mySchoolog irabazle Infomatrix sariketan

saria jasotzenDagoeneko garbi dago mySchoolog gustuko dudala, ezta? :smile: Bada, ez naiz bakarra eta orain esango dizuet zergatik. Lehengoan, nire lagun Ahmet turkiarrak idatzi zidan esanez, Errumaniara zihoazela mySchoolog aplikazioa sariketa batera aurkeztera, 5th InfoMatrix International Computer Project Competition delakora. Bertan mundu osoko gazteek parte hartu behar zutela adierazi zidan eta Turkiatik abiatu baino ordu batzuk lehenago hantxe zebilen, programari azken ukituak ematen.

Ahmetek (izugarria da mutiko hau egiten ari dena) berriz ere eskerrak eman zizkidan euskarara itzultzeagatik programa eta nik zorte ona opatu nion. Baina ez da hor bukatzen kontua. Han banatu behar zuten foileto baten kopia igorri zidan. A ze ezustekoa ikustean, itzultzaileok ere hantxe azaltzen ginela (argazki eta guzti) mySchoolog-eko partaide izango bagina bezala!!! Horrek ilusio handia egin zidan, noski, (foileto bidez baino ez bada ere, Errumanian izan bainaiz aste honetan) :wink: , baina onena orain dator: urrezko domina lortu dute!

Oraindik ez dut zabaldu programa ikasleen artean (ezagutu genuenean, ikasleek azterketa bezperan zeuden eta nahiko lan!) baina hurrengo astean, azterketa guztiak amaitzen dituztenean, euskaljakintzan ipintzeko asmoa dut eta, noski, hurrengo ikasturte hasieran, azalpen guztiak emango dizkiet ea norbait erabiltzera animatzen den!

Ahmet, zorionak bihotz-bihotzez! (Congratulations!)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.