Motibazioa

I

rakaskuntza-ikaskuntza prozesua eguneroko iraultza txikiz osatzen dela sinesten dut. Harluxet hiztegiak, bere edizio digitalaren bigarren sarreran, honelaxe definitzen du: IRAULTZA: Zientzia, arte, etab.etan ikuspegi berri batek aurrekoarekiko etena sortzea; erabateko aldaketa sakona. Uste dut horretan datzala prozesua: ideia berriak zaharrekin alderatzean, ikuspegi berriak sortu eta eraikitzeko.

Helburua bete nahi duen edozein iraultzak gidari zuhur eta ziurra behar du. Iraultzaileekin batera prozesuaren nondik norakoak erabakiko dituena, bere “gerrillari” bakoitzaren alderdi indartsuak azalerarazten lagunduko duena eta ahulezia momentuetan, helburuaren garrantzia ikusaraziz, motibatuko dituena. Baina, nola motibatu gure “gerrillari urbano” txikiak, guk geuk motibazioa galdu dugunean?

Arrazoiak mila izan daitezke: sistemarekiko gehiegizko lotura, unean uneko egoera pertsonala, gure lanaren garrantzia gogorarazten ez digun inor, lotsa, beldurra… Askotan dago zerbait burua beste toki batera eramaten duena. Erlazio binkularreko adituren batek esango dit nire arazo pertsonalak eta lanean izan behar dudan jarrera bereizi beharko nituzkeela. Nik, ordea, aitortu behar dut ezinezkoa dudala hori.

Galderak airean jarraitzen du. Eta ez da broma. Zer egin dezaket motibazioa galdu dudanean? Nire barnean bilatu dut: gustukoa dudana egiten dut; bizitzari aurre egiten laguntzen didan soldata dut; beti daukat ezer berririk ikasteko; borrokatzea dut gustuko… Eta, egian esan, diru zikina da aurrera egitera bultzatzen nauena. Egiten dudana ez dut gustuko, ikasteko denbora gutxi daukat eta borrokatzeko nekatuegia sentitzen naiz… Hitz gutxitan esanda: ez nago. Are gehiago, gazteleraz esaten den bezala: “Ni está, ni se le espera”.

Zerotik hasteko beharra sumatzen badut ere, ez dut denarekin apurtzeko adorerik, ez dut babesik sentitzen aldaketen aurrean gerta daitekeen edozer egoerari aurre egiteko eta, nire ustez okerrena dena, zaharberritzeko ahulegi sentitzen naiz.

Nire iraultzaren prozesua kontraesanez betea dago. Iraultza egin nahi dut, baina gehiegi eskaini gabe. Eta hori ezinezkoa dela ematen du… “Errealistak izan gaitezen: eska dezagun ezinezkoa dena”. Hala zioen iraultzaile handi batek. Agian, hortik habiatu beharko.

Orain, aldiz, beste kezka nagusiago bat dabilkit burutik: sekulako motibazioa duten ikasleek hura galtzeko eta beste eskola eredu bat posible dela gezurtatzeko arriskuan daude nire gogo faltagatik. Inoiz barkatuko al didate beraiekin egindakogatik?

email

One Response »

  1. jolaus(e)k dio:

    Aupa Urko.

    Zuk daukazun sentsazio hori bera ere izan dut nik askotan. Orain fase positiboago batean nago. Pentsatzen aritu naiz zer dela eta gertatzen zaidan hori orain, eta ez duela urte pare bat. Nire iritziz motibazioa ez da ezerezetik sortzen den zerbait. Unibertsitateko magisteritzako irakasle bat oso kexu ikusi nuen behin, bere ikasleak “motibazio intrintsekorik” gabe agertzen zirelako bere klaseetara, adierazi nahian ikasleek, nonbait, motibazioa klasera motxilan gordeta, bokadiloa bezala, ekar dezaketela.

    Motibazioa, estimulu baten ondorioz dator beti. Estimulu hori kanpokoa izan daiteke edo barruan sortzen zaigun zerbait izan daiteke. Azken urte t’erdi honetan, zer estimuluek piztu duten nire motibazioa pentsatzen aritu naiz. Eta hauek izan dira burura etorri zaizkidanetako batzuk:
    - Proiektu berria, erronka berria, arrisku berriak baina baita satisfazio berriak.
    - Errutinatik irtetea, gauzak beste modu batera egin eta aurreikusi ezin diren egoeren aurrean, bizipen berriak izatea.
    - Ikaskuntza behar berriak; egoera berrien aurrean arrakastatsu irteteko beharrezkoak diren ezagutzak barneratu. Era berean, egindakoaz ikasten joatea, eginez ikastea. Honek izugarri betetzen nau.
    - Harreman berriak. Kasu honetan zorte puntu bat ere izan dut. Ikasle talde berri jatorra tokatu zait eta hauengandik oso baloratua eta maitatua sentitu naiz. Baliteke, beste ikasle batzuekin gauza bera ez gertatzea.

    Horiek guztiek nigan, nire lanean gogotsu jarraitzeko eta satisfazioarekin amaitzeko beharrezkoa den motibazioa piztu dute. Nire beste blogan ditudan notatxoak errepasatzen aritu naiz eta ikusi dut hauetako arrazoi asko Xabier Marcet-ek ere (merezi du bere ekarpenak irakurtzea) aipatu zituela inoiz: http://jolaus.com/manifiesto-de-los-que-se-motivan-solos/

    Zure egoeran egon naizenean, juxtu-juxtu aurrekoen kontrako egoeretatik irteteko ezina nabaritu izan dut; beti gauza bera egin behar horrek, zer gertatuko den aurretik jakite horrek, edonola lana eginda ere gauzak ez direla aldatuko sentitzeak ikaragarri desmotibatzen nau. Eta sentsazio hori izugarri areagotzen da, ikusten dudanean inguruko lankideak, egoera horietan nire antzera egonda, ez dutela inongo iniziatibarik ohikotasun horrekin amaitzeko.

    Lider baten presentzia bota dut faltan nik ere azken urteotan. Eta konturatu naiz, liderra norbera bere buruarena izan behar dugula. Besteen zain baldin bagaude, besteek noiz tiratuko duten karrotik zain bagaude, baliteke karro horrek sekulan ez egitea aurrera. Bide berriak, norberak definitu behar dituela ondorioztatzea heldu naiz. Nahiko nuke honetan oker ibiltzea baino…

    Laster amaituko zait bi urteko abentura berri eta eder hau. Zer gertatuko ote da gero? Bada ez dakit, baina badaezpada, bidea egiten hasi beharko nintzateke jada.

Leave a Reply