Hitzetatik ekintzetara

Teoria eta praxia
Teorietatik praxira.

Pedagogiaren munduan murgilduta ibili garenok, behin baino gehiagotan, argudiatu egin behar izan ditugu eginiko proposamenak, aurkeztutako proiektuak, emandako urratsak… Beti ere, maila teorikoan eta, askotan, proiektuak gauzatu baino lehen. Horrekin, pertzepzio ezkor bat zabaldu da hezitzaile askoren artean: nola justifikatu egin nahi dudan hori? Nik baino gehiago dakiten horiek zer esango ote dute? Egin nahi dudan hori aurrerakoia izango al da?… Bestalde, hainbat ikastetxek duten egitura bertikalak ere ez du gehiegi lagundu ekimen berritzaileen inplementazioan.

Balazta hauek oztopatu egin dute, ene uste apalean, irakaskuntzan diharduten irakasle askoren iniziatiba eta sormena, baita gurea ere. Askotan gertatzen zaigu oso garbi dugula zer egin eta nola nahi dugun baina, zergatia azaltzeko nahiko gaitasunik ez eta, gisa horretako “putzuetan” ez sartzeagatik, egin gabe edo proposatu gabe uztea. Bestetan berriz, eztabaida luze eta astunetan (antzuak esatera ez naiz ausartzen ) murgiltzera garamatzate.

IKTerook abantaila bikoitza dugu: alde batetik, gure ikastolako egiturak eta antolakuntzak erraztasunak ematen dizkigula gure ekimenak aurrera eramateko eta, bestetik, gure artean izaten ditugun eztabaidek oinarri teoriko sendo bat ematen digula gure proposamenak aurrera eramateko. Honi guztiari eransten badiogu gure taldearen lanerako filosofia logikoa da pentsatzea gure taldean teorizatzaileak baino gehiago ekintzaileak garela. Gure teoriarik hoberena gure lana izan da.

Horregatik guztiagatik, pentsatzen dut une honetan prestatzen ari garen proiektuak, gure artean nahiko justifikatuta daudela eta horiek ahalik eta ondoen prestatu eta aurrera eramatea izan behar dela gure eginkizuna.

Datorren ikasturtean, proiektu horiek gauzatzen ditugunean ikusiko dugu, orain arte gure proiektu gehienekin gertatu den bezala, tekno-eszeptikoak nola gerturatzen zaizkigun. Teoria hutsarekin nekez gureganatuko genukeen jendea, gure adibidea ikusita IKTen gurdira igo dira eta hortxe ari dira ikasleekin oso gauza interesgarriak egiten: DVD-ak, CD-ak, entziklopedia multimedia, aldizkari digitalak, bideogintza digitala… Une honetan batzuk webquestak prestatzen ari dira, beste batzuk blogak… baina hori ez da garrantzitsuena, batzuk aurreko urteetako jarduera eta proiektuekin ohartu dira metodologian aldaketa sakon bat egin behar dutela eta euren rola aldatu edo egokitu beharko dutela. Polita da, benetan, ikustea Lehen Hezkuntzako irakasleak nahiz Batxilergokoak kezka berdintsua dutela eta hori ekinaren ekinez lortu da, ez hitzaldi teorikoak ematen eta lana euren esku utziz.

Jolausengandik gauza asko ikasi dut, baita bere “maisua” izan nintzenean ere baina, guztietatik gehien eragin didana, zalantzarik gabe, lankideak erakartzeko eta motibatzeko erabiltzen duen metodologia eta hori aurrera eramateko hartzen duen lana eta patzientzia. Horregatik, ahaleginak egiten ari naiz bide hori urratzen eta, askotan lortzen ez dudan arren, burua gehiegi berotzen zaidalako eta pazientzia falta zaidalako, konpromiso serio bat hartu nahi dut nire buruarekin:

  • Opor hauetan proiektuak garatzen jarraitu
  • Denbora gutxiago eskaini teoriari eta gehiago praxiari
  • Azken hilabeteotan nire “kaskoa” berotu duten testuak aparkaturik utzi errealitatera itzuliz
  • Blog honetan posteatzen jarraitu
  • Nire burua justifikatzeko inongo aitzakiarik ez bilatu

    Abuztuaren amaieran ikusiko dugu hori guztia bete dudan ala ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.