TCP/IP zer?

Gure inguruko informatikoek eta sareetako arduradunek sarritan isilarazten digute euren jargoi ulertezin horrekin:

“Dena ongi dago, bakarrik firwall-ek proxy baten eraginez TCP protokoloa hautsi eta router-a berrabiarazi egin da. Ping bat egin dut eta pakete guztiak ongi iristen dira firewall-eraino. Beraz, dena konponduta.”

Horren aurrean, hobe ez erantzutea, ezta? Bada, El caparazon-en ikusi dudan bideo honekin, hobeto ulertuko dugu esaten diguten hori guztia. Guri adarra jotzen jarraituko dute?

Azken egunak EGAko azterketarako eta beste

ega52 egun baino ez dira falta hurrengo 2009ko EGAko lehenengo deialdi irekirako, eta dagoeneko matrikula egiteko epea zabalik dago. Are gehiago, mugitzen ez bazarete, deialdiaz baliatzeko aukera galtzeko arrisku bizian ikusten zaituztet; izan ere, epea ostiralarekin batera, hilak 23, amaituko baita. Gauzak horrela, lagungarriak gerta dakizkizuekeen hainbat helbide eskura ipintzea otu zait, handik eta hemendik informazioaren atzetik denborarik gal ez dezazuen. Hona, bada, bururatu zaizkidanak:

Gipuzkoako Kirolak saria Jakintza ikastolarentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, Jakintza ikastola izan da eskola kirola garatzeko orduan, gehien nabarmendu den ikastetxea amaitzear dagoen 2008ko urte honetan. Azken urte hauetan asko izan dira ikastolako kirol batzordean parte hartu duten kideak; horien guztien lanari esker jaso du gure ikastolak sari garrantzitsu hau. Lerro hauen bitartez gure ikastolako ikasleak zoriondu nahiko nituzke, txiki-txikitatik kirola egitearen aldeko jarrera hain garbia adierazteagatik; gure ikastolako gurasoak, kirola egitearen kultura euren seme-alabeei transmititzeaz gain, kirol formakuntzan ere parte hartzeagatik. Aipamen berezia ikastolako mendi irteerak antolatzen dituen guraso taldearentzat; ikaragarria da burutzen ari diren lana. Martxan duten bloga ikustea besterik ez dago egiten ari diren lanaren dimentsioa ulertzeko. Zorionak, zuena ere bada sariaren zati bat eta!

Irakasle asko izan dira ere, modu batera edo bestera kirolaren sustapenean euren laguntza eskaini dutenak. Zeregin honetan norbait nabarmendu beharko bagenu, hori Arantza De Juan irakaslea da. Urte piloa darama ikastolako kirol batzordeko arduradun nagusi bezala eta sari hau bere lanaren errekonozimendu publikoa suposatzen du. Lan eskerga Arantzak (eta bere famili osoak) burutzen duena, egun batean bai eta bestean ere bai, ikastolako ikasle guztiek kirola praktika dezaten. Zorionak Arantza! Zurea da sari honen atzean dagoen merezimendurik handiena. Eskerrak ematen dizkizut ikastolarekiko adierazten duzun konpromiso eta egiten duzun lanarengatik. Mila esker!

Hementxe dituzue atzo bertan ateratako argazkien diaporama. Ea gustukoak dituzuen!

Ebaluazio Diagnostikoaren lehen item liberatuak eskuragai

Ebaluazio diagnostikoa

Eusko Jaurlaritzaren babesa duen Ebaluazio Diagnostiko izeneko gunean, LHko 4. mailarako lau item eta DBHko 2. mailarako beste lau argitaratu dituzte dagoeneko. Zalantzarik gabe eredu hauek oso baliagarriak suertatuko zaizkigu irakasleoi, gure ikasleei egingo zaizkien kanpo ebaluazio frogen inguruko pistak biltzen joateko.

Ebaluazio diagnostikoa zer den jakin nahi duenarentzat, hementxe ipintzen dizuet aurrean aipatutako webgunean bertan aurkitu daitekeen pdf dokumentu batetan honi buruz esaten dena:

Ikastetxeen hobekuntzarako balio duen ebaluazio prozesua da; Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasle guztiek oinarrizko konpetentziak noraino garatu dituzten neurtzen du. Ebaluazioa proba eta testuinguruko galdera-sorta ezberdinek osatzen dute. Proba eta galdera-sortak berdinak dira ikasle guztientzat eta irizpide estandarizatuekin ezarriko dira diru publikoaz finantzatutako ikastetxe guztietan. Ebaluazioak nahiko informazio objektiboa eskainiko dio ikastetxe bakoitzari bere egoerari buruz. Informazio hori irakasleei, ikasleen familiei eta oro har hezkuntza sistema osoari helaraziko zaie. Informazio horrek, ikastetxe barneko datuekin osaturik, hobekuntza-prozesuak abian jartzeko aukera eskainiko du.