raintxe irakurri dut Ángeles Araguz-en blogan bere azkeneko artikulua. INTEFek antolatu nahi duen irakasleen sareari buruz idazten du Ángelesek. Irakasleok sortzen dugun materialek izaten duten errekonozimenduari eta honi lotutako meritokraziari buruz ere hausnarketa sakona egiten du.
Tira, aspaldi utzi nion hainbestetan aipatu den meritokrazian sinesten. Garai batean, ziurrenik software librearen atzean dagoen filosofiaren eraginaren ondorioz, Ángelesen antzeko iritziak nituen nik ere. Orduan, norberak bere lanaren berri ematen zuenean, gelan egindakoa zabaltzea helburua zenean, banuen horrelakoetan sinesteko arrazoiak. Baina hori aldatu da. Izan ere, zure lana bilatzen duzun protagonismo beharretarako motz geratzen denean, zure diskurtsoa besteen ekarpenen gainean eraikitzea besterik ez zaizu geratzen, zertaz ari zaren piperrik ulertzen ez baduzu ere. Eta hori gertatu da hezkuntzan azkeneko urteetan. Besteen ekarpenaz baliatu dira irakasle batzuk, besteen teoria eta eskarmentuaz baliatu dira, ez-jakin askoren aurrean diskurtso propio bat eraikitzeko (zentzu gehiegirik gabeko diskurtsoak, askotan). Horrekin batera, norberak bere burua existitzen diren sarao guztietan aurkeztea (zenbat ugaldu diren hezkuntzan horrelakoak, azken urteotan) derrigorrezkoa bilakatu da, “sasi-meritokrazia” hori bizirik mantentzeko. Horrela, hezkuntza sistemaren protagonista bihurtu diren asko, egiten dutenagatik baino esaten dutenagatik jasotzen ari dira errekonozimendua. Horrela, sarea irakasle hutsalaz jositako gune batean bihurtu da gaur, benetako balio profesionalik gabeko protagonistaz beteta. Sarea, telebistaren antzera, helburua “hor egotea” duten irakaslez bete da tamalez, lanbidea helburu horretan aitzakia bat besterik ez delarik. Zaborraren artean, oraindik existitzen diren perlak aurkitzea lan konplikatua bihurtu da.
Eta administraziori buruz, zer esango dut ba. Ángelesek agian oraindik itxaropen puntu bat izango du INTEFen borondate onean. Nik administraziotik ez dut ezertxo ere espero, egia esan. Ez dirurik, ez laguntzarik ezta errekonozimendurik ere. Egongo dira horrelakoak izango dutenak; bejondeiela. Nik ez dut ezer espero, ez niretzat ezta nire ikastolarentzat. Hori bai, gauza bat oso garbi daukat: ez dut onartuko nire lana, administrazioak giltzapean muntatzen dituen ikastaroetarako materiala bihurtzea. Hortik ez naiz pasako. Izan ere, egun hauetan Hezkuntza sailak muntatuta daukan Moodle honetatik hainbat sarrera detektatu ditut aurrekoan zabaldu nuen sekuentzia honetara. Bisitek bere horretan jarraitzen badute hurrengo egunetan, nire materiala saretik kenduko dut. Esan bezala, meritokraziarena bost axola zaidan kontu bat da baina ez naiz tontoa.

Arazoa izan liteke gero gainera moodle “hori” itxita dagoela?
Ba halaxe da Karlos. Ez dakit e-garatu, e-ikasi edo e-mintegin dagoen erreferentzia. Ez dakit ere ikastaro baten sortzaileak jarritako erreferentzia den edo partaide batek, bere borondate on guztiarekin, foro batean estekatu duen, ikaskideentzat baliagarria izan daitekeelakoan. Berdin dit.
Nire lanaren lizentzia cc by-sa 3.0 da. Lizentzia horrek zentzua du bakarrik nire lanaren erabilera publikoa bada. Walled Garden batean badago, ez du ezertarako balio. Beraz, horretarako nahiago nire ikastolako lankideen soilik partekatzea, ikastola baita azkenean horrelako materialak sortzeko behar dudana eskaintzen didana. Tristea da baina hala da.
Aupa,
Uste dut hemen gaizki-ulertu bat gertatzen ari dela. Nik dakidala, elearning.hezkuntza.net Hezkuntza Sailak ikastetxe eta institutuen esku uzten duen Moolde instalazioa da, irakasleek eta eskolek nahi duten moduan erabil dezaketena.
Horregatik-edo, gune horretatik heldu zaizkizun sarrerak, ia-ia seguru, irakasle arruntek beren ikastaroetan gehitu dituzte eta ez dute zerikusirik izango Hezkuntza Sailaren inongo ikastaro nahiz bestelakoekin.
Eskerrik asko argibidearengatik Abel. Baina ez naiz harritzen gaizki ulertuak egotea. Artikuluan esan dudan moduan, Moodle hori Hezkuntza sailak muntatutakoa da eta logina egiteko orrrian, e-garatu eta antzekoak irakur daitezke. Beste informazio gehiagorik gabe, zaila da zuk azaldu duzun gunea dela antzematea.
Sarrera asko ez dira izan, horregatik iruditu zait foro batean estekatuta egon zitekeela. Horrela izan da ere, ez dakit ere jokabide etikoa iruditzen zaidan Abel. Irekian partekatu dut, irekian erabiltzeko. Sartutako orduek balio bat edukitzeko, nire lana irekian erabiltzeko da. Material hori eremu itxi batean erabiltzen bada, nire lan-orduei nik neuk eman nien balioa erabat galtzen dute. Ez dakit esplikatzen naizen.
Guztiz ados. Eta okerrena, esaten duten hori erreferente bihurtzen dala askotan benetako kontraste barik. Askotan entzun diet Guru horiei euren metodologia justifikatzeko modan dagoen edozein pedagogia tendentzia aipatzen, eta noski, besteen lana gutxiesten, “panaceak” existituko balira moduan…
Lehenik eta behin, barkatu Xa2 zure iruzkina hain berandu argitaratzeagatik. Ez dakit zer dela eta spam bezala jasota geratu da. Ea ez den berrio gertatzen. Iruzkin gutxi jasotzen dira txoko honetan eta ondo zaindu behar dira egoten direnean
Batzuena tendentziak sortzea izaten da helburua. Besteena (eta hori okerragoa iruditzen oraindik) ekarpen pedagogiko erreal gutxiko tendentzia horietn jarraitzaileak bihurtzea da helburua. Modak eta tendentziak sortzen dituzten horien atzetik ibiltzea da askoren helburu bakarra. Batzuen profil pertsonal eta profesionalak ikustea besterik ez dago: “especialista en TIC, PLE, PLN, MOOC, EVA, e-learning, conectivismo, redes sociales…. y demás cosas guays que salgan o vayan a salir (que mas da)” :-p Masoka samarra batzuetan eta esperiementu arraroak egiten ditut: sareetan zehar horrelako profilak dituzten irakasleak identifikatzen galtzen dut denbora. Bat lokalitzatzen dudanean, sarean bertan gai horien inguruan egiten dituzten ekarpen pertsonalak bilatzen saiatzen naiz. Batzuen kasuan, partekatzen dituzten guneetan iruzkinik edo idazten ote dituzten begiratzen aritzen naiz, ea hor gaiaren inguruan dituzten ikuspegi pertsonalak jasotzen dituzte. Imajinatzen duzu zenbat tajuzko zenbat ekarpen aurkitzen ditudan ezta? 0
Tristea eta penagarria izango litzateke,bai, batzuentzat erreferentzia baitzara. Nik uste mundu honetan txarlatan asko dagoela (gaudela esan beharko ote nuke?) baina paradigma aldatuko bada, horien beharrean ere bagaude. Beharrezkoa izaten da hitz-makulu eta ideia-makulu batzuk ordezkatzea, alegia hitz-makulu eta ideia-makulu berriak ezartzea eta horretarako, tamalez, behar-beharrezkoak dira txarlatanak, errepikagailu funtzioa betetzen baitute.
Nazkatu egiten dute / gaituzte, sarritan beraiek eta beren hitz hutsak baitira baloratuenak baina nire ustean beren funtzioa betetzen dute.
Baten batek, noizbait, esan zuen erreformak itsasoko ekaitzak bezalakoak direla, itsas-azala harrotzen dutela baina hondalea berdin geratzen dela. Hauxe da arriskua. Txarlatanek eta sakamuelasek ez baitute hondalerik mugituko, horretarako praktika aldatuz errealitate berria sortzen duten irakasleak behar ditugu eta ezinbestekoa da, neketsua eta esker txarrekoa bada ere, irakasleon lana erakustea, ikustea.
Nik, behintzat, zinez eskertzen dut / dizut.
Ados batzuetan guztiok izaten dugula ez dakigunaren inguruan iritzia emateko joera. Horrelaxeegin nuen nik iaz, adibidez, Donostian izandako ikastaroan eta horrelaxe jaso nuen:http://ikteroak.com/plearen-iruzurra/ Gure egoak hor daude, guztiok daukagu zenbat dakigun besteen aurrean azaltzeko gogoa, gu ere “kandeleroan” gaudela jakinarazi nahi diegu besteei.
Baina niri gehiago kezkatzen/moskeatzen nauena da helburu bihurtzen denean. Euren egoak nabarmentzeko joera duen jende horri bloga motz geratzen zaio. Bere ekarpen pertsonalekin bakarrik (eskasak gehienetan, hala “kalitatean” nola maiztasunean; meritokraziaren eskalafoian gora egiteko balio ez dira nahikoak) zaila dute lortzen duten status hori mantentzeko eta sareetara jotzen dute. Han ez dute argumentu gehiegirik eman behar euren ezagutza agerian uzteko. 140 karakterekin estekak partekatu eta esaldi standard pare bat emanda, nahikoa dute. Benetako merituak, ordea, ez dira sare birtualetan biltzen, benetako merituak zuzeneko networking-aren bitartez eraikitzen dira. Zure meritu pertsonalak, administrazioak edo hezkuntza erakundeak (edo beste edozeinek, azkenean gaia gutxienekoa izaten da) antolatzen dituen saraoetan burua sartzearekin lortzen dituzu. Hortxe egosten dira merotuak. Gero, bloga zure bizitza sozialaren eskaparate bihurtuko duzu eta sare birtualetan zure zuzeneko networking-a mantentzen ahaleginduko zara, harreman horiek epeldu ez daitezen, zu hor zarela jendeari bergogora arazteko.
Tira, hori guztiari betidanik marketing-a egitea deitu zaio eta enpresa bat muntatuta izango banu (batez ere, teknologia digitalaren esparruan) baliteke neuk ere horren atzetik ibiltzea. Eta irakaslea izanda, zailagoa egiten zait ulertzea, baina errealitatea horixe bada, ondo. Baina hori horrela delako, eta hori gertatzen delako esaten dut ez dudala Ángelesen planteamenduekin bat egiten. Irakasleen sare bat sortzea, irakasleon meritoak agerian utziko dituenak planteamendu okerra dela uste dut.
Errepikagailu funtzioa beharrezkoa den edo ez, hezkuntzan hainbat kontzeptu eta ideia naturaltasunez onar daitezen, ez dizut ukatuko. Baina hartzaileek errepikagailu horietatik jasotzen ari direna, sare osoan etengabe errepikatzen ari diren ideia berdinak direla antzematea bai iruditzen zait zerbait beharrezkoa. Kriterioa falta da (eta honen aurretik ezagutza), bai irakasleriaren artean baita administrazioko arduradunen artean. Hitz magikoak entzuten dituzte batzuk, ideia iraultzaileak, ponpoxoak beste batzuk. Eta fundamentu gutxi egoten da horietako askoren artean, bai proposatzen denaren aldetik baita errepikagailu horiek egiten dituzten ekarpen propioen aldetik. Erabat liluratuta uzten dituzte ingurukoak eta askotan kea saldu besterik ez dute egiten (http://vimeo.com/42329392). Ez dakit zerbait lortuko dudan baina nire ikasleak etengabe matxakatzen ditut kontu honekin; sarean, bizitza aurrentean bezala, itxuren azpitik zer dagoen antzematea ezinbesteko gaitasuna da.
Amaitzeko, gustatu zait jarri didazun itsasoko ekaitzaren adibidea. Goikoa esanda ere, nik ere zuk bezala pentsatzen dut. Eta horregatik jarraitzen dut blog honekin. Luistxok aspaldi esan zuen blogari bakoitzak beti izango zituela bere hamabost jarraitzaile fidelak. Zu zara horietako bat (garai berri honetan ez zarete hamabost baino gehiago izango
Nire ekarpenak zuentzat baliagarriak badira, bada aurrera, hortxe daukat behar dudan errekonozimendu guztia
Beno, ni ez naiz jarraitzaile fidel horietakoa baina tarteka gogoa dudanean hemendik edo handik zerbait irakurtzen dut eta erantzuten animatzen naiz.
ez dudala askotan partekatzen.
Ados Jokinek esaten duenarekin, nahiz eta berak badaki bere ikuspegi apokaliptiko samarra
Saltzaile txar asko ditugu gure inguruan, eta batzutan ez intentzio txarrarekin. Batek esan duen moduan gu ere batzutan saltzaileak izatea tokatu zaigu eta horregatik eskarmentua dugu eta berehala detektatzen dugu iruzurra.
Adibide batzuk jarraian:
Batean irakasle baten IKT proiektu bati iruzkin hau egiten zioten: “Ze gauza politak egiten dituen Joxek (esaterako) bere ikasleekin” Berehala idatzi nuen esanez esaldi hau egokiagoa zela: “Zer egiten dute IKASLEEK irakasle honen laguntzarekin”.
Beste batean Scrach ikastaroa batean irakaslea, Unibertsitateko irakaslea zena, errealitatetik at ikusi nuen eta hala esan nion. 70-80 hamarkadako eskola zuen burua eta ariketa errepikakorretik eta denok testu berdina irakurtzetik aterako zuen tresna Scratch zen. Ikastoletan asko ikasi behar badugu ere, ariketa errepikakorrak eta kopiaketak anekdotak dira eguneroko jardunean.
Ikastaroaren bukaeran irakasle guztiek Scratch programa ezagutu beharko luketela aipatu zigun eta nik ados ez nengoela esan nion.
Ikastaroa bestalde oso ongi egon zen. (Iruzkin hau irakurtzen badu barka nazala).
Sasi guru hauek identifikatzeko klabe batzuk:
- Irakasleak tontotzat hartzen dituzte.
- Haiek egindako gauza gehiegi erakusten dituzte eta irakasleak animatu beharrean desanimatu egiten dituzte.
- Umorea erabiltzen dute, sinpatikoak izan behar dira derrigorrez.
- Planteatzen duten guztia erraza omen da (eta ez da egia). Eskiatzea erraza izan daiteke baina nik ez dut oraindik ikastea lortu. Irakasleak tuntunago sentitzen dira, hain erraza den zerbait egiteko zailtasunak dituztelako.
- Irakasleak kulpabilitzatzen dituzte. Berrikuntza aurrera eramateko ikastetxetik kanpo ordu pila sartu behar direla inplizitoki edo explizitoki botatzen dute. Hori egiteko prest ez bazaude irakasle txarra zara.
- Kontzeptu eta ildo orokorrak argi dakizkite baina “gelan zer egin” aipatzen duzunean inoiz ez dizute ezer argitzen: hori irakasle bakoitzak erabaki behar duela erantzuten dute.
Besteren bat badakizue, bota.
(Ez hartu iruzkin hau meritokrazia ariketa moduan, mesedez).