Tailerrak 2.0

Tailerrak 2.0Irailean Artelekun ospatutako EH 2.0 jardunaldiei jarraipen bat eman nahian, antolatzaileek uda honetan tailer ezberdinak antolatzea erabaki dute Euskal Herriko txoko ezberdinetan.

Ikasturte hasieran lokalizazioa eta internazionalizazioa izan baziren hizpide, oraingoan hitzak alde batera utzi eta praktikari heltzea erabaki da. Uztailaren hirugarren astean, beraz, Internet, tresna berriak, wikiak, blogak eta beste hainbat web 2.0 baliabide praktikan ikasteko aukera izango du interesa duen edonork. Helburua web 2.0 tresnak eta filosofia dohain Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da eta horregatik ez da mugarik egongo. Hau da, nahi adina ikastarotan parte har daiteke (bakar batean nahiz guztietan) eta egin beharreko gauza bakarra tailerren wikian izena ematea da.

Helburu horretan guk ere lagundu nahi izan dugu eta hortxe izango gara uztailaren 21ean, Gasteizko Saregunen, Blogak eta web 2.0 tailerrean. Hementxe duzue egitarau osoa:

  • Wikipedia. Uztailaren 16an, Arrasaten. Arduraduna: Arkaitz Zubiaga.
  • Ubuntu/software librea. Uztailaren 18an, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Arduradunak: Sergio Peña eta Ibon Castilla.
  • Podcasting/irratigintza. Uztailaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian. Arduraduna: Jabi Zabala.
  • Blogak/web 2.0. Uztailaren 21ean, Gasteizko Saregunen. Arduradunak: Maite Goñi eta Gorka Julio.
  • Bideogintza. Irailean, Iruñean.

Tailerrak 2.0 herritar guztiengana heldu nahi duen ekimen ireki bat da. Tailerrak, beraz, parte-hartzaileak izango dira, antolaketatik hasi eta aurrerantzean egin beharreko zereginetan ere. Gauzak horrela, jendeak tailer gehiago (eman eta jasotzeko) proposatu ahal izango ditu, guztion artean erakutsi zein ikasteko.

Wikian topa dezakezue tailer ezberdinei buruzko informazio guztia. Anima zaitezte, bada, zuen ekarpenak egitera, zer edo zertan laguntzera edo jakin-mina duzuen gaian izen ematera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.