Kalitatea Hezkuntzan IV

Gai hau jorratzearen arrazoia oraindik oso garbi ez dudan arren, agindutakoa bukatzen ahaleginduko naiz. Aurreko artikuluan aipatu nuen bezala, gaurkoan, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan bikaintasunerako ereduen inplementazioak duen eragina aztertzen ahaleginduko naiz.

Lehenik eta behin, gai hau aztertzerakoan erabili behar nuen ikuspegia argitu behar izan nuen eta nahiko garbi ikusi nuen bat baino gehiago eman beharko niola. Gehiegi ez luzatzearren, bitan laburbilduko ditut: prozesu horietan indar-guneak eta gabeziak identifikatzeko eta eragiteko aukerak eta prozesu horietan erabil daitezkeen teknologia berrien eragina.

Prozesuak ezarri eta sistematizatu ondoren, ongi diseinaturik daudenean, behinik behin, horien kudeaketa etengabeko informazio iturri bilakatzen da. Hots, prozesu horien jarraipena egiterakoan PDCA izeneko zikloa burutuz gero, adierazle desberdinen inguruko informazioa izango dugu. Adierazle horien inguruko informazioaz baliatuko gara hobekuntzarako proposamenak luzatzeko, planak diseinatzeko, gure eginkizuna, ikusmira eta balioak gauzatzeko, giltzarritzat identifikaturik ditugun prozesuen bilakaera eta garapena ezagutzeko… Horrek guztiak erakundearen etengabeko hobekuntzaren filosofia indartu eta kontsolidatzen du.

Sistematika hori garatuta ez dagoenean, gehienetan, intuizioz aritzeko joera handia dago, horrek islatzen duenarekin: inprobisazioa, pertzepzio okerrak, informazio falta… Era horretan, ahuleziak nekez identifikatzen dira eta arazoak edo zailtasunak, hobetzeko aukerak bezala hartu beharrean, oztopotzat hartzen dira eta erruduna nor den bilatzeko joera izan ohi da. Praktika hauek erakundearen garapenean balazta lana egiteaz gain, bezeroen mesfidantza piztu eta bertako pertsonen frustrazioa eragiten dute.

Kalitatezko ereduetan murgildu nahi duen edozein erakundek eta etengabeko hobekuntzaren aldeko benetako apustua egiteko gogoa duenak Euskaliteko helbide honetan oinarrizko informazioa aurki dezake.

Hurrengo artikuluan, kalitatezko ereduetan ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan teknologia berrien eragina aztergai izango dugu. Hurrengora arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.