The Third Teacher: “ergonomia pedagogikoa” eta oinarrizko konpetentziak

Ekainean, Aniztasun Curricularreko taldearekin lan egiteko egin nuen eskaerak onespena jasotzearekin batera jakin nuen ere zein izango zen gure gela hurrengo bi ikasturtetarako. Ikaskuntza prozesua gertatzen den ingurune fisikoaren ezaugarriak dira askotan irakasleon aldetik arreta gutxien jasotzen dutenak. Egia da, baita ere, irakasleok burutzen dugun metodologiak dituen ezaugarrien arabera, ohiko espazio fisikoaren antolaketak ez zertan aldaketa gehiegirik behar: irakasleak bere azalpenak aurrez-aurre eserita dauden ikasleei transmititu eta hauek, azalpen horietatik jaso dutena paper zuri batean idatzita jasotzeko, ez da behar egun ditugun gelentzat alternatibarik. Gehiago oraindik, egungo eraikin eta gelen antolaketa metodologia horrentzat espreski diseinatuta daude.

Lan estilo berrietarako espazio fisikoaren berrantolaketak duen garrantziaz aspaldian jabetu ziren enpresa munduan. Baina eskolan oraindik garatzeke dagoen alderdi garrantzitsuenetako bat da. Onartu behar dut nik neuk garrantzi gehiegi ematen ez nion esparru bat zela duela urte batzurarte. Baina Mikeli behin eta berriro entzuten nion kontu honetaz hitz egiten. Aspalditik erabiltzen du berakĀ “ergonomia pedagogikoaren” kontzeptua. Urte batzuk darama Mikel espazioaren berrantolaketak duen garrantziaz ingurukoak kontzientziatu nahian. Eta garbi badago ere marabilak ezin direla egin berrogei urte inguru dituen eraikin zahar batean, Mikelek ekimen interesgarriak ipini ditu martxan arlo honetan. Duela urte pare bat, ikasleekin elkarlanean gauzatutako proiektu batekin, gelaren diseinua goitik behera aldatu zuen, lau pareten arteko eremua atseginagoa eta funtzionalagoa bihurtuz. Hasiera batean etapako irakasle askok horrelakoen beharrik ikusten ez bazuten ere, proiektuarekin amaitutakoan emaitza nolakoa zen ikusita, denek eskatu zuten euren gelak ere Mikelena bezalakoa diseinatzea. Horixe izaten da aitzindarien patua! šŸ˜‰

Dizipulu aurreratu bat bezala, nik ere MikelenĀ hitzei kasu egin eta espazioaren berrantolaketa eta egokitzapen pedagogikoari jarraipena egiten hasi nintzen. Urte batzuk daramat “ikaskuntza espazioen” inguruan informazioa bildu eta aztertzen. Horrelaxe izan nuen Maria Montessoriren edota Loris Malaguzziren berri. Hauen ekarpenetan oinarrituta dago estatu anglosaxoietan geroz eta indar gehiago izaten ari denĀ The Third TeacherĀ mugimendua:

http://www.youtube.com/watch?v=pZsL7l0Qrl4

Urruti, oso urruti gaude oraindik eskolen espazio fisikoa beste modu batean antolatzetik. Egia esan, espazioen iraultza ez da etorriko iraultza metodologiko erreal bat gertatu arte. Eskolak bere funtzioa birdefinitzen duen eta ikaskuntza metodologiak birplanteatzen diren bitartean, bada egun ditugun espazio fisikoen berrantolaketa bat egiteko aukera. Izan beharko litzatekeena ez bada ere, aurrerapauso txikiak eman daitezke behintzat.

Horrela, goran aipatutako Mikelen ideiari jarraituz, nik ere aurten esleitu zaigun gelari “ukitu berezi” bat emateko erabakia hartu dut. Aldaketa oso sinpleak izan dira baina burutzen ari garen lanketa baldintza egokiagoetan gertatzeko aukera eman digute. Aurrera eramandako aldaketa gehienak azpiko bideoan inspiratuta daude:

Gelako antolaketa berria helburu nagusi biren mesedean planteatu nuen:

  • Gela lanerako espazio atsegina izatea. Bertan egotea eta norberak bere lanak egitea esperientzia atsegina izatea bilatu nahi da. Horrela, ikasleei aukera eman diet espazio fisikoaren pertsonalizazioan kolaboratzeko, paretetan margotzeko edo beste edozein proposamen aurrera eramateko.
  • Lanerako estrategia didaktiko desberdinak bultzatzeko, hauetako bakoitzaren ezaugarri propio eta bereizgarriei hobekien erantzuteko, zona edo gune desberdinak bereiztea. Esan bezala, 30 metro karratura heltzen ez den gela batean ezin da miraririk egin baina gauzatxo batzuk alda daitezke.

Helburu horien mesedean, hauexek dira aurtengo ikasturtean egin diren moldaketa eta ezarpen berriak:

    Bakarkako lanketa
    Bakarkako lanketa

  • BAKARKAKO LANKETARAKO TXOKOA: ikaskuntza kooperatiboa bultzatzea lehentasun nagusietako bat bada ere, ukaezina da ere hainbat unetan ikasle bakoitzak zeregin pertsonalak izango dituela, irakaslearen eskutik zuzenean jasoko dituenak kasu batzuetan, irakaslearen laguntzarekin burutu beharko dituenak bestetan edota bere taldean duen rolaren arabera jorratu beharko dituenak gehienetan. Lanketa honetarako ikasle bakoitzak bere mahai propioa du, bere materialak bertan uzteko ohiko pupitrea. Mahaien banaketak ohiko eredu tradizionalarekin puskatu nahi du: “U” moduan ipini ditugu, modu honetan talde kohesio sendotu eta familiarteko giroa lortzea bilatzen delarik. Dena den, mahaien kokapena librea da eta burutu nahi dugun metodologiaren arabera, lekuz mugitu daitezke. Une honetan, adibidez, mahaia guztiak hiru multzotan banatuta ditugu, burutzen ari garen proiektuakeskatzen duen moduan.Espazio honetan egiten den lan-motaren arabera, esan daiteke bertan garatzen den Oinarrizko Konpetentzia nagusia “Egiten eta ekiten ikasi” dela.
  • Taldeko lanketa
    Taldeko lanketa
  • TALDEKO LANKETARAKO TXOKOA:hauxe izan daiteke gela arruntekin alderatuta gureak duen desberdintasun nagusienetako bat. Benetako talde-lana gauzatu nahi badugu, lanketa hori erraztuko duen espazio bat izatea beharrezkoa da. Taldea ez da handia (bederatzi ikaslez osatuta dago), beraz, IKT gelan nituen bi mahaia handi igo nituen, elkarren ondoan ipini eta hortxe genuen talde osoa biltzeko behar genuen mahai zabala.Eremu honetan aurrera eramaten ditugun ekintzetako batzuk hauek dira:
    • Egitura kooperatiboak: kooperazioa bultzatzen duten jarduera mota bereziak. Orain arte burutu ditugunak 124, Arkatza Erdira, Round Table edo 635 estrukturak izan dira.
    • Erabakiak hartu: iritzi trukaketa, eztabaida, kontsentsuak bilatu…
    • Espazio beharra duten ekoizpenak gauzatu: atazaren amaiera faserako zehaztutako ekoizpen batzuk (poster eta infografiak, mosaikoak, eskulanak…) mahai handian egite eskatzen dute.
    • Tutoretza saioak: talde osoari zuzendutako saioak izaten dira.

    Bertan burutzen ditugun ekintza gehienak “Elkarrekin bizitzen ikasi” eta “Komunikatzen ikasi” konpetentzien garapenarekin erlazionatuta daude.

  • Panifikatzeko txokoa
    Panifikatzeko txokoa
  • PLANIFIKAZIO ETA HAUSNARKETARAKO TXOKOA: ikaskuntza kooperatiboari lotuta eta metodologia aktiboen esparruan, hauxe izan daiteke atalik garrantzitsuena, izan ere, prozesu hauen bitartez ikasleek euren ikaskuntzaren gaineko ardura nagusia hartzen dute, banakako nahiz taldeko ezagutzaren autorregulazioaren arduradun bihurtzen dira. Eta baliteke hauxe izatea ikasleei konplikatuen egiten zaien zereginetako bat, ez hainbeste gaitasun faltagatik, ohitura falta baizik. Dena mamituta eta bideratuta jasotzen dute ohiko klaseetan eta ondorioz, planifikazio eta hausnarketarako aukera gehiegirik ez zaizkie eskaintzen. Prozesu hauek bultzatu eta garatzeko hausnarketa eta eztabaida eraginkorrerako espazioa beharrezkoa da (guk mahai handian egiten dugu) baina hori ez da nahikoa. Beharrezkoak dira prozesu horietan sortuko diren ideiak, proposamenak, zereginak, arriskuak, aukerak… jasotzeko eta elkarren artean modu grafiko batean erlazionatzeko bitartekoak. Gelako paretak dira egokienak horretarako. Horietako bat azulejoz estalita daukagu; Velleda errotulagailuekin primeran idatz daiteke hauen gainean. Bestea, goitik behera inprimazio berezi batekin estaltzea erabaki nuen uztailan. Margoak Ideapaintdu izena eta edozein gainazal Velleda zuri batean bihurtzen du (pareta, mahai, zutabe…) Probatzeko pote bakarra eskatu nuen eta honekin 6 metro karratuko arbel zuri erraldoi batean bihurtu nuen gelako pareta bat.Eta zertarako erabiltzen ditugu bi pareta hauek?
    • Ideia jasa edota 635 bezalako tekniken euskarri grafiko moduan
    • Mapa-kontzeptualak guztion artean eraikitzeko
    • Zereginen zerrendatzea eta arduren banaketak azaltzeko
    • Zereginentzat zehaztutako egutegiaren zirriborroa egiteko
    • Ikasbidaiarako jartzen ari garen diruaren jarraipena egiteko šŸ˜‰

    Ohiko arbel berde zaharrarekin batera, bi paretak erabiltzen ditugunean metakognizio prozesuen euskarri bezala, “Ikasten eta Pentsatzen ikasi” oinarrizko konpetentzia da nagusiki garatzen ari garena.

  • Multimedia txokoa
    Multimedia txokoa
  • MULTIMEDIA TXOKOA: duela urte asko gure gela infogela txiki bat zen. Gela kanaletaz josita dago eta sare kable puntu pilo bat ditugu ikasleek erabiltzen dituzten ordenagailu eramangarriei lotzeko. Estetiko polita ez bada ere lurrean hainbeste sare kable botata izateak, oso oso praktikoa da eguneroko lanerako. Baina hori ez zela nahikoa uste nuen. Ekoizpen digitalak sortu eta, era berean, taldean ikusi eta entzuteko txoko berezi bat behar genuela uste nuen. Horrela gelaren izkin batean, taldeko lanerako txokoaren parean, leku apropos bat genuen gailu digitalez hornitutako txoko bat atontzeko. Esan eta egin. Internetera konexioa duen 46 hazbeteko LCD telebista haundi bat (orain duen prezioa baino dezente merkeagoa, portzierto) ipini genuen, aspaldi erositako USB mikro baterantsi non, nire etxean neukan kanpoko disko gogor bat konektatu genion eta orain nire eramangarria erabiltzen ari bagara ere ekoizpen digitalak sortu eta telebistatik ikusteko, asmoa da datorren urterako sistema honi falta zaion ordenagailua eranstea. Ez daukagu leku gehiegirik lanerako, bi edo hiru ikaslek egin dezakete lan bakarrik txoko honetan baina orain arte, ditugun beharretarako nahikoa eta soberan daukagu.Txoko honetan burutzen ditugun zereginetako batzuk hauexek dira:
    • Bideo, audio eta irudien edizioa
    • GDocs, aurkezpenak eta infografiak ekoiztu eta talde osoari azaldu
    • Aplikazio eta web baliabide desberdinen funtzionamendua aztertu eta hauekin praktikatu.
    • Albisteak kontsultatu eta YouTubeko bideoak ikusi
    • Pelikulak ikusi (bai horretarako ere aukera izaten dugu)
    • Musika entzun (ikasleek asko eskertzen duten zerbait, lanean murgilduta daudenean)

    Asko dira garatzen ditugun konpetentziak txoko honetan baina, zalantzarik gabe, “Konpetentzia digitala” da nagusiki jorratzen duguna bertan.

Gustatuko litzaidake irakurketa eta solaserako txoko bat ere prestatzeko aukera izatea (Mikelek puff batzuk jartzea animatu zidan), jakinarazpenen txokoa prestatzea (berez, panela orokor bat badaukagu, ez naiz ohitzen behar bezala erabiltzea)… eta beste batzuk aurrera eramatea baina azkenaldi honetan beste gauza batzuk ditut buruan; gela ikaskuntza espazio bezala egun daukan garrantzia kendu eta ikaskuntza prozesua ikastolako nahiz herriko beste esparru batzuetara zabaldu. Hortxe hurrengo urtetarako erronka.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.