IKTeroak EuroBlog Awards sarietan finalista!

EuroBlog Awards
EuroBlog Awards sarietako finalistak gara! Lehiaketa honek Europako blog eta bideoblog onenak sarituko ditu bihar Bilbon, Nonick Conference delako ekitaldiaren barnean. EITBko egoitzan gaur eta bihar egingo den Nonick conference horretan, Berriak lehengo egunean aipatu bezala, bideoa, Internet eta telebista izango dira protagonista nagusiak.

Duela egun gutxi izan genuen gure izendapenaren berri. Aldi berean jakin genuen gurekin batera Sustatu, Teknopataren Txokoa, The Indezents, Patxitrapero, Faroa, Kalamuatik Txargainera, Nahia eta ezina, Filoblogia eta Hitz Beste zeudela; beraz, ez genuen inondik inora espero gurea izatea euskarazko blogen artean hautatua. Bihar Europako beste 10 hizkuntzetan idatzitako blogak izango dira gurekin finalean, besteak beste, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, errusieraz… idatzitakoak (hementxe duzue finalisten zerrenda osoa); halere, guri dagokigunez, pozik gaude lortutakoarekin.

Sari honen antolatzaileak SPRI, EITB eta Alianzo enpresa euskaldunak dira; epaileak, aldiz, Europa osokoak. Hauek ondorengo irizpideak erabiliko dituzte blogak baloratzeko orduan: blogaren diseinu eta multimedia edukietan erabilitako sormena, sarrera ezberdinetan izandako iruzkin edo erantzun kopurua, eta blogak ekarritako berrikuntza.

Amaitzeko, esan beharra daukagu ustekabean harrapatu gaituen albiste pozgarri honek berretsi besterik ez duela egiten aspalditik gure ikastolarekin eta hezkuntza komunitatearekin hartuta dugun konpromisoa, IKTak (Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak) gure ikastolako arlo eta esparru guztietan inplementatu eta Euskal Herriko hezkuntza komunitate osora zabaltzeko konpromiso irmoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.