Giza Zientziak eta IKTak

Eduteka, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan IKTen inplementazioaz arduratzen de webgune kolonbiar interesgarri bat da. Bertan, IKTen eta arlo kurrikular desberdinen arteko uztarketa gauzatu ahal izateko ideia, proiektu, baliabide… desberdinen aurkezpena egiten da.

Oraingo honetan Giza Zientzien txanda da. Baliabide ugari topa daitezke: mapak, webquest-ak, helbide interesgarriak… Hauetako batzuen artean EducaHistoria web ataria topa daiteke. Interesgarria dirudi.

Jakintzako IKTerook lanpeturik

Ikasturte amaiera gogorra, ia beti bezala, izaten ari da IKTeroak egiten dugunontzat. Saltsero izateari ezin utzi eta ikastolako lan askotan parte hartzen dugunez, azken egunotan buru-belarri gabiltza lan horiek amaitu nahian, hori dela eta, gure mezuen erritmoa moteldu egin da.

Nolanahi ere, ez dakit “engantxatu” ez ote naizen. Gaur, egun osoa ikastolako ordenagailu baten aurrean lanean igaro ondoren, etxera iritsi orduko ohartu naiz bi egun idatzi gabe egon naizela eta post hau idazteari ekin diot (zalantzarik gabe, EFQM memoria idaztea baino errazagoa da) nire burua lasaitu nahirik edo.

Datorren astean, lan horiek amaitu eta berehala, hurrengo ikasturteko proiektuak prestatzen hasiko gara. Horrekin ere nahikoa lan izango dugu eta ahaleginduko gara proiektu horien inguruko informazioa hemen argitaratzen zuekin konpartitzeko.

Internet Explorer: Firefox-ek ezarritako ereduaren atzetik

Internet Explorer-ek Firefox eta Opera bezalako nabigatzaileek aspalditik duten ezaugarri bat inplementatuko du hemendik aurrera: aukera izango dugu leiho bakar batean orri bat baino gehiago irekita edukitzeko. Horretarako nahikoa izango da MSN Search Toolbar aplikazioaren ingelesezko azken bertsioa instalatuta izatea.

Jakitera eman da, baita ere, Internet Explorer 7 bertsioak RSS bitarteko sindikaziorako euskarria eskainiko duela laister.

Microsoftek garbi utzi du, berriro ere, zer den hobekien egiten dakiena; merkatuan sortzen diren azken aurrerapenen plagio lotsagabea. Norbaitek ezagutzen al du Microsoft-ek sorturiko aplikazio propiorik?. MS-DOS sistema eragilea “sortu” :? : zutenetik hona, ba al da merkatuan etxe honek kaleratutako proiektu propiorik?

Matematikako ariketak egiteko laguntza on-line

Duela egun batzuk irakurri nuen hiru.com-en Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailordetzan lanean dihardutela Hiru.com atariak etorkizunean izango duen zerbitzuetako bat prestatzen: herritarrentzako (guraso zein ikasle) on-line laguntza. Bertan azaltzen dute labur-labur adierazten saiatuko naizen laguntza honen nondik norakoa.
Gauza da, hasieran matematika eta gero beste ikasgai batzuk ikasteko on-line laguntza pertsonalizatua eskainiko dietela DBH 3 eta 4ko ikasleei.

Hiru.com atari honen bitartez sartuko da erabiltzailea zerbitzu honetan. Ikasleek ikastetxean jasoko duten pasahitza izango dute eskura, eta huraxe erabiliko dute baliabide honetara sartzeko. Lehen begiratuan, ordura arte gehien kontsultatu diren gaiak eta argitutako zalantzak ikusiko ditu. Horietan ez badu erantzunik aurkitzen, txat bidez jo ahal izango du tutoreengana, zalantza pertsonalki argitzeko. Audio eta teklatuaren bidez, arbel digital konpartitua izango dute ikasleak eta tutoreak, eta horrela egingo dute aurrera.

Ez da, ez , ideia txarra ikasleek hain gustuko duten ordenagailuaren bidez beraien zalantzak argitzeko aukera izatea! Horrela, etxerako lanak egiterakoan, laguntza jasotzeaz gain, informazioa lortzeko beste iturri batera jotzeko gaitasuna garatuko dute (oso baliagarria gerta dakiekeen gaitasuna, gainera!). Beraz, ekimen hau gertutik jarraituko dugu, ea lehenbailehen martxan jarri eta beste ikasgaietara zabaltzen den!

ADSL eskaintza berriak datozen egunetan

Orain dela egun batzuk jakin genuen ofizialki Telefonicak bere ADSL konexioen abiadurak bikoiztuko dituela datozen egunetan, igotze-tasa maximoa 8 mbps-koa izatera helduko delarik. Bikoizketa hau era progresiboan egingo omen da uztailaren 26tik aurrera, Euskal Herrian iraila inguruan izango ditugularik opertibo linea berriak. Aurreko bikoizketan ez bezala, oraingoan jaitsiera tasa bikoizteaz gain igotzekoak ere handituko dira baina bikoitzak izatera iritsi gabe. Kalitatezko bideokonferentziak gauzatu ahl izateko nahikoa izango ote da?. Ikusiko dugu.

Bestalde, atzo jakin genuen estatuko beste operadore batek, Jazztel-ek hain zuzen ere, igotze tasa maximoa 20 mbps-taraino igoko duela datorren urrian. Honekin batera ADSL bitarteko telebista digitaleko zerbitzua urte bukaerarako eskaintzeko asmoa ere azaldu dute. Zerbitzu honekin Telefonikako Imagenio zerbitzuari konpetentzia zuzena egiteko asmoa du.