Gaitasun handiko ikasleak

Egunotan Donostian izan naiz ALCAGI (Altas Capacidades Gipuzkoa) erakundeak antolatutako jardunaldietan. Gai hau, modu ezberdinetan, gertutik bizi izan dudan arren, nire lehentasunetan bigarren edo hirugarren planoan izan dut beti.

Idatzi honekin ez dut gai hau sakontasunez aztertu nahi, egun hauetan jaso dudana eta nire ikuspegia guztiokin partekatzea baizik. ALCAGI (Altas Capacidades Gipuzkoa) erakundeak antolatuta eta La Salle San Luis, Ikastolen Elkartea, Aupatuz eta Kutxaren laguntzarekin, “Gaitasun Handiko ikasleen arretari buruz II. Jardunaldiak” ospatu dira. Esan dudan bezala, ni ez naiz aditua gai hauetan, ezta gutxiagorik ere, baina jardunaldi hauek oso baliagarriak egin zaizkit gogoeta egiteko eta gogoeta hori nire etxeko txoko batean utzi gabe, zuokin partekatu nahi dut.

Lehenik eta behin, gai honen inguruan gizartean eta hezkuntzaren munduan dugun ezjakintasuna azpimarratu nahiko nuke. Arrazoi honengatik, horrelako kasu asko oharkabe gure sudurren aurrean pasatzen zaizkigu eta ez diegu inongo jaramonik egiten eta, ondorioz, ez diegu inongo irtenbiderik ematen. Bestalde, oso nabarmenak diren eta detektatzen diren kasutan, beraiekin bizi direnek eta lan egiten dugunok ez dakigu nola jokatu eta “arazo” bihurtzen zaizkigu.

Horrekin lotuta, gai honetan adituak direnak ez dira ados jartzen ez terminologian ezta haur batek bete beharko lituzkeen baldintzak adimen handikotzat edo “superdotatutzat” jotzeko. Horregatik, batzuentzat haur horiek adimen handikoak diren bitartean, besteentzat superdotatuak, talentuak, goiztiarrak… dira. Erabiltzen den terminoaren arabera, haurrak bete beharko lituzkeen baldintzak edo izan beharko lituzkeen ezaugarriak aldatzen doaz. Nolanahi ere, eta orokortasunean erortzeko arriskua izan arren, saiatuko naiz gehiengo batek ontzat ematen dituen termino eta ezaugarriak aipatzen.

Gaur egun, gehien onartzen den terminologia “adimen handia” da eta “superdotatua” bezalako adierak baztertzen ari dira, batez ere konnotazio ezkorrak dituztelako.

Noiz esan dezakegu pertsona batek adimen handia duela? Bada, hemen abaniko zabal batekin topatzen garen arren, diotenez, nahikoa izango litzateke esparru batean edo gehiagotan errendimendu maila itzela erakustea. Hau da, pertsona batek arlo batean erakusten duen konpetentziaren maila altua ohiz kanpokoa bada, gaitasun handiko pertsona bat izango litzateke. Gertatzen dena da, normalean, pertsona horiek beste arlo edo esparrutan ere antzeko maila altua erakusten dutela.

Baldintza edo ezaugarri sinple hori, autoreen arabera, konplikatu egiten da eta beste hainbat faktore ere agertzen dira adimen edo gaitasun handiko pertsona bat zer den erabakitzeko garaian. Askotan, inteligentzia koefizientea aipatzen da eta 130 da zenbaki magikoa eta mugarri gisa erabiltzen dutena. Hortik gora izan behar du pertsona batek multzo horretan sartu ahal izateko. Gaur egun, autore askorentzat hori guztia garrantzitsua izanik, ez litzateke nahikoa izango gaitasun handiko pertsona bat identifikatzeko. Diotenez, horretaz gain, beste faktore kualitatiboak ere aintzat hartu behar dira: sormen handia izan beharko luke, errendimendu handia, konpromisoa…

Honek guztiak nire lehen zalantzak sortarazten dizkit. Ez al da askotan gertatzen eskolak duen egitura zurrunak gaitasun handiko ikasleak baztertzen dituela euren sormena eta errendimenduaren kalterako? Ez al da egia eskola gehienetan erabiltzen den metodologia mota honetako ikasleentzat zapuztailea dela? Ez al da egia gaitasun handiak dituzten ikasle askok izugarrizko zailtasunak dituztela beraientzat inongo interesik ez duen eskolara egokitzeko?… Galdera hauek eta beste asko egiten ari nintzela, Ken Robinsonen hitzaldi famatuarekin gogoratu eta sormena hiltzea ez ezik, gaitasun handiko ikasleen zoriontasuna eta hauetako askoren etorkizuna ere zapuzten duela pentsatu dut. Bideoa, ezagutzen ez baduzue, galdu behar ez den horietako bat da. Ingelesez dagoen arren, azpitituluak dauzka hizkuntza ezberdinetan, baita euskaraz (basque) ere.

Ken Robinsonek dio eskolak sormena hiltzen duela

Zer egin? Nola jokatu beharko genuke?

Egia esan, jardunaldi hauetara joateko izena eman nuenean, hauxe zen benetan interesatzen zitzaidana. Alegia, nire eguneroko lanean gai horren aurrean nola jokatu jakin nahi nuen. Eta nire zalantza guztiak argitu ez badira ere, eta, gehienetan bezala, inongo panazearik ez dagoen arren, aurretik nituen ideia batzuk sendotzeko baliagarria suertatu zait eta, batez ere, orain arte ausartu ez naizen urrats batzuk emateko behar nuen adorea eta kemena eskuratzeko balio izan duela aitortu beharra daukat.

Jasotako ideia batzuk:

  • Gure jokabideak proaktiboa behar du izan eta ez erreaktiboa
  • Horrenbeste aldarrikatzen den ekitatea ez dela lortuko gaitasun guztien garapenerako aukera ahalbideratzen ez badugu
  • Adinean soilik oinarritzen den mailakatze sistemarekin hautsi behar dugu
  • IKT baliabideen erabilera oso lagungarria da aniztasunari hobeto erantzuteko
  • Gaitasun handiko haurrak, haurrak dira
  • Gaitasun urriko ikasleek dituzten eskubide eta arreta berdinak behar dituzte
  • Beste haur guztiekin gertatzen den bezala, euren behar kognitibo, sozial eta afektibo-emozionalak garatu behar ditugu
  • Konbergenteak direnak oso ikasle “onak” eta errazak ohi dira eta dibergenteak, berriz, oso zailak eta lan handia ematen dute
  • Pertsona guztiek bezala, haur hauek ere onarpena eta errekonozimendua behar dute
  • Erronkak jarri behar dizkiegu, bai intelektualak baita emozionalak ere
  • Frustrazioa onartzen ikasi behar dutenez, gehiegizko babesa saihestu
  • Berdinen arteko (ez adin berdinekoak soilik) elkarlana sustatu
  • Betiko metodologia alboratu behar dugu
  • Metodologia aktiboagoa sustatu behar dugu
  • Proiektuetan oinarritutako hezkuntza edo egoera-arazoetan oinarritutakoa, adibidez, oso gomendagarriak dira
  • Ikaskuntza kooperatiboaren printzipioak ezarri beharko genituzke
  • Talde, ordutegi eta curriculum malguen ezarpena derrigorrezkoa da
  • Ikaslea bere ikas prozesuaren erantzule bihurtu behar dugu
  • Errutinak aldatu eta gure sormena erabili behar dugu betikoa ez eskaintzeko
  • Jorratzen ez diren gaitasunak, nekez bihurtuko dira konpetentziak

Ikusten duzuen bezala, gauza gehienak oso logikoak eta maiz entzundakoak dira. Baina zergatik diot niretzat oso baliagarria suertatu zaidala? Bada, duela ez urte asko, batez ere metodologia eta antolaketa aldaketaren beharraz nire lankideekin hitz egiten nuenean, estralurtartzat hartzen ninduten. Oso frustragarria zen, baina mezu horiek orain leku guztietan entzuten ari gara eta orain mezua ez dator aldameneko lankide batengandik, esparru ezberdinetako adituengandik baizik. Horregatik, garai hartan detektatzen nuen ezkortasuna aldatzen hasita dago eta, jada, nire ikastolan irakasle asko hasita gaude aldaketa begi onez ikusten. Antolaketan eman beharreko aldaketen beharraz ere jabetzen hasita daude eta bultzada bat besterik ez zaigu falta eman beharreko urrats kualitatibo hori ematen hasteko.

Horregatik, oso baikor etorri naiz Donostiatik eta konbentzituta nago gaitasun handiko ikasleekin ez ezik, gainontzeko guztiekin ere aldaketa sakonagoak ematen hasiko garela eta hori guztia antolaketan eman beharreko aldaketa garrantzitsu batzuez atonduta. Beldurra alde batera utzi eta ekin diezaiogun aldaketari!!!

Argitaratzailea

Mikel Etxarri

Lehen Hezkuntzako irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.