MySchoolog, ikasleentzako opari bat.

mySchoologGaurkoan, ikasleentzako opari batekin nator: MySchoolog. Duela aste batzuk Genbetan ikusi eta interesgarria iruditu bazitzaidan ere, oporrak hartu arte ez dut saltseatzeko astirik hartu. MySchoolog ikasleentzat garatutako aplikazio bat da, hots, euren irakasgaiak, zereginak, apunte/oharrak eta artxiboak gorde eta kudeatzeko tresna erraz eta erabilgarria.

Sareko aplikazio honek (ez da programarik jaitsi eta instalatu behar) 5 atal nagusi ditu:

  • Lessons: irakasgaiak gehitzeko gunea. Irakasgai bakoitzaren irakaslea nor den idatzi ondoren, kolore bat esleituko diogu.
  • Schedule: ordutegia zehaztuko dugu atal honetan. Eskuinean, aldez aurretik erantsitako gaiak azalduko zaizkigu. Guk gai horiek arrastaka eramatea besterik ez dugu dagokien asteko egunei lotuz. Irakasgai bakoitzaren hasiera eta amaiera orduak ipiniko ditugu. Nahi izanez gero, eskolak non izango diren ere jar daiteke (informatika gelan, laborategian…)
  • To-do’s: zereginak edo atazak jasoko ditugu hemen. Zeregin horiek irakasgai desberdinekin lotuko ditugu eta atazaren eguna iritsi aurretik oharren bat jaso nahi dugun finkatuko dugu. Oharrak SMS edo korreo bidez jaso daitezke. Bildutako datu hauek guztiak formatu ezberdinetara (PDF, Html, RTF edo txt) esporta daitezke, ordenagailuan gorde edo inprimatu ahal izateko. Interesgarria iruditu zait ataza guztiak batera ikusteko eta inprimatzeko aukera hori.
  • Notes: atal honetan gauza bera. Gaika apunteak edo oharrak idazteko aukera izango dugu. Aplikazioak testu editore arrunt bat du non, testuaz gain, irudiak eta estekak sar daitezkeen.
  • Files: mota ezberdinetako artxiboak igotzeko abagunea eskaintzen digute (.jpg, .jpeg, .gif, .tiff, .tif, .bmp, .png, .wma, .wav, .ogg, .amr, .odp, .otp, .sxi, .sti, .odt, .ott, .sxw, .stw, .ods, .ots, .sxc, .stc, .dbf, .slk, .doc, .rtf, .xls, .xslt, .csv, .vcf, .ppt, .pps, .zip, .rar, .tar, .gz, .7z, .jar, .cab, .arj, .gzip, .bzip2, .ace, .pdf, .xml, .txt, .enc, .src, .prj, .htm, .html). Oraingoz 20 MB jarri dituzte erabiltzaile bakoitzaren eskura baina muga handitzekotan dabiltza.
  • Dagoeneko gure ikasleen etxeetan (ia gehienetan) ordenagailua badagoenez, eta hemendik ez oso epe luzera eskolan ere halaxe izango dela iruditzen zaidanez, mySchoolog bezalako tresnei erabilgarritasun handia ikusten diet. Beta fasean dago eta oraindik falta zaizkio funtzio batzuk baina oso interesgarriak iruditu zaizkit eranstekotan dabiltzan hainbat: apunteak partekatu, RSS bidez zure zereginak, apunteak eta artxiboak eskuratzeko aukera izan, mugikorretik sartu, emaitzak kudeatu, batez bestekoak kalkulatu eta gehigarriak ipini (berri irakurgailua, musika-erreproduzitzailea, elementu periodikoen taula…), besteak beste. Blog bat ere badute, azken txertatzeen berri emateko. Egongo dira agian hobeak edo etorriko dira gehiago, baina hasteko ez dago gaizki, ezta? Bakar-bakarrik sartutako atazak programak berak egitea falta zaio! :smile:

    Oparia osorik ematearren, hementxe uzten dizkizuet argibideak. Ea opor hauetan norbait ikasle-bizitza antolatzera animatzen den!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.