Finlandia eredu III: Ikasleak

Ume eta nerabeak berdinak dira leku guztietan. Halaxe diote batzuek, behintzat. Nik ez dut uste hori egia denik, ez behintzat hezkuntzarekin zerikusia duten hainbat faktoreetan. Finlandiako ikasleen inguruko informazio honetan ikus ahal izango ditugu zein berezitasunak dituzten Ipar Europako ikasle horiek.

“Tontakeri” batekin hasiko naiz, baina “tontakeri”honi esker, egoera oso bestelakoa da Finlandian: Finlandiako agintariek euren Hezkuntza Sistemaren ardatza zein izan behar zuen erabakitzerakoan, ezagutzen aurretik ikasleak jarri zituzten. Ikasle zoriontsu eta aske batek, ezagutza errazago barneratuko du; hori ez da pedagogo baten ideia, Finlandiako hezkuntzako agente guztiak gidatzen dituen irizpidea, baizik.

Sistemak era guztietako ahaleginak egiten ditu ikasleak etxean bezala egon daitezen. Etxea eta ikastetxeen arteko dibergentziak saihesten dira. Ikastetxeetako eremuek giro atsegina sortzen dute eta nabaria da ikasleek erakusten duten errespetua, guneak txukun eta txikiziorik gabe mantenduz. Oro har ikastetxe txiki edo ertainak dira (300-400 ikasle LHkoetan eta 400-500 Bigarren Hezkuntzakoetan), honek gertutasuna eskaintzen du eta irakasleek ikasle guztiak ezagutzen dituzte. Hori dela eta, euren arteko harremanetan oso giro ona eta konfiantza handia sumatzen da, hori bai, elkarrekiko errespetua ez da inolaz ere galtzen.

Sistema ezagutzen ez duen edonork Finlandiako ikastetxe batean sartzean izugarrizko diziplina arauak egongo direla pentsatuko du, baina errealitatea oso bestelakoa da; ikasleak askatasunez mugitzen dira, erlaxaturik, zalapartarik gabe. Auto diziplina da nagusi. Horrek ez du esan nahi, arazoak sortzen ez direnik, baina hango giroak laguntzen du eta oso gutxitan ematen dira gainontzeko lurraldeetan horren ohikoak diren arazoak.

Finlandiako eskola saiatzen da ikasleen erritmo ezberdinetara egokitzen. Ikasleek 7 urterekin, gutxi gorabehera ikasten dute irakurtzen. Ordura arte, Haur Hezkuntzan, ikasleen gaitasunak sustatzen eta pizten ahalegintzen dira. Presiorik gabe, estimulatuz eta motibatuz. Adin hauetan, salbuespenak dira errepikatzen gelditzen diren ikasleak, beti ere gurasoen onespenaz. Nolanahi ere, ikaragarria da ikastetxe bakoitzak egiten duen ahalegina zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko. Berehala hartzen dira neurriak laguntzeko eta laguntzaile bat kontratatzen dute gelan bertan laguntza eskaintzeko. 16 urte bitarteko eskoletan, ikasleen erritmo biologikoa errespetatzen saiatzen dira eta 45 minutuko saioak antolatzen dira, 15 minutuko atsedenak tartekatuz. Atseden horietan, ikasleak ordenagailuetan, jolasten, solasean, pasilloetan… libre dabiltza.

Erabiltzen duten metodologiari dagokionez, saio magistralak ia ez dira bat ere erabiltzen, ikasleak ezagutzarekin harremanetan egoteko era guztietako baliabideak jartzen dituzte euren esku (liburuak, ordenagailuak, proiektoreak, DVDak, telebistak…). Helburua, ikasleen neurriko ezagutza eraikitzea eta sortzea da; “Ikasleak ezin ditugu behartu, aukera ezberdinak eskaini behar zaizkie ikas dezaten eta konpetentziak lor ditzaten”. Horregatik, irakasleek ikasteko egoera ezberdinak eta motibagarriak sortzea dute helburu, eta ez ezagutza bat inposatu bere autoritatea erabiliz.

Askatasuna da askotan errepikatzen den hitza Finlandiako Hezkuntzaz mintzatzean. Ikasleek askatasuna dute euren ikasketak antolatzeko eta askatasun hori heldutasunarekin batera handituz doa. 13 urte bitarteko etapan, ikasketak berdinak dira guztientzat (9 urterekin hasten dira ingelesa ikasten eta 11 urterekin beste hizkuntza bat hauta dezakete, gehienetan alemana izaten da). 13 urtetik aurrera hasten dira hautazkoak sartzen, ezberdinak ikastetxe guztietan eta udal agintariekin adostuak. Ikastetxe bakoitzak erabaki dezake sakondu edo indartu nahi duen arloa edo gai batean espezializatu nahi duen edo ez. 16 ikasle beharrezkoak dira aukera bat martxan jartzeko. 14 urterekin bi gai hautatuko dituzte, sei 15 urterekin eta bost 16 urterekin. Guztira, ezingo dute 30 saio baino gehiago izan astean. Ikasleak, poliki-poliki euren autonomia eta ikasketekiko erantzukizuna eraikiz doaz. Horretarako, alboan dituzte ikastetxeko aholkulariak edo orientatzaileak.

Derrigorrezko etapa horietan ikasgelaren egitura tradizionala mantentzen den bitartean, Lizeoan (hemengo Batxilergoa) ikasle bakoitzak bere programa erabakitzeko eta zehazteko ahalmena du. Guztira, 3 ikasturtetan, 75 kurtso egin behar ditu, horietatik 45 derrigorrezkoak dira eta 30 hautazkoak. Ikasgela, ikasle talde gisa, desagertzen da. Konfigurazioa oso malgua da eta izena emandako ikastaroen arabera, sortuko dira elkartze ezberdinak eta adin ezberdineko ikasleak elkartu daitezke, saio batzuetan, inongo arazorik gabe. Honi esker, ikasle bakoitzak, bere gaitasun eta interesen arabera, bere ikasketak zehazten ditu. Gauza bera gertatzen da Lanbide Heziketan. Ikasleen autonomia honek asko laguntzen die eta ongi prestatzen ditu jarraian hasiko dituzten goi mailako ikasketetan.

Ikasleen ebaluazioari dagokionean, Lehen Hezkuntzan ez da ebaluaziorik egiten (notak jarriz), etaparen amaieran bakarrik egiten dute horietako bat. Honela, oinarrizko konpetentziak eta ezagutzak kontrol eta noten presiorik gabe jasotzen dituzte, zailtasunak dituzten ikasleak estigmatizatu gabe. Norberak bere erritmoa jarraitzeko aukera du, araututakoa ez duela jarraitzen barneratu gabe. Finlandiak konfiantza jarri du umeen kuriositatearengan eta berezko jakin-minarengan. Notak oztopo bat besterik ez lirateke izango lortu nahi dituzten helburuentzat.

Bigarren Hezkuntzan, emaitzak 4-10 eskalaz neurtzen dituzte. 4a ez dakiela adierazteko erabiltzen da eta gaiari berriro heldu beharko diola esan nahi du, gainontzeko emaitza baxuak ezabatuz. Lortutako ezagutza edo konpetentzia, maila ezberdinez lor daitekeenez, 5-9ko eskala erabiltzen dute. Batxilergoan, eskala mantentzen da, baina azterketen erritmoa askoz ere fuerteagoa da: 6 aste igaro eta gero, azterketak egiteko astebete dute. Hiru orduko frogak izaten dira (9:00-12:00) eta egun horietan beste klaserik ez dute.

Laburtuz, Finlandiako gizarteak ikaskuntza ulertzeko beste era bat bultzatu du. Eredu horren oinarrian, “Ikasten ikasi” konpetentziaren lorpena kokatzen da eta beste mundu berrietara iristeko giltzarria bilakatzen da. Ikasleak, prozesuaren parte hartzaile aktiboak dira, elkarreragintzaz elikatzen dira, hartzaile nahiz sortzailearen rola hartzen dute eta sormenerako nahiz kritikarako gaitasuna garatzen dute.

Gurean, zer esango dizuet? Bada, Finlandian sistematikoki burutzen den hori, hemen salbuespenak besterik ez direla. Gure ikasleek, kasu gehienetan, rol pasiboa jokatzen dute eguneroko jardunean eta irakasleok gara euren ikas-norabidea zehazteko arduradunak. Sormena eta kritika ez dira gure sistemaren ezaugarri nagusiak eta, are gutxiago, ikasten dakiten ikasleak sortzea. Dena mamituta ematen zaie, ikasleek ez dute euren gain inongo ardurarik hartzen, baina hori ez da gertatzen gure ikasleak “pasotak” direlako, uzten ez zaielako baizik. Horregatik, zailtasun baten aurrean, autonomia falta ikaragarria izaten dute soluziobideak proposatzeko, bilatzeko… Klase magistralak dira nagusi gure sisteman, kritikotasuna lantzeko aukera urriak gelditzen direlarik. Ikasle otzanak ongien baloratzen ditugunak izaten ohi dira.

Bestalde, Europako lurralde askotan, segurtasun arazoak sortzen ari dira eta ikastetxeak, kanpoko itxurari dagokionean behintzat, kartzela baten itxura hartzen ari dira: ate blindatuak, burdin hesiak, zinpeko zaintzaileak… Ez dut uste, baldintza horiek, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetarako giroa egokiena sortzen dutenik. Nik uste dut badela garaia ikastetxeak behar bezala prestatzeko eta gure etxeak bailira apaintzeko eta girotzeko, ezinbestekotzat jotzen baitut giro egoki bat lanerako, sormenerako, lasaitasunerako, zalapartarik gabeko gunea… sortzeko.

Bukatzeko, gure egitura oso estua da, malgutasunerako tarterik apenas dago eta ikasleen erantzukizuna oso txikia da. Batxilergoan hautatu behar izaten dute eta, ordura arte, eskatu ez zaien erantzukizuna hartzera behartzen ditugu. Horregatik, kasu askotan, erabaki hori gurasoen nahiak asetzeko hartzen da. 16-17 urteko ikasleak dira eta kritikotasuna zentzu txarrenean besterik ez dute garatu (dena gaizki dagoela esateko, arrazoirik eman gabe eta beste irtenbideak proposatu gabe), oso maneiakorrak dira eta, oraindik ere, ikasketetan, irakaslearen mendeko daude.

Hurrengo atalean, Finlandiako Hezkuntza Sisteman Ebaluazioa nola planteatzen den aztertuko dugu.

Informazio iturriak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.