Garai berriak

Garbi dago garai berrietan murgilduta gabiltzala. “El florido pensil”-etik “e-learning” plataformetara ia ohartu gabe igaro gara. Atzo, ordu batzuk eman nituen online nire ikasleekin lanean. Niretzat, ez da oso ohikoa, baina pozgarria izan da eurekin izandako harremana eta lorturiko emaitza.

LHko 5. mailako ikasleei (10 urteko ikasleak dira) Jolausek azaldutako korreoa erabiliz, etxerako lana jarri nien ostiralean. Gelan, ipuina lantzen ari direnez, wiki bat sortu nuen (external link) istorio elkarreragile bat osa zezaten, baina wiki zer den oraindik ez dakite. Horrekin, euren jakin-mina piztu eta, aldi berean, zailtasunen aurrean irtenbideak bilatzeko ohitura indartu nahi nuen.

Bestalde, DBH 1eko ikasleek (12 urteko ikasleek), blog bana sortu dute Blogsomen (external link) eta dena Euskaratu behar dute. Epea astelehenean amaitzen zaie eta batzuk, azkenerako utzi dutenez, asteburu honetan buru-belarri aritu dira lanean.

Bada, atzo nire feed-ak irakurtzen ari nintzela, hara non sartzen den Eider nire Gtalk-en (external link). Eider 10 urteko neskato bat da. Bere korreoan nire mezua jaso eta agindutakoa egiten saitu zela, baina ez zuela ulertzen ipuinaren hasiera. Nik, ezin sinisturik, ea wikian sartu den galdetu nion. Baietz erantzun zidan, baina ipuinaren hasiera ez zuela ulertzen. Lagundu nion eta handik bost minutura, eginda zuela esan eta ikastolako taldearekin partidua jokatzera zihoala esanez, agurtu ninduen. Nik ezin nuen sinistu. Nola arraio lortu du, laguntzarik gabe, wikian alta eman eta mezua editatu? Wikian sartu eta hantxe zegoen berak utzitako arrastoa. Baina, zoritxarrez, eginiko lana gordetzen ez zuen asmatuko eta galduta zegoen. Hala ere, 10 urteko neskato honen ekintzailetasuna zoriontzeko modukoa izan da. Gurasoak ezagutzen ditut eta gai hauetaz ezertxo ere ez dakite, beraz, garbi daukat ez ziotela lagundu. Astelehenean galdetuko diot nola lortu duen, zein motako pausuak eman dituen, informazioa nola lortu duen, G-talk-en nola sartu den… Gelako beste inork ez du lortu oraindik.

Arratsaldez, antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Lan bat prestatzen ari nintzela, Irati (DBH 1eko neska) sartu zen eta arazo larri bat zuela adierazi zidan. Sobra ere, neska koadrila bat elkartu zen bere etxean euskaratzeko falta zitzaizkien blogak bukatzeko eta, nola ez, ongi pasatzeko. Azken hori, batez ere. Izan ere, beste blogetan eginikoa errepikatzea besterik ez zuten, baina ez zuten asmatzen. Nik pista bat eman nien eta ikusi nuen nola poliki-poliki euren blog guztiak Txirritaren hizkuntzan agertzen ziren. Blog bakoitzarekin amaitzerakoan, festatxo bat antolatu zuten (G-talk-en behintzat).

Horrekin, hausnarketa txiki bat egin eta zuekin partekatu nahi dut. Atzokoa, ez da beste munduko gauzarik izan eta, beharbada, ez da egungo errealitatearen isla, baina garbi uzten du praktika berriak zabaltzen ari direla gure ikasleen artean eta ezin diegula bizkar eman. Honekin ez dut esan nahi irakasleok asteburuetan ikasleen esanetara egon behar dugunik, ezta gutxiagorik ere. Baina, aukera eta praktika berri hauek aintzat harturik, garatu nahi ditugun helburuak lortzeko bide ahaltsu eta zabal baten aurrean gaudela ezin dugu ukatu. Behin eta berriz errepikatzen dugu ordenagailu asko eta potenteak izateak ez duela, berez, inongo berrikuntzarik bermatzen. Benetako berrikuntza metodologiarekin lotuta dago, eta hau da, azken finean, baliabide bat edo beste bultzatuko duena. Hezkuntzaren munduan oso barneratuta dagoen kontzeptu okerrak, berrikuntza baliabideekin nahastera garamatza, baina aspertuta gaude “el florido pensil”-etik ateratako metodologiak ordenagailuz lagundurik ikusteaz. Bada garaia, Teknologia Berriek eskaintzen dizkiguten aukera berriak hezkuntza eraginkor baten mesedean jartzeko. Lan kolaboratiboa bultzatzen duten aplikazioak arruntak bilaka ditzagun gure ikasleentzat, ekintzailetasuna indartzen dituzten jarduerak proposatu, jakin-mina indartzeko baliagarriak diren proposamenak luzatu, ezagutzaren kudeaketarako baliagarriak diren tresnak gure ikasleen esku jar ditzagun…

Jakin, badakit, aipaturiko aspektu horiek teknologia berriak erabili gabe sustatu daitezkeela, baina era berean, konbentzituta nago IKTek laguntza paregabea eskaintzen digutela lan horretan eraginkorragoak izateko eta metodologia tradizionalek eskaintzen ez dituzten abentaila batzuk gure esku jartzen dizkigutela.

Zer diozue honi buruz?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.