Irakaskuntza, langabezia eta sormena

Jaso berri dut nire postontzian Javier Martinez Aldanondoren “La vida es una sucesión de cubos de rubik” izenburuko azkeneko newsletter-a (OHARRA: webean argitaratutako artikulua eta posta elektronikora bidalitakoa ez dira oso-osorik berdinak) Oraingo honetan langabezia eta honek ezagutzaren kudeaketarekin duen harremanaren inguruan dihardu. Beti bezala gauza interesgarri asko aipatzen ditu bere ohiko mezu luze honetan. Laburtzearren, batetik langile bat langabezian geratzea, honek egoera berrietara egokitzeko, ezagutza beharrak modu autonomoan kudeatzeko duen gabeziarekin erlazionatuta dagoela aipatzen du. Bestetik, gazteek lan mundura lehendabizikoz sartzerakoan dituzten trabak eta hauen jatorriaren inguruan hausnartzen du. Azken kasu honetan “jakitearen” eta “egiten jakitearen” artean dagoen desberdintasuna aipatzen du arrazoi nagusi bezala, alegia, eskolak eta unibertsitateak ez dituzte gazteak ondo prestatzen gaur egungo lan-munduak dituen eskakizunetara.

Norberak egin dezala Martinez Aldanondoren idatziaren balorazioa. Niri atentzioa deitu didana da langabezian geratzeko ikusten dituen bi argumentazio horiek irakaskuntzan ez dutela inongo justifikziorik. Alegia, irakaskuntzari lotutako lan esparruaren baldintzak enpresen errealitatetik urrun dago eta kezkatzen nauena da ea hor ote dagoen irakaskuntzaren berrikuntza faltaren gako nagusienetako bat. Ea esplikatzen naizen hobeto.

Berak aipatzen duen bigarren egoera (gazteak lan-mundura sartzeko dituzten trabak) irakaskuntzan ez da arazo. Gurean, irakasle izan nahi duen gazte batek duen trabarik handiena denboarena da. Daukan akreditazio ofizialetik harago (bakoitzak ikusi dezala zenbateko balioa ematen dion horri), dakiena edo egiten dakienak ez du aparteko baliorik. Gurean zerbaitek balioa badauka hori pazientzia da. Izan ere, gazte batek badaki irakasle zerrenda ofizialetan izena ematen duenetik lan baldintza duinak izan arte denbora asko pasa beharko dela. Denbora tarte hori nola edo hala igarotzeko aukera badauka, irakasle izatea ez da arazoa izango.

Bitarte horretan, ez zaizkio dakienaren inguruko egiaztapenik eskatuko (oposaketak gainditzea da froga bakarra eta horri normalean irakasle lanetan urte dezente pasa ondoren etortzen da) Zorte pixka batekin, ikasle zeneko eskola ereduarekin jarraitzearekin nahikoa izango du, testu-liburu baten laguntzaz eta tarteka-tarteka froga idatziak pasatuz. Erraz uler daiteke goi-mailako ikasketak bukatu berri dituen gazte orok arazorik gabe burutu dezakeela zeregin hori. Dakiena garrantzia gehiegirik ez badu, are gutxiago eskatuko zaio egiten dakiena demostratzeko. Hobe gainera, gehiengo batek jarraitzen duen errutina berarekin jarraitzen badu berak ere. Eta autonomiaz jokatzen badu, egiten dakiena praktikan ipini nahi badu, ojo! Hori guztia zentralizatuta doa, administrazioak (gure ugazabak) erabakiko du zeintzu berrikuntza ezarri beharko dituen bere lanean baita horiek aurrera eramateko izango dituen baliabide eta bitarteko guztiak. Testuinguru honetan, Aldanondok aipatzen duen ezagutzaren kudeaketa, formazio ordu ofizialetatik baina haratago ez da heltzen. Eta formazio honen emankortasuna baloratzea, ikasitakoarekin zer egiteko gai izan garen, administrazioak oraindik ez du erabaki nola egin. Beraz, etorkizunerako inbertsio hau ezerezean geratzen bada, ez harritu.

Aldanondok aipatzen duen lehen planteamenduari buruz, bestalde, gurean oso garbi dago: edo irakasle zara edo ez zara, punto. Langabeziak ez dauka zentzurik, ez behintzat behartutako langabeziarik (beste kontu bat da, eskainitako lan bati uko egiteagatik egotea langabezian). Une honetan bizitzen ari garen krisi garai gogorra pasatuta ere soldatak izoztuko dira (jaitsi ere egingo dira, baliteke), oposaketak bertan behera utziko dira lan egonkortasuna izatea zailagoa bihurtuz… edozer egingo da langileak langabezian utzi baino lehen. Halako kataklismo bat ez bada gertatzen (Grezian izandakoaren antzera) irakasleok gure lanpostua galtzeko arriskurik ez daukagu. Eta halakorik gertatuko balitz, ziur nago lanik gabe geratzeko arrazoi nagusiena ez zirela izango Aldanondok ematen dituen argumentuak. Aintzinatasuna, liberazio sindikalak, bestelako karguak… bezalako arrazoiak guztien gainetik egongo liratekeela ziur nago.

Jarraitu aurretik argitu nahiko nuke aurreko planteamenduak sare publikoa eta kontzertatuan erabat berdinak ez badira ere, “a grosso modo” bat datoz kasu gehienetan. Ikastoletan eta ezagutzen ditudan bestelako eskola kontzertatuetan irizpideak arlo honetan ez dira oso desberdinak.

Asko sinplifikatuta, Martinez Aldanondok esaten duena da langabezian egotea egoera berrien aurrean arrakastatsu ateratzeko izan dezakegun gaitasun faltarekin lotuta dagoela. Eta nik, planteamendu horri buelta eman, eta gurera ekarriz, zera planteatzen dut: irakaskuntzan daukagun lanaren egonkortasuna ez al da eskolak ezagutzaren gizarte berrira egokitzeko daukan gaitasun faltaren eragileetako bat?

Bere posta bitarteko mezuan horrela amaitzen du (webguneko bertsioan ez da agertzen):

En otras ocasiones he insistido en que podemos considerar a una persona inteligente cuando saca partido de lo que sabe e incorpora lo que no sabe. La innovación empieza por uno mismo. No puedes vivir del pasado. Si no innovas en tu conocimiento, si te conformas con lo que sabes, rápidamente te estancas, silenciosamente te empiezas a depreciar hasta que caducas. Por eso es importante invertir tiempo y esfuerzo en aprender, en crear y generar nuevo conocimiento antes de que el tuyo ya no valga nada.

Ezagutzaren berrikuntzarik gabe, zeregin profesionalean estankatuta, goi-mailako ikasketetatik ikasita dakargunarekin ibilbide profesional osorako nahikoa dela pentsatuta, ohikotasunean ezarrita… gure lan-baldintzetan eraginik ez badu, nola demontre garatuko dira konpromisoa eta inplikazioa langileen artean, nola bultzatuko dira jarrera proaktiboak, nola ekarri eta zabalduko dugu sorkuntza eta berrikuntza klima bat gure lanbidera? Irakasleok kexu izaten gara askotan ikasleak motibazio intrintsekorik gabe datozela eskolara eta horregatik, bestelako neurriekin bilatu behar izaten dugula motibazio hori (motibazio estrintsekoa, alegia). Ikasleekin gertatzen den bezala, badira motibazio intrintsekoarekin lanera datozen irakasle asko, eta ez bat edo bi. Interneten gertatutako eztanda sozialaren ondoren, batzuk motibazio hori hezkuntza sistematik kanpo aurkitu dute. Eta motibatuak ez daudenekin, Aldanondok aipatzen duen moduan, garai berrietara egokitzeko nahia/gogoa/gaitasuna ez dutenekin, ba al dago motibazio estrintsekoa bilatzeko aukerarik? Lan-baldintzak zer esaqn izan dezakete kontu honetan? Hortxe uzten dut.

Amaitzeko hausnarketarako kontutxo bat botatzen dut. Izpiritu berritzaile eta sortzaileaz ari garela, aurrekoan pertsona sortzaileen hamabi ezaugarri deskribatzen dituen artikulu bat irakurri nuen. Nire familian, nire ikastolan eta beste zentroetan lan egiten duten irakasle lagunen zerrenda egin nuen. Banan-bana joan nintzen, gainetik bada ere, aurreko zerrendan agertzen diren ezaugarrien arabera aztertzen. Ondorioa? Ba horien arabera ez dira asko irakasle sortzaile bezala kontsideratu ditzakedanak. Baina kezkarekin geratu naiz, horietako batzuk, beste lanbideren batean arituta ez ote lirateke askoz ere sortzaileagoak izango orain direnak baino.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.