WordPress blogak egiteko tresna euskaratua

Sustatun irakurri berri dut WordPress blogak egiteko softwarearen euskarazko lokalizazioa prest dagoela eta horren berri eman nahi izan dut lehenbailehen. Magic eta Jolausi entzunda, banekien hemendik gutxira prest egongo zela, baina ez nuen uste hain azkar erabiltzeko moduan egongo zenik eta, hurrengo ikasturtera begira blog bat martxan jartzen ari naizenez, asteburu osoa pasa dut, beste gauza batzuen artean, blog horren atalak itzultzen!! Nahiz eta hemendik aurrera blogak egiteko tresna euskaraz egon, espero dut pasatako ordu guztiak zerbaitetarako balio izango zutela, besterik ez bada blogaren erraiak hobeto ezagutzeko…
Bestalde, aipatutako artikuluan esaten da balitekeela produktu euskaldun hau UEUko Iruñeako ikastaroetan Patxi Gaztelumendik blogintzari buruz eman behar duen zikloan aurkeztea (nahiz eta oraingoz blog horiek ingeleseko interfazearekin eginak dauden), eta hori bai ondo legokeela; izan ere, nik atzo bertan eman bainuen izena UEUk antolatutako ikastaro horretan.
Beraz, berri onak ditugu euskara eta teknologia batzen saiatzen ari garenok!! Informazio gehiago nahi izanez gero (nork egin duen, erabili den itzultzailea, non lor daitekeen…), bertara jotzea besterik ez duzue. Nik, nire aldetik, ikastarotik ateratzen ditudan aprendizaiak zuekin partekatuko ditudala zin dagizuet. Hori bai, pixka bat itxaron beharko duzue berau uztailaren amaieran delako… Non scholae sed vitae discimus.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.