Gure irakasleen irakasle

Pasa den ikasturtearen amaieran, aurtengo ikasturterako IKT plana bukatzen ari ginela, IKTen inguruan formazio saiorik ez eskaintzea erabaki genuen. Pasa den ikasturtean, gure intranetaren funtzionamenduaren inguruko ikastaro trinko bat eskaini genien denei eta aurtengorako irakasleei atseden txiki bat ematea erabaki genuen.

IKT plana istear geundela, eskakizun berezi bat jaso genuen gure ikastolako irakasleriaren aldetik. Alde batetik, gure lanaren berri jakin nahi zuten, zertan ari ginen, zer ote zen IKTeroen bloga, zein zen gure lanerako filosofia… Bestetik, erabiltzen ari ginen tresnen inguruko ikastaro bat jasotzeko prest egongo zirela ere jakinarazi ziguten. Benetan harrituta geratu ginen eskari hori IKT taldean jaso genuenean: beldur ginen ez ote genituen irakasleak gehiegi agobiatuko hainbeste IKTekin eta hara non diren eurak formazio beharra eskatzen dutenak. Ez dago esan beharrik sekulako poza jaso genuela, ez baita batere erraza horrelako jarrera baikorrak topatzea IKTekiko irakaskuntza munduan. Lagunak ditut, ni bezala, dinamizazio lanetan dabiltzatenak eta badakit zenbat arazo izaten dituzten IKTen erabilera bultzatu nahi dutenean euren ikastoletan. Onartu beharra daukat gure lankideetaz harro sentitu ginela taldekide guztiak izandako iniziatibarengatik.

Garbi genuen horrelako iniziatiba bati zuhurtasunez erantzun behar geniola. Gure asmoa euren asetze maila ahalik eta handiena izatea zen. Helburu nagusia internet eta IKTen inguruan erabil daitezkeen tresna berrien inguruko trebetasun minimoak jasotzea zen. Baina onartu behar dugu, helburu honetaz gain, prestakuntza saio hauei datozen urteetan jarraipena ematea ere beste helburu nagusietako bat zela. Gauzak horrela ikastaroen antolaketari ekin genion. Hona hemen, hartu genituen erabakiak:

  • Izen ematea librea izan behar zen: helburua ez zen irakasle guztiek web 2.0, webquest-ak edota wikiak zer diren jakitea. Ezin da ukatu landu beharreko kontzeptu batzuk konplexu samarrak direla eta hainbat tresnekin trebatzeko denbora dezente behar dela. Beraz, pentsatu genuen ikastaroa benetan motibatuta zeuden irakasleen artean bultzatu behar genuela.
  • Espektatibak ondo ezagutu behar genituen: hasieran egindako eskaria nahiko orokorra zela uste genuen. Zerbait gehiago konkretatu beharra zegoela ikusten genuen. Horretarako bilerak antolatu genituen etapaz etapa, zeuden asmo edo iritzi desberdinak ezagutu nahiean.
  • Ikastaro mailakatuak egin behar genituen: alde batetik, irakasleengandik jasotako prestakuntza beharrak nahiko ezberdinak ziren etapa desberdinetan. Bestalde, askok azken hemezortzi hilabete hauetan IKTerook ikasi dugun guztia ordu gutxi batzuetan jasotzeko nahia ere luzatu ziguten. Garbi dago, honek mailakatze bat eskatzen zuela landu beharreko edukietan
  • Erabateko erantzukizuna behar zen gure aldetik: kontzienteak ginen horrelako eskaera bati buru-belarri erantzun behar geniela. Ikastaro ezberdinetan irakasle bakar batek izena ematen bazuen ere, irakasle horri gure indar guztiekin erantzun behar geniola garbi genuen. Guk jaso duguna besteei transmitituz lortuko dugu, poliki-poliki, IKTen inplementazioa gure ikastolan errealitate bat izatea. Aurten talde txikiak izanda ere, irakasleak kontent uzten baditugu, garbi daukagu datorren urtean ikasle kopuruak gora egingo duela

Egoera honen aurrean, hamar orduko hiru ikastaro prestatzea erabaki genuen:

  • Web 2.0 eta Blogak: HIKHASIk antolatutako ikastaroan landutakoa kokatu genuen hemen. Web 2.0, sindikazioa, social bookmarking, web soziala, blogak… Gure iritziz XXI. mendeko irakasle batek ondo menperatu beharko lituzkeen oinarrizko tresnak. Irakasleei aurretik esan genien bezala, konplexutasun maila altuko ikastaroa baina, era berean, onura handikoa gure eguneroko lanerako. Ikastaroaren ardura Mikelek hartu zuen
  • Tresna berriak irakaskuntzan: webquest, webquestions, wiki, Moodle… Arlo kurrikularrean definituriko helburuak lortzeko jarduerak, beste era batera, beste tresna batzuekin lor daitezkeela erakutsi nahi genien. Tresna hauen konplexutasuna hain handia ez dela erakutsi nahi genien ere eta, bide batez, sorturiko material berriak denon eskura jarriz, komunitatea sor dezakegula konbentzitu nahi genituen. Beraz, ikuspegi praktikoa izango lukeen ikastaroa, zalantzarik gabe. Ikastaroaren ardura, nola ez, Maiterena izango zen.
  • Argazkigintza eta bideogintza digitala: hainbat etapetatik (HH eta LHtik, batez ere) euren ikasleekin argazkiak eta bideoak maneiatzeko beharra helarazi ziguten. Txikitxoen bideoak ateratzen dituztenak, ikasleekin elkarlanean aldizkariak eta entziklopediak sortzen dituztenak… oinarrizko prestakuntza baten beharra somatzen zuten. Eta, zergatik ez, bide batez euren etxeetan dituzten argazki eta bideo-kamera digitalak erabiltzen ikasten bazuten, askoz hobe!! Horrelaxe Photoshop Elements eta Pinnacle Studio programen oinarrizko erabilera azaltzea erabaki genuen. Niri egokitu zitzaidan ikastaro honen ardura.

Atzo eman genien hasiera Maite eta biok, gure bi ikastaroei. Hauek bukatu bezain pronto, emango dio hasiera Mikelek bereari. Guztira irakasleria osoaren %70 inguru eman du bere izena ikastaro ezberdinetan, hauetatik talde handi batek, lehenego bi ikastaroak burutzeko konpromisua hartu dutelarik (guztira hogei orduko formazioa, ez da txantxa, eh?). Ez dago esan beharrik sekulako poza eman digula partaidetza hain altua izan dela ikustea. Garbi dago irakasleek heldu diotela euren erronkari; orain gure txanda da. Kontatuko dizuegu zein izan den esperientzia pozgarri honen inguruan egingo dugun balorazioa

Amaitu aurretik hemen uzten dizkizuet, nire taldeko kideentzat prestatu ditudan aurkezpen bi. Lehenengoan irudi digitalen oinarrizko ezaugarriak azaltzen ahalegindu naiz eta bigarrenean, Hp eskaner bat erabiliz, argazkiak eskaneatzeko jarraitu beharreko prozedura. Oso aurkezpen xumeak dira baina agian baliagarriak izan daitezke zuetako norbaitentzat. Badakizue, ohitura onak ez dira galdu behar!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.