Ordenadorez Lagunduriko Esperimentazioa (OLE)

Denbora luzez zain egon eta gero, gaur heldu da ikastolara fisikako esperientziak burutzeko aspalditik eskatuta genuen materiala. Azkenik!!!

Jakintza_OLE (16)

Zuetako gehienek jakingo duzuen bezala, aurten fisikako mintegian proiektu berri bat jarri dugu martxan. Proiektu honen ardatza bloga izanik, gure asmo nagusia, ikasleekin erabiliko dugun ikasmaterial guztia bertan kokatzea eta bertatik erabiltzea izan da. Bertan ipini ditugu Batxilergo 2ko fisikako eduki guztiak (datorren ikasturterako DBHO 1ekoak sartuko ditugu), erabilitako simulazioen zerrenda (oraindik simulazioak saioetan sakabanatuta ditugun arren, laister antolatutako ditugu gaikako zerrenda batean bakoitzaren deskribapen zehatzarekin), ikasleek gaiarekiko dituzten zalantzen inguruan galdera/erantzunen txokoa (onartu beharra daukat arrakasta gehiegirik ez duela izan) eta, azkenik, gelan landuko ditugun saiakuntzen gidoiak eta emaitzak.

Azken atal hau hutsik egon da gaurdaino. Ikasturtea hasi zenean nahiko lan izan genuen bloga martxan jartzen: WordPress, CSS, HTML… eta horrelakoekin denbora dezente pasa ondoren, bigarren ebaluazioan OLEarekin hasteko asmoa genuen. Materialaren eskaera egiteko epea eguberrietan jarri genuen, baina kontuak kontu, oporrak pasa ziren eta guk oraindik eskaera egin gabe. Azkenik, otsailearen hasieran egin genuen eskatu genuen eskatu beharrekoa. Hara non esaten diguten materiala Estatu Batuetatik ekartzen dela, eta gutxi gorabehera, bi hilabete pasa beharko zirela gure ikastolan izan arte :eek: :eek: . Aste Santuko oporrak pasa berriak ditugu eta azkenik, gaur jaso dugu material guztia (bi hilabete luze, ezta? :evil: ).

Oinarrian eskatu dugun materiala sentsore mota desberdinez osatuta dago (posizioa, indarra, tenperatura, presioa, boltaia…), hauek ordenadorera konektatzeko beharrezkoak diren USB interfazeak (USB Link deitzen dira eta sentsoreen datuak ordenadoreak ulertzeko moduko hizkuntzara bihurtzen dituzte) ere erosi ditugularik.

Jakintza_OLE (6)Jakintza_OLE (11)

Oinarrizko material honekin karrotxoak, “rollercoaster” bat, masak eta poleak…. ere eskatu ditugu, mekanikako arloari dagozkion saiakuntza gehienak burutu ahal izateko. Saiakuntzak burutzeko bost Tablet PC ere erosi ditugu, gure ikasleek taldekako lana egiterakoan, taldeko ordenadore bana eduki dezaten.

Esan beharra dago, gure ikastolan aurten hasiko dugun proiektu hau ez dela berria irakaskuntzaren munduan. Halere, aintzindariak ez dabiltza oso urruti: alde batetik, hor dago Mikel Etxaniz-en lana Pasaia-Lezoko Lizeoan (estatu mailako saria merezi izan duena) eta bestetik, hemen bertan, Ordiziko Oianguren ikastetxean irakasten duen Arantxa Oterminen esperientziak OLEarekin. Horrelako materialarekin “ausartu” diren lehenegoak izan dira Euskal-Herri mailan eta biei eskerrak eman nahi dizkiet hemendik: lehenengoari, eskaini zigun laguntzarengatik Foru Aldundira proiektua aurkeztu behar izan genuenean eta bigarrenari, Ordiziko institutuan eskaini zigun ikastaroarengatik, material honen oinarrizko erabilera ulertzeko oso baliagarria suerta baitzitzaigun.

Norbaitek horrelakorik aurrera eraman nahiko balu, esan material hau guztia Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeentzat Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru laguntzetatik lortu dugula. Beraz, hemendik animatzen zaituztegu datorren urterako proiektu bat aurkeztu dezazuen zuen ikastetxean ere. Bestalde hemen ipintzen dizkizuet helbide interesgarri batzuk OLEaren inguruan gehiago ikasi nahi duenarentzat:

Beno, orain lanean hastea tokatzen da. Laister emango dizuegu gure lanaren berri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.