Sari gehiago

Sariaren oroigarria

Lasai, ez digute beste saririk eman. Orain gu gara sariak banatzen hasiko garenak; izan ere, orain arte sekula banatu ez diren sariak hemen banatu nahi baititugu.

Sarien inguruan ohikoak dira eztabaida hauek: merezia-ez merezia, hark edo besteak meritu handiagoa zuen, bazen garaia… Baina inoiz ez dut ikusi beste motako iruzkinik. Hau da, sariak emateko ahalmena izanez gero, nori emango genioke sari bat? Bada, nik ariketa hori egin dut Sareko Argia Saria irabazi eta gero.

Jarraian, nik gustura banatuko nituzkeen sarien zerrenda eta sari bakoitzaren argumentazioa:

  • Euskararen alde eginiko lanarengatik:
  • Nafarroako Gobernua: Nafarroako hiritar guztien hizkuntz eskakizunekiko erakusten duen begiruneagatik eta “D” ereduaren alde eginiko apustu irmoarengatik.

    Nominatuak: Bertendonako irakasleak Guztiok ordaintzen ditugun zergak xahutu gabe EGA titulua atera eta Euskararen aldeko konpromiso publikoa hartu dutelako.

  • Ezagutza guztion esku jartzearen alde eginikoarengatik:
  • Eusko Jaurlaritza: Berak bultzatu eta sustatzen dituen proiektuetan ekoiztutako eduki guztiei Copyright kendu eta libreak utzi baititu. Dagoeneko, Hiru.comeko eduki guztiak Euskal Wikipediaren esku jarri dituzte.

    Nominatuak: Euskal Herriko Unibertsitatea: Gizartearekiko duen konpromisoa betetze-aldera, abian jarri dituen proiektu kolaboratibo eta irekiekin Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren abangoardia bilakatu delako.

  • Informazio eta Komunikazio Teknologia Berrien alde eginikoarengatik:
  • Administrazio publiko guztiak: Internet etxe guztietara iristeko eginiko ahalegin handia eta software librearen alde apustu nabarmena egin dutelako.

    Nominatuak: Zerbitzu publikoa eskaintzen duten erakunde guztiak: Herritar guztiok euren zerbitzuetara oztoporik gabe irits gaitezen, irisgarritasuna aintzat hartu dutelako, baita euren web orrietan ere.

  • Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatea sortzeko eginiko lanarengatik:
  • Euskal Herriko Unibertsitatea: Dagokion erantzukizuna bere gain hartuz, hezkuntzaren inguruan diharduten sektore guztiak batu eta proiektu berritzaileak, guztion partaidetza sustatuz, abian jarri dituelako.

    Nominatuak: Sare Publikoa, Sare Pribatua eta Ikastolak: Norberaren interesetatik haratago joanez eta Euskal Herriko interesak lehenetsiz, Euskal Curriculuma adostu eta aurrera eraman dutelako.

Honela luze jarrai nezakeen arren, gure aurrekontuak ez du gehiagorako ematen. Zoritxarrez, sari hauek birtualak izatetik errealak izatera pasatzeko, susmoa dut denbora asko itxaron beharko dugula. Bitartean, jarrai dezagun fikzioarekin jolastuz eta zuen sari proposamenen zain gelditzen gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.