Geurea, maratoia – Kilometroak 93

Tarteka-tarteka blog hau irakurtzen dutenek gurekin harremanetan jartzen dira horretarako dugun formularioaren bitartez, euren eskaerak, iradokizunak edo mota guztietako ekarpenak egiteko. Konpromisoa hartuta dugu heltzen zaizkigun mezu guztiei ahalik eta azkarren erantzuna emateko eta horrelaxe gertatzen da gehienetan.

Ez da hau, ordea, Andoniren kasua. Andoni 2007ko maiatzean jarri zen gurekin harremanetan. Zera zioen bere mezuak:

Agian ez da hau bide egokiena nik nahi dudana lortzeko, baina ez dakit nondik jo.Urteak daramatzak zuen ikastolak antolatutako Kilometroak jaiaren abestiaren bila. Sorotan Beleren “geurea maratoia”. Eta ez da inondik ageri. Gaur blog hau aurkitu dut eta saiatzea erabaki dut. Ba al dago aukerarik lortzeko? Zuek bidaltzeko? Eskerrik asko

Tira ba, nola ez! Ilusio handia egin zidan gure ikastolak antolatu zuen Kilometroak-eko abesti ofiziala eskatzea. Beraz, zuzenean igo nintzen Lehen Hezkuntzako irakasle bulegora, bertan horrelako material ugari izaten dute gordeta eta nik behar nuena ere han topatuko nuela ziur nengoen.

    – Kaixo, egunon! Aizue Ordizian antolatu genuen Kilometroak-eko abestiak biltzen dituen COMPACT DISK-aren bila nator. Ba al dakizue non dagoen? – galdetu nien bertan zeuden irakasleei.

    – ????

    – Bai ba! K’93ko abestiekin atera genuen ba CD bat, ba horixe!!

Irakasleen begi haundiak eta aluzine aurpegiak ikustean jabetu nintzen zerbait oker zegoela egiten ari nintzen eskarian. Eneeeeee! A ze tentela ni! Nola ez zidaten ba jarriko aurpegi horiek, 1993an CDak zer ziren oraindik ez genekien eta!!

    – Ala txabal, hartzak kasetea, itzaldu tartetxo batean ordenagailua eta joan hadi patioa haize piska bat hartzea – esan zidan batek beste guztiak parrez lehertzen ari ziren bitartean

Jode! Eta orain nola bidaltzen diot nik Andoniri agindutako abestia?” pentsatzen bueltatu nintzen nire gelara. Ikastolan dugun irratiaren bitartez abestia digitalizatzea pentsatu nuen baina ez naiz ni oso iaioa bertako trasteekin. Horrelaxe erantzun nion Andoniri; gertatzen zena esplikatu nion eta bere eskaera lehenbailehen betetzen ahaleginduko nintzela esan nion… gaur arte!

Duela egun batzuk izan nuen Mikel Errazkin-en heriotzaren berri. Pentsatu nuen detaile polita izan zitekeela, bera eta Mikel Mendizabalen artean, gure Kilometroak-erako sortu zuten “Geurea, maratoia” abestia digitalizatzea eta denon eskura jartzea. Kasetea Beasaingo LAGIN estudioetan ekoiztu zen eta nik dakidanez etxe hori dagoeneko ez da existitzen, beraz, auskalo nondik ibiliko den jatorrizko grabazioaren “master”-a. Urko lankideari kasetea irratian digitalizatuko zuen eskatu nion eta honek segituan pasa zidan CDa abesti guztiekin.

Pentsatzen dut Mikeli berari ilusioa egingo liokeela bere abestia denon esku ipintzea eta horregatik, kaseteko abesti guztiak mp3 formatura pasa ondoren, hementxe ipintzen ditut nahi dituenak deskarga ditzan.

Andoniri barkamena eskatzea besterik ez zait geratzen. Berandu bada ere, hementxe dauka eskatutakoa :wink:

Abestiak jaisteko egizu klik lotura bakoitzean:

  1. Geurea, maratoia
  2. Bide luzea
  3. Udazkeneko airean
  4. Murumendiko Mari
  5. Slalom-a
  6. Geurea, maratoia (2. bertsioa)
  7. Ordizia
  8. Debako martxa
  9. Erropazaila
  10. Isil isilik dago
  11. Atzo ttun ttun
  12. Saratarra
  13. Aldapeko sagarraren
  14. Hasierakoa

Disko osoa jaisteko: Geurea, maratoia – Kilometroak 93 (30,8 Mb)

EGUNERAKETA: dagoeneko zuetako batzuk jabetuko zineten bezala “Murumendiko Mari” eta “Aldapeko sagarraren” abestietan badirudi gure ikasleek REC botoia zapaldu zutela nonbait eta euren ahotsak grabatuta geratu ziren jatorrizko abestien gainean. Dagoeneko ahaztuta gaude baina zenbatetan gertatu zaizkigu guri ere horrelakoak? Katxibatxe analogikoekin lan egiteak horrelako arriskuak zituen, baietz?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.