digital da eta bertan baliabide honen inguruko informazio ugari aurki dezakezue: arbel digitalaren erabileraren inguruan egindako ikerketa azaltzen dirak, proiektu desberdinen berri ematen da eta dokumentazio eta baliabide ugari eskaintzen dira.

Askotan, irakasleon artean komentatzen dugu ez dela nahikoa izaten gure ikastetxeak baliabide materialez hornitzea, baizik eta, askotan gure irakasleei oinarrizko prestakuntza teknikoa eskaini behar diegula, baliabideen aplikazio errealen ereduak eman behar dizkiegula horrelako tresnekin trebatzen joateko.  Hori da, hain zuzen, ere webgune honetan topa dezakezuena.

Etxe desberdinetako arbel digitalen zerrenda bat ere konsulta daiteke orriaren amaieran. Hauen artean ezagunenak SMART eta 3M etxeetakoak direla iruditzen zait. Etxe desberdinetako modeloak aztertu ondoren, Interwrite etxeak aurrekoek eskaintzen ez duten, eta benetan gustatu zaidan,  produktu bat  saltzen du.  Arbel interaktiboaz gain aukera ematen du bluetooth konexioaren bitartez honekin harremanetan jartzen diren arbel txikiak erabiltzeko. Ikasleek arbeltxo hauek erabiliz (wmv bideoa) aukera dute beraien mahaietatik mugitu gabe, arbel nagusian azaltzen zaienarekin interakzionatzeko.Ideia interesgarria benetan.

Bukatzeko, aipatu behar da produktu hauen prezioak asko merketu direla azken urteotan. Agian garaia da horrelako arbel bat gure ikastolara ekartzeko. Ondo pentsatu beharko dugu.

Ahots mezuak e-postaz

Interneten beste zerbitzu berri bat aurkitu dugu eta interesgarria iruditu zaigunez, hementxe doakizue horren inguruko aipamen laburra.

Zerbitzu honen inguruko aipamena doscero-n aurkitu dugu eta esan beharreko lehenengo gauza alpha fasean dagoela da. Hala eta guztiz ere, funtzionamendua oso ona da. Slawesome izeneko zerbitzu hau Web 2.0 bezala ezagutzen dugunaren ingurumarian kokatu beharko dugu. Aipatzekoa da bere interfazea, oso erraza baita. Flash-en eginiko grabagailua aktibatu beharra dago eta, agian, hori izan daiteke aurkituko dugun zailtasunik handiena. Grabatutako mezuak nahi duzun posta helbidera bidaltzeko aukera esakintzen du eta, horrekin batera, idazteko aukera ere agertzen da. Mezuak, defektuz, pribatu gisa gordetzen ditu, baina, nahi izanez gero, publikoan jar daitezke. Gainera, mezu horiek (publikoak) XML bidez partekatzeko aukera eskaintzen du.

Adibide bat hemen entzun dezakezue (barkatu nire atrebentzia)

PANDORA

Lehengo astean PANDORA ezagutu nuen, hobeto esanda, pandoraren kutxa ireki nuen. Baina, lasai, ez naiz mitologiaz hitz egiten ari, ez ziren bertatik gizakiontzat zoritxar guztiak atera, ez, nik hautatutako musika eta estiloko hainbat abeslari ezezagun atera zen bertatik! Baina gatozen harira.
Pandora Music Genome Project-ek sortutako sareko musika zerbitzu bat dugu. Hainbat musikari eta musikazalek sortutako eskaintza originala dugu berau, 10.000 artista baino gehiagoko abestien sailkapenean datza beraien ideiaren originaltasuna. Hau da, azken urteotan 10.000 (azkar esaten da) abeslari baino gehiagoren abestiak analizatu eta banan-banan sailkatzen joan dira ezaugarri mordo baten baitan (melodia, harmonia, erritmoa, instrumentazioa, moldaketak, kantuen hitzak…).

Together we set out to capture the essence of music at the most fundamental level. We ended up assembling literally hundreds of musical attributes or “genes” into a very large Music Genome. Taken together these genes capture the unique and magical musical identity of a song – everything from melody, harmony and rhythm, to instrumentation, orchestration, arrangement, lyrics, and of course the rich world of singing and vocal harmony. It’s not about what a band looks like, or what genre they supposedly belong to, or about who buys their records – it’s about what each individual song sounds like.

Denok dakigu sarean toki mordo batean aurki dezakegula gure gustuko musika baina zein berrikuntza dakarkigu Pandorak? Bada, gure gustukoa izan daitekeen musika ezagutzera ematen digula. Nola? Kutxa ireki eta create a new station-i emanda. Hemen, zuk nahi duzun abeslaria edo abestiaren izena sartu eta berehala sortuko dizu sail bat abeslari edo abesti horren ezaugarriak dituzten beste kantari batzuekin. Jartzen dizun abestia zure gustukoa ez bada, adierazi dezakezu eta beste bat eskaintzen dizu segituan eta, gehiago zehazten zoazen heinean (hau bai, beste hori ez) zure nahietatik hurbilago daude (nirekin, behintzat, ez dute luze jo asmatzeko entzun nahi nuena…). Hori gutxi balitz, musika mota edo arlo ezberdineko sailak sortzeko aukera ere badago (100era arte!). Okerrena da, ordaindu beharreko zerbitzua dela nahiz eta lehenengo 10 orduak dohain izan. Urte osoko erabilerak 36 euro balio du; dena den, beste aukera bat lau hilabeterako alta ematea da 12 euro ordainduta. Hori bai, nik hasteko, proba egitea aholkatzen dizuet, 10 orduk ere artista ezberdin ugari ezagutzeko parada ematen du eta… gero gerokoak!

Eseri, une batez utzi egin beharrekoak alde batera eta goza ezazu musikaz…