KPL: programazio-lengoaia berria gaztetxoentzat

Duela hilabete batzuk, Magic-ek idatzitako artikulu batean, gure ikasleekin oinarrizko programazioa era ludikoan lantzeko baliabide batzuen berri eman zigun.

Gaurkoan gai interesgarri honi berriro heldu nahi diot, Kid’s Programming Language (KPL), gaztetxoentzat espreski garatutako programazio hizkuntza berezia ezagutu baitut . Webgunera bisita egin ondoren jaso dudan lehen inpresioa ez da batere ona izan: hainbeste gif animatu ikusi ditudanean, aplikazio “beterano” baten aurrean egon nintekeela pentsatu dut. Baina errealitatea beste bat izan da. Apenas sei hilabete jarri zela martxan proiektu hau eta jadanik, datorren asteazkenean ospatuko den “2006 Industry Achievement Awards” sarietarako hautagai izendatu dute “Consumer Product Of The Year” kategoripean.

Aurkezpen modura eskegi duten dokumentu honetan (1,7 Mb) azaltzen dutenez, gaur egun aplikazioaren erabiltzaile gehienak 10-16 urte bitarteko gaztetxoak omen dira. Programazioa erakargarria bihur dadin aplikazioa bideojoku sinpleen ekoizpenera bideratu dute eta harritzekoa da zer aplikazio interesgarri gara daitezkeen kode lerro gutxi batzuk erabiliz.

Aplikazioa garatu duten egileen iritziak entzun nahi badituzue eta, bide batez, aplikazioa nola erabiltzen den ikusi, bideo hau aurkitu dut.

Une honetan KPL v1.1 bertsioa duzue eskuragai. Bertsio hau erabili ahal izateko .NET 1.1 bertsioa instalatuta edukitzea beharrezkoa da (zoritxarrez soilik Windows-pean erabil daiteke). Laster kaleratuko dute KPL v2 hobekuntza nabarmenekin.

IKTeroen artean informatikaririk ez dagoela (are gutxiago programatzailerik!) garbi utzi dugu behin baino gehiagotan baina beti izan dugu kezka bat horrelako programazio lengoaia sinpleak gure ikasleekin erabiltzea merezi ote duen edo ez. Gure irakurleen artean programatzailerik egongo balitz, eskertuko genioke aplikazio honi gainbegiratu bat emango balio eta ondoren bere iritzia hemen azpian botako balu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.