Flubaroo, galdetegi edo formularioen zuzenketa automatikoa burutzen duen scripta

Onartu behar dut ez naizela ni test moduko galdetegiak ebaluazio tresna bezala erabiltzearen oso aldekoa. Galderetan oinarritutako jarduera bat diseinatu behar badut nahiago izaten dut galdera irekietan oinarritutako zerbait prestatzea, ahal bada, erantzun posible anitzak onartzen dituzten galderak. Zuzenketek lan gehiago suposatzen dutela garbi dago baina ikaslearen gaitasunak askoz hobe islatzen dira mota honetako galdetegiekin.

Dena den, onartzen dut, hainbat egoera konkretuetan (une puntual eta ikasle jakinekin, ez modu sistematiko batean, IKASYSekin gertatzen den bezala) horrelako galdetegiek aplikazio interesgarriak izan ditzaketela, talde berri batekin lehenengoz topatu eta halako aurreebaluazio moduko bat egin nahi dugunean, adibidez. Taldearen diagnostiko azkar eta sinple bat egin nahi badugu ondo etor daiteke horrelako frogatxo bat diseinatzea.

IKASYSen koska moduko bat prestatzea aukera bat litzateke. Bertan daukagun galdera bateria zabaletik sorta bat esleitu eta ikasleak galdetegiaren aurrean ipintzea izan daiteke aukera interesgarri bat. Edozein arrazoirengatik prestatu nahi dugun galdetegia zerbait pertsonalizatuagoa izatea nahi badugu (diseinatutako sekuentzia baten ataza zehatz eta konkretu baten aurrean ikasleek dituzten aurreezagutzak aztertzea) agian nahiago dugu gure galdera bateria propioa prestatzea. horretarako Google Docs-era joan gaitezke, adibidez, eta bertan gure galdetegi pertsonalizatua diseinatu. Google-en tresna potente honekin dagoeneko lanean aritu dena badaki zeinen sinplea den galdera mota anitzeko formulario bat prestatu eta ikasleei helaraztea. Erantzun guztiak modu zentralizatu eta antolatu batean biltzen ditugu kalkulu orri batean gero. Nekeza izan daitekeena da, datuak bildu ondoren, erantzun guztiak banan-bana zuzendu behar izatea (IKASYSek modu automatikoan egiten duena, adibidez)

Bada arazo hori oso modu errazean konpon dezakegu Flubaroo izeneko script bat erabiliz gure kalkulu orrian. Galdetegiaren autozuzenketa oso modu sinplean burutzen da. Hauxe da prozesua labur-labur esplikatuta:

  1. Galdetegi pertsonalizatua diseinatu eta prestatu
  2. Formularioa banatu aurretik, guk geuk beteko dugu lehenengo aldiz formularioa, erantzun zuzen guztiekin.
  3. Formularioa banatu eta ikasleen erantzunen zain geratuko gara. guztiak bilduta geratuko dira kalkulu orrian, gureraren azpian.
  4. Zuzenketarekin hasteko Flubaroo script-a kargatu beharko dugu erantzunen kalkulu orrian: Insert>>Script>>Education>>Flubaroo
  5. Spreadsheet-en menuan Flubaroo izeneko aukera berri bat ikusiko dugu. “Grade Assigment” aukeratuko dugu. Zuzenketa automatikoarekin hasi baino lehen, galdera sinple batzuei erantzun beharko diegu, horien artean zein den erreferentziazko erantzun bezala hartuko dugun errenkada. Hortxe guk egindako lehen erantzuna hautatuko dugu.
  6. Flubarro-k emaitzak kalkulu orriaren eskuinean agertuko diren zutabeetan prestatuko ditu. Galdera bakoitzean “1” edo “0” ipiniko digu zuzena edo okerra den erantzun bakoitzarentzat. Datuen interpretazioa modu askotara egiteko aukera ematen du: galdera bakoitzean ikasleen %60a baina gehiagok gaizki erantzuten badu zutabea laranjaz agertuko zaigu, grafikoak eraiki ahal izango ditugu ikasle guztien erantzunak galderako nola joan diren azalduz, galdetegiaren eremu batean ikasleei euren posta helbidea idaztea eskatzen badiegu, emaitzak posta elektronikoz bidaltzeko aukera izango dugu… Niri behintzat oso tresna erabilgarria iruditu zait.

Azpian daukazue aurreko prozesua azaltzen duen bideoa:

Oso tresna interesgarria iruditu zait Flubaroo. Google Docs-ek irudi, audio, bideo edo beste edozein motatako elementuak galdetegian txertatzeko aukera ematen badu egunen batean, nik esango nuke IKASYS bezain potentea den tresna bat izango dugula eskuartean.

Mapa Mentalen oinarrizko ikastaroa

Konpetentzien garapena bilatu nahi duen sekuentzia didaktiko egoki baten diseinuan hasierako fasean kokatu beharko genuke “Pentsatzen eta Ikasten ikasi” konpetentziaren inguruko lanketa nagusia. Planifikazio fase horretan bereziki garrantzitsua da ikasleak eurak izatea euren ezagutzaren autorregulazioaren arduradun nagusiak. Horretarako teknika eta baliabide desberdinak erabil ditzakegu, mapa mentalak interesgarrienetakoak izanik.

Planifikazio fasearen deskribapen zehatzagoa aurreragorako utziko dut. Oraingoan Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamenduak argitaratu berri duen Mapa Mentalen inguruko webgunearen berri eman nahi dizuet bakarrik. Azpian daukazue intro moduan ipinitako bideoa:

Mapa Mentalen oinarrizko ikastaro sakon eta erakargarria aurkituko duzue, baliabide ugariz hornitua: bideo ugari, pdf formatuan argitaratutako eskuliburua, galdetegiak… Oso baliagarria iruditu zait gure lankideei aurkezteko baita gure ikasleekin gela barruan erabiltzeko ere.

Osagarri moduan Iñaki Calvok, duela urte batzuk, bere blogean argitaratu zuen artikulu hau ere uzten dizuet.

Hezkuntza eredu perfektuaren bila

Ba al dago hezkuntza eredu biribilik? Zenbateraino dira aplikagarriak kanpoko ereduak Euskal Herrian? Zer ulertzen dugu hezkuntza eredu arrakastatsuei buruz hitz egiten dugunean? Halako azterketa eredu konkretu batek botatzen dituen emaitzei buruz ari gara? Ikasle eta gurasoek antzematen dutenari buruz? Eta irakasleen asetzea?

Galdera horiek guztiak eta gehiago etorri zaizkit burura TV3k atzo botatako saio hau ikusi dudanean.

EEBBetako eskola publiko baten eredua azaltzen digute, alde batetik, eta dagoeneko hain ezaguna zaigun Finlandiako eredua (I, II, III eta IV) bestetik. Biak dira hezkuntza eredu publiko desberdin biren eredu eta, hala eta guztiz ere, sakonak dira bien arteko desberdintasunak. Zer ulertzen den kalitatezko hezkuntza eredu bezala lehenengo kasuan eta zer ulertzen den bigarrenean, garbi dago oso desberdina dela. Bideoan Sant Sadurni D’Anoiako Jacint Verdaguer eskola publikoko zuzendari eta irakasle talde bat ere ageri da. Azken hau, Kataluniako eskola sare publikoaren barnean erreferente bat dela kontsidera dateke, baita ere.

Hiru adibide horiek banan-bana aztertzen joango bagina ziurrenik jabetuko ginateke asko direla eskaintzen dituzten hezkuntza eredu propioen arteko aldeak. Baina hiruek badute zerbait komunean ere; hiruak dira erreferente bat eragiten duten gertuko inguru sozialetan (Finlandiako kasua, orokorrean hartuta, erreferentea mundu mailan). Eta erreferente bihurtu dira, hain zuzen ere, gai izan direlako eskola eredu propio bat eskaintzeko, gertuko errealitate sozialari erantzuteko irtenbideak modu autonomoan bilatzen ahalegindu direlako.

Nik ezagutzen dudan eskola ereduan mimetismoa, kanpoko ereduen birziklatzea eta “jakintsuen” esanak betetzea dira nagusi, batez ere, arlo pedagogikoari dagokionean. Bideoaren amaieran Gregorio Lurik aipatzen duen moduan, eskola eredu propio bat eraikitzeko eta eskaintzeko autonomia faltan botatzen dut. Erreferenteak diren horiek izan duten askatasuna, autonomia eta ausardia izatea nahiko nuke, nire gertuko errealitateak dituen beharrei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko. Kontu hauek ezinezkoak direla, utopikoak direla pentsatuko dute askok; jarrera horiek dira, hain zuzen ere, bide horretan aurrera egiteko dauden eragozpenik handienak.

Curriculuma, benetako ikaskuntza prozesuen kortsea ote da?

Benetan beharrezkoak dira gelako programazioak? Zenbateraino laguntzen du curriculum baten zehaztapenak gure ikasleen ikaskuntza prozesua benetakoa (autentikoa) eta esanguratsua izaten? Ikaskuntzaren sistematizazioa, ikaskuntza prozesua hain gauza konplexua izanik, benetan onuragarria da gure ikasleen ibilbide akademikoarentzat?

Galdera hauen eta antzekoen inguruan gabiltza bueltaka azkenaldian Mikel eta biok. Blog hau aspalditik jarraitzen baduzue pentsatuko duzue gutxi gorabehera biok antzeko iritzia daukagula gai hauei buruz. Uhmmmm, harritzeko bada ere, ez da guztiz horrela 😉 Tira, ez ditugu iritzi erabat kontrajarriak, ez ditugu muturretako ideiak defendatzen, esan daiteke gai hauen inguruan daukagun ikuspegi orokorra nahiko antzekoa dela baina hainbat puntutan iritzi kontrajarriak ditugu.

Aurrekoan aipatzen nuen bezala, denboralditxo bat daramat ikastolako irakasleentzat lagungarria izan daitekeen material bat prestatzen. Egia esanda, curriculumaren zehaztapen maila desberdinak eta hauen ezaugarriak, gelako programazioak eta sekuentzia didaktikoak nire lanbidearen alderdi astun, aspergarri eta, kasu gehienetan, denbora galerari lotutako zereginekin erlazionatu izan ditut. Halaxe da. Baina hori esanda, egia da ere, ikasleek nire ikastolan egingo duten bidai akademiko luzean, bidai horren iparra markatuko duen gida edo dokumentazio minimo bat beharrezkoa dela, iparra adierazteaz gain, bidaiari koherentzia eta zentzua ematen lagunduko diona. Dokumentazio horren ardatza gure ICPa izan behar duela uste dut eta irakasleok zehaztuko ditugun sekuentziak ardatz nagusi horren itzalean egon beharko direla uste dut. Garrantzizkotzat jotzen dut gure ICPa gurea izatea, ez izatea kanpotik eginda datorkigun “totxo” ulergaitz eta erabiltezin baten kopia&pega zuzen bat. Zerbait praktikoa izan behar du, irakasleentzat benetako tresna izango dena, erabilgarria eta denbora aurrezten lagunduko diona.

Tira, honaino uste dut Mikel eta biok nahiko ados gaudela. Kontua da, zenbateko zorroztasunez diseinatu behar dugun curriculuma eta aplikatu behar dugun gero, gelara sartzen garenean. Mikelek askotan aipatzen didan moduan berak planifikazio gutxiago eta akzio gehiago nahi du; ebaluatu, ebaluatu eta ebaluatu baina gero benetako ebaluazio prozesu batek eskatzen dituen hobekuntzak ikasleekin gela barruan eraman ez; inora eramaten ez duen burokrazia lana alde batera utzi eta benetan irakasleok egin behar dugun lanari gure arreta, energia eta denbora eskaintzea. Horrela zioen berak aurrekoan idatzi zuen bidalketa interesgarri honetan:

Horregatik, gainontzekoa (metodologia, baliabideak…) akzesorioa egin zaio. Berarentzat nahikoa izan da bere ikas prozesuaren jabea dela eta prozesu horretan “lagun” batzuk aldamenean izango dituela sentitzea. Eta horixe da hemen, gure hezkuntza sisteman, inoiz sentitu ez duena.

Horregatik, kezka bat datorkit burura; gure artean, bukaezinak diren gogoeta “sasipedagogikoetan” sartuta gabiltzan bitartean, gure ikasleek eskatzen digutena beste zerbait da. Sinpleagoa eta egingarriagoa.

Zertarako konplikatu horrenbeste? Zergatik horrenbeste eztabaida gure artean? Zergatik ez dugu entzuten ikasleen ahotsa?

Mikelen artikulua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendari ohiariredukzionista baino redukzionistagoa” iruditu bazitzaion ere (ondo daki, berak bai, zer den hori; entzutea besterik ez dago zenbat topiko tipiko erabili zituen sakontasun gehiago eskatzen zuen egoera baten aurrean), niri zer pentsatua eman zidan, irakaslea naizelako, alde batetik, eta fisikako irakaslea naizelako bestetik.

Gaur bertan Jordi Adellen artikulu berri bikain bat irakurtzerakoan (denbora luze batean bloga bakarrik utzi ondoren badirudi berriro hasi dela gogotsu, artikulu interesgarriak argitaratzen), berriro etorri zaizkit Mikelena irakurri ondoren izandako ideiak. Aro digitalerako diseinatutako sekuentzien ebaluazioari buruz idatzi du Adellek, konkretuki jarduera mota hauen ebaluazioa burutzeko matrize baten berri eman du. Honen inguruan luze eta sakon aritu ondoren, horrela amaitzen du bere artikulua:

Lo que si estoy seguro es que este debate es necesario: debemos hablar más sobre didáctica en la era de la información porque aquí está la clave de todo el invento. No se si las taxonomías son el camino adecuado. Por mi formación y mis maestros, me “crié” anti-taxonómico y anti-objetivos operativos expresados en términos de conducta (Pepe Gimeno fue mi maestro 🙂 ). Me dan miedo los estándares, y la ultra-programación rígida de actividades, porque en manos de los tontos uniformizan el aprendizaje, definiendo qué debe saber y saber hacer todo alumno en todo momento hasta el detalle más nimio, algo que es antinatural (ayer en Manresa, en la tercera jornada Espurna, me decía un amigo “¿Por qué tengo que esperar al año que viene para explicar los terremotos cuando mis alumnos quieren comprender ahora qué ha ocurrido en Japón y por qué?”).

Azken paragrafo hori irakurri ondoren galdera desberdinak etorri zaizkit burura: Zegatik dira beharrezkoak estandarrak edo helburu didaktikoak? Ez ote dira hauek, azken finean, ikaskuntzaren uniformizazioaren eragile nagusienak? Zenbateraino da beharrezkoa edukien mailakatze bat? Zergatik ezin dugu aurrera eraman ikasleek bizi duten uneko errealitatearen inguruan diseinatutako ikaskuntza prozesu bat?

Ez da Adell bakarra Mikelek botatako ideiekin bat egiten duena. Duela aste batzuk niretzat beste erreferente bat den Anibal De La Torrek, artikulu mamitsu baten amaieran, horrelako zerbait zioen:

Es verdad que el proceso educativo de una persona es extremadamente complejo y no debería dejarse en manos del azar, pero “el acto educativo” en sí, en un momento y lugar determinado es algo muy sencillo y personal que no deberíamos complicar más de lo preciso.

Mikel, Jordi eta Anibalen hitzen kontra egiteko argudiorik ez daukat, nire esperientzia profesionalean izandako bizipen askorekin bat egiten dutelako. Baina bestetik, ezin dut burutik kendu, oinarrizko planifikazio bat, oinarrizko helburuen zehaztapen minimo bat, oinarrizko eragite ardatzak definitzea… beharrezkoak direla. Gehiegi konplikatzen al gara curriculumaren diseinu eta gelako programazioekin? Noraino dira lagungarriak gure lanbidean (Mikelek dioen moduan “Irakasleak irakasten saiatzen gara”)? Zer leku daukagu ikastolan inprobisaziorako, curriculumak askotan suposatzen duen kortsetik askatzeko? Non dago oreka beharrezkoa den planifikazio eta irakaskuntza prozesuek suposatzen duten akzioaren artean?

Norbaitek pistarik eman dezake?

Prosumer-aren gainbehera

Aurrekoan komentatzen nuen sentsazioa daukadala, nahiz eta inoiz baino informazio iturri gehiago izan, nahiz eta inoiz baino askatasun gehiago izan informazioa sortu eta partekatzeko, ez ote gabiltzan sartuta halako burbuila informatibo batean non barruan bueltaka dabiltzan informazio pilulak ez ote diren guk uste duguna baina homogeneoagoak, uniformeagoak eta bideratuagoak.

Aipatzen nuen orduan ere sentsazioa nuela ohiko hedabide tradizionalak geroz eta indartsuago eta hobe kokatuagoak ikusten nituela interneten orokorrean, baina sare-sozialetan bereziki. Interneten gertatu zen hasierako eztanda sozial hark lekuz kanpo harrapatu bazituen ere hedabide horietako bat baino gehiago, uste dut denborarekin jakin izan dutela egoerari buelta ematen, batez ere, sare sozialen garapenaren eskutik. Datu zehatzak ez baditut ere, inpresioa daukat ohiko hedabideetatik irteten diren artikuluen barreiaketak sareetan zehar gora egin duela azkenaldian.

Twitter eta telebista: geroz eta antzekoagoak?

Web 2.0ren eztanda blogen eztandaren eskutik etorri zen. Guztiok pasa ginen eduki kontsumitzaile pasibo izatetik eduki sortzaile izatera; informazio fresko, berri eta originala nonahi aurki zitekeen orduan. Prosumer bilakatu omen ginen guztiok. Baina idaztea lan nekeza da, denbora eskatzen du eta, askotan, ez da horretarako gogo gehiegirik izaten ohiko lanaldiarekin amaitu ondoren. Horrela, blog pertsonal askok pertsiana bota dute azkenaldi honetan. Bakarrik geratu dira betidanik erreferentetzat hartu izan diren blogak; hauenak izaten dira, baita ere, handik eta hemendik bueltaka ibiltzen diren artikuluetako asko.

Beste fenomeno bitxi baten garapena ere nabarmendu da azkenaldi honetan; blogarien elkarteak edo kolaborazioak marka baten inguruan. Hortxe ipini daitezke adibide bezala The Huffington Post Estatu Batuetan, edota Neumattic Espainian edo agian ZuZeu edo Sustatu bera ere, Euskal Herrian. Gune hauek guztiek ezaugarri nagusi bi dituzte: argitaratze maiztasun handia eta sare-sozialekin zuzeneko uztarketa, norantza bietan gainera, artikuluak zabaltzeko botoiak nonahi ipiniz baina baita ere sareetan egindako iruzkinak blogetara ekarriz. Sona handiko autoreak, informazio jario jarraia eta sareekin lotura zuzena, kontaktu edo lagunekin etengabeko komunikazioa bermatuz, euren edukien protagonismoa sarean goiko mailan mantentzea lortzen dute.

Prosumer-on aldetik egon den edukien ekoizpenaren beherakadarekin, alde batetik, eta aurrean aipatu diren fenomeno horien bilakaerarekin, irudipena daukat sarea ez dela duela urte batzuk bezain plurala, bezain heterogeneoa, bezain aberatsa. Susmoa daukat internetekin ere ez ari ote den gertatzen beste komunikabide guztiekin gertatutakoaren antzekoa: alegia, ez ote garen informazio kontsumitzaile pasiboak bihurtu, gure nahi, gogo edo gustuen “share”a neurtzeko “Atsegin dut” edo “RT” edo “Follow”, edo “Lagun egin” edo “bit.ly” edo “ow.ly”… edo beste edozein botoi edo esteka klikatu besterik egiten ez dugunok.

Informazioaren demokratizazioa aipatzen genuen internet berriaren ezaugarri nagusietako bat bezala duela zazpi urte; pluraltasuna, askatasuna, izpiritu kritikoa…. Benetan hainbesterako izan dela iruditzen zaizue?

OHARRA: kontu hauek aspalditik buruan bueltaka banituen ere, berriro hasi zaizkit bueltaka The Truth about Twitter: It’s The Evening News artikulua irakurri ondoren. Artikulu horretan agertzen den esaldi hau askotan pasa zait burutik azkenaldian:

Twitter is more like TV than you’d think

Zuzena eta zehatza, ezta?