Letra zopak on-line!

Aurrekoan, Sustatuko Jamaika ikusteko sailean erakarri ninduen izenburu batekin egin nuen topo: nola egin letra zopak di-da batean. Ni ere di-da batean hara joan nintzen. A zer baliabide erakargarria eta erabilgarria irakasleontzat, behinik behin! Gurasoek ere etekina ateratzeko modukoa dela iruditzen zait. Umeak inguruan dituzula, aspertuta, denetik egin dutela eta ez zaizula ezer gehiago bururatzen? Hamar hitz sartu ordenagailuan eta entretenimendua ziurtatuta daukazu! Kasu honetan gainera, usu gertatzen den legez, alde ludikoak hezitzailearekin bat egiten du eta hiztegia aberasteko baliabide egokia suerta dakiguke. Kontua da landu nahi dituzun hitzak laukitxo batean sartu eta, amen esan orduko, letra zopa eginda duzula. Erregistratu gabe gainera!

Eskaintzen dituen aukerak:

1. Zailtasun maila egokitu:

erraza: behera eta eskuinera soilik
arrunta: gora, behera, ezkerrera eta eskuinera
zaila: aurreko guztiak gehi diagonalean

2. Letra zopa inprimatu, zuzenean jolastu edo zure webgunera eraman (html kode bat sortzen du)

3. Ariketa nahi adina aldiz egin

4. Erantzunak ikusi ala ezkutatu …

Zer gehiago nahi??? Bada, eskatzen hasita, landu beharreko hitz horien definizioak azaltzea eskatuko nuke! Eta eskatzen jarraituz, musika pixka bat sartzea, ariketa egitea oraindik gozagarriagoa suertatzeko (ja-ja). Hori bai ondo legokeela!!! Halere, duen gabezia hori gainditzeko, behin hitzak aurkituta, definizioak ikasleek sortzea ere bururatu zait.

Animatu egin naiz eta hortxe sortu ditut biharko ingeleseko klaserako pare bat. Oraingo honetan, aurkitzen dituzten hitzen definizioak edo sinonimoak ahoz eskatuko dizkiet (ahozkotasuna ere lantzeko eta hurrengorako utziko dut definizioak idaztearena). Ea zer moduz ateratzen den!

Beraiekin hasi aurretik, hementxe uzten dizuet adibide bat (kasu honetan ez da oso hezitzailea baina pentsa hitz hauen ordez, zuei burutik pasatzen zizkizuenak jar ditzakezuela…). Beraz, aspertuta dagoen edonori zuzenduta (start sakatu):

Amaitzeko, ideia interesgarria iruditu baina abenturazaleak ez bazarete, hona hemen euskara lantzeko eginda dauden hainbat letra zopa eta denborapasa:

Argia

Habe

Gehiago, euskaljakintzako eskuineko zutabeko jolasean atalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.