IKTen integrazioa batxilergoko curriculumean: ezinezko zeregina?

Artikulu hau irakurtzen duzuenerako jada batxilergoko ebaluazio bilera egina izango dugu. Irakasleontzat hain ezerosoa den unea pasatuta egongo da eta, momentu hau heltzen den guztietan egiten dudan bezala, ikasturte hasieran zehaztutako helburuak bete ote ditudan galdetzen diot, behin eta berriro, nire buruari.

Fisikari dagokionez, aurtengo ikasturterako aldaketa batzuk txertatzeko asmoak nituen: bloga izango litzateke fisikaren lanketa burutzeko ardatz nagusia, honen inguruan bestelako baliabideak erabiltzeko konpromisoa ere hartu nuelarik ikasturte hasieran, tresna berriak erabiliz ohiko metodologiatik irten eta bide berriak urratzeko asmoarekin. Ikasturtea amaitu da eta, orokorrean, nire hasierako nahietatik urruti ibili naizela uste dut.

Urtero, ikasturtea amaitzen denean, ikasleei nire lanaren balorazioa egiteko inkesta bat pasatzen diet. Esan beharra daukat orokorrean ikasleen ekarpenak oso tonu eraikitzailean eginak izaten direla eta beraien arrazonamenduak zentzuzko hausnarketa baten ondorioak direla. Jaso ditudan ekarpen interesgarrien artean batek, batez ere, sortu dizkit kezkarik handienak. Erabili dudan metodologiari buruzko balorazioa egitea eskatzen nien atal batean (saio lektiboa, edukiak, eguneroko lana, ebaluazioa…) eta, hainbat gauzen artean, batek horrela zihoen:

“Ariketei denbora gutxiegi eskaini diegula uste dut, teoria gehiegi matxakatuz. Teknologia berrien apustua gustatu zait. Hori bai, hasieran denbora asko galdu genuen eta ondoren ezin izan genuen errekuperatu. Dudetarako beldur moduko bat sumatzen dut. Ebaluazioari dagokionez, agian exijentzi handiegia dago. Gainera, azterketetan soilik oinarritu da”

Ikasle honi bezala, orokorrean besteei ere gustatuko zaie teknologia berrien erabileraren alde eman dudan urratsa baina, nire ikaslearen hitzen arabera, ohiko irakaskuntza metodo tradizionalari beste behin eutsi diodala garbi dago, azterketetan oinarritutako ebaluazio sistema klasikoarekin jarraituz. Eta hemen dago gakoa. Askotan aipatu dugu baliabide berrien erabilera soilak ez duela zertan metodologia aldaketa sakonik ekarri beharrik. Blogak eta antzekoak, beste hainbat baliabide bezala (testu liburuak, Powerpoint aurkezpenak, bideoak…), bitarteko tresnak besterik ez dira. Ikasturte hasieran nire asmoa, tresna berri hauek dituzten ezaugarri berezietan oinarriturik, elkarlana, denok denongatik ikastea, metodologia konstruktibista, ebaluazio sistema berritzaileak… aplikatzea zen. Kontua da, sekulan baino tresna, bitarteko, ezagutza eta konfiantza gehiagoren jabe naizela, gaur egungo web berri honek ekar ditzakeen onuretaz erabat sinesten dudala, baina ez dut adorerik izan ohiko inertziatik irten eta benetan sinesten dudan bide berri horri heltzeko.

Aste osoa daramat buruari bueltaka, galderak eginez, erantzunen bila, datorren ikasturterako hobetu behar ditudan atalei nola heldu behar diedan pentsatzen. Hausnarketa honen ondorioak zuekin partekatzea erabaki dut. Espero nuena baino luzeagoa atera zait bidalketa; ulertuko duzelakoan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.