TV online

Aspalditik nenbilen mezu hau argitaratzeko asmoz, baina arrazoi ezberdinak direla medio, atzeratzen joan da eta, urtero legez, telebista kate gehienek udako programazio nazkagarri batekin zigortzen gaituztenez, hau idazteko garaia heldu dela pentsatzen dut. Nik uste dut telebista kate guztiek udako programazioarena propio egiten dutela urte osoan zehar eskaintzen digutena horren txarra ez dela pentsarazteko.

Bada, zuek ere horrekin nazkatuta bazaudete, jarraian aipatuko ditugun baliabideak erabiliz, gutxienez, aukera zabalagoa izango duzue telebista ikusteko. Baina ezin dizuet ziurtatu bilatzen duzuen telebista mota topatuko duzuenik. tristura

Hasi baino lehen, bideoak edo pelikulak eskaintzen dituzten zerbitzuak aipatu gabe utziko ditut. Beraz, telebista kate arruntak ikusteko aukera eskaintzen duten doako zerbitzuak eta aplikazioak azalduko ditut, soilik.

Telebista online, aplikaziorik gabe

Jarraian, aipatuko ditugun guneetan, zuzen-zuzenean telebista kate ezberdinak ikusi ahal izango ditugu inongo aplikaziorik instalatu gabe. Ohiko pluginak instalatuta izanez gero, nahikoa litzateke.

  • wwiTV: zerbitzu honetan, telebista online eta grabatutako bideo kate mordoa topatuko dugu. 2500 baino gehiago omen dira. Zerbitzu hau erabili ahal izateko ezinbestekoak dira Real Player eta Windows Media Player pluginak instalatuta izatea. Kateak irizpide ezberdinen arabera (lurraldeka, gaika, Tv streaming, bideoak eta pelikulak…) antolatuta daudenez, oso erraz irits gaitezke nahi dugun katea ikustera. Interfazea bost hizkuntzatan dago, horietako bat gaztelania. Hauxe da niri gehien gustatzen zaidana, nahiz eta diseinuan lan handia egin beharko luketen.
  • Freetube: hemen, kateak gaika antolatuta daude eta ez du aukerarik ematen pantaila osoan ikusteko. Bi neurri eskaintzen ditu eta handiena jartzerakoan, irudiak deformatu egiten ditu. Zerbitzu honek ez du ematen oso egonkorra denik eta irudia sarritan galdu egiten da. Interfaze guztia ingelesez dago. Arestian aipatutako pluginaz gain, hemen ere komeni da Quicktime eta Flash instalatuta izatea.
  • Channelchooser: nahiz eta pantaila osoan ikusteko botoia duen, ez du uzten edo ez du ongi funtzionatzen. Kate guztiak gaika antolatuta daude eta Windows Media Player beharrezkoa da. Hainbat kate ikusi ahal izateko Quicktime ere beharrezkoa da.
  • StreamTivi: hemen, zailena orientatzea izan daiteke. Izan ere, bilaketak egiteko eta finkatu beharreko irizpideak zehazteko, esteka txiki bat besterik ez dago eta gune honek duen interfazearekin zaila egiten da aurkitzen. Defektuz agertzen den kate zerrendaren gainean “Show/hide more settings” jartzen du eta bertan klikatuz, aukera izango dugu irizpideak finkatzeko. Aipagarriena, beharbada, telebista kateak ez ezik, irratiak ere entzun daitezkeela, nahiz eta nik sekula lortu ez dudan.
  • TVgratis: Espainiako gune honek lurraldeka antolatzen ditu kate guztiak. Kalitateari dagokionez, ez zait iruditzen hoberena denik. Kate bat hautatzerakoan, leiho pop-up batean azaltzen da ikusi nahi den katea. Arazoak pantaila osoan ikusteko.
  • Live Online TV: beste gune bat lurraldeka nahiz gaika antolatuta.
  • JumpTV: leku nahiko ona, baina eskaintzen dituen kate guztiak ez dira doakoak.
  • Streamick: kate gutxi eskaintzen ditu, baina ikusten direnak nahiko ongi ikusten dira.
  • TVBistro: eskaintzen dituen kateak hizkuntzen arabera sailkatuta daude.
  • ChannelKing: 230 kate baino gehiago. Hala ere, ez zait iruditzen oso ongi funtzionatzen duenik. Frogatzen dudan bakoitzean arazoak ematen dizki eta.
  • Choose and Watch: 300 kate baino gehiago. Ikusi ditudan guztiak oso kalitate handian ikusi ahal izan ditut. Hori bai, Windows Media Player ezinbestekoa da.
  • SeeTV: ia 1300 kate kalitate nahiko onarekin, baina antolakuntza lurraldeka bakarrik eginda. Honek, ikusi nahi dugun katera iristea zaildu egiten du.
  • TViki: honek ere kate ugari eskaintzen du lurraldeka eta gaika antolatuta. Nolanahi ere, hainbat kate ikusteko garaian, arazoak besterik ez ditu ematen.
  • TVTuga: Portugaleko gune honetan ikusten dudan arazorik handiena da ez duela aukerarik ematen pantaila osoan ikusteko. Horretarako, botoi bat duen arren, niri ez dit funtzionatzen. Bestela, kalitate nahiko ona eskaintzen du.

Aplikazioa behar dutenak

Jarraian aipatuko ditudan zerbitzuek zuzeneko emisioak eskaintzen dituztenetatik aterata daude. Izenburuak dioen bezala, zerbitzu horiek erabili ahal izateko, aplikazio bat jaitsi beharko duzu.

  • JLC’s Internet TV: windowserako balio duen aplikazio hau jaitsiz gero, 1400 kate baino gehiago izango dituzu zure esku. Kateak baloratzeko, berriak proposatzeko, gogokoen zerrenda osatzeko… aukera ematen digu. Kalitateari dagokionez, nahiko kaskarra iruditzen zait niri. Baina Popular TV noizbehinka ikusteak ez du preziorik. keinu
  • Zattoo: plataforma ezberdinetarako sorturiko aplikazio honek zure lurraldea detektatu eta automatikoki lurralde horretako kateak eta beste gutxi batzuk instalatzen dizkizu. Nobedaderik handiena, zalantzarik gabe, beste inon topa ezin diren “La Sexta” edo “Teledeporte” bezalako kateak ikusgai jartzen dituela. Lastima beste lurraldeetako kateak gehitzeko aukera ematen ez duenik.
  • TVUnetworks: honek nahiko kalitate ona eskaintzen du, baina bertan ikus daitezkeen kate gehienak Txinatarrak dira. Orain, Ingelesez dauden kate gehiago sartu dituzte. P2PTV aplikazio bat da.
  • SopCast: aplikazio hau ere P2PTV aplikazioen multzoan sartuta dago eta, beharbada, hedatuena da. Batez ere, asko erabiltzen da Futboleko partiduak zuzenean ikusteko. Hau ere, plataforma anitzekoa da. Beste ezaugarri interesgarri bat da zure gunean sartzeko kodea ematen duela.
  • PPLive: beste P2PTV aplikazio txinatar bat. Aurten, Errealako partidu bat ikusteko jaitsi behar izan nuen eta nahiko ongi ikusi nuen. Zoritxarrez, ikusi beharrekoa ez zen oso erakargarria.
  • TVAnts: beste P2pTV aplikazio txinatar bat gehiago. Kate mordoa ikusgai eta nahiko erabilia kirol ezberdinetako partiduak ikusteko. Bere gunean dena txineraz idatzita dagoenez, jaisteko esteka jarriko dizuet webgune horretan ez galtzeko: jaitsi
  • PPStream: azkeneko aplikazioen antzekoa.
  • PeerCast: beste guztien antzekoa, baina honek plataforma guztietan funtzionatzen du.

Azken aplikazio hauen arrakastarik handiena futbolarekin etorri da. Izan ere, Asiako telebista kateek eskaintzen dituzten partiduak (Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Italia, Alemania, Argentinako… txapelketak gehi selekzioetako partiduak), aplikazio hauen bitartez, gure ordenagailuetan ikus ditzakegu. Iazko ligan, Errealaren posizioa zela medio oso gutxitan ematen zuten ( Barça edo Madrilen aurka denean, ziurtatuta dago). Horregatik, aukeran, nahiago nuen Xabi Alonso eta gure bizilaguna den Pako Aiestaranen Liverpooleko partiduak ikustea.

Partiduen ordutegiak eta beharrezko aplikazioa zein zen jakiteko gehien erabiltzen nuen gunea Rojadirecta izan zen, baina hauek ere erabil daitezke: TVFutbol eta TVMix.

Baina ezazue pentsa bakarrik futbola ikusteko balio duenik, beste kirol mordoa ere ikus daiteke eta pelikulak, serieak, marrazki bizidunak…

Beno, uda honetan aspertuta bazaudete, ez didazue ukatuko denbora pasatzeko aukera zabala eskaini es dizuedanik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.