Edupunkiak al gara?

Edupunk hitza, aspaldi honetan etengabe aipatzen ari da irakaskuntzarekin zerikusia duten blog interesgarrienetan. Zalantzarik gabe, adin bat daukagunontzat, oso erakargarria egiten zaigu termino berri hori, baina zer dago horren atzean?

Edupunk terminoa oso berria da, izan ere, Jim Groom-ek maiatzaren 25ean erabili zuen estreinakoz. Bere idatzi horrek arrakasta handia izan zuen, baina Chronicle of Higher Education artikulua aipatu zutenean, oihartzun handiagoa lortu zuen eta jende gehiagorengana iritsi zen. Une horretatik aurrera, bi eztabaida lerro nagusitzen ari dira: batetik, etiketaren beraren egokitasunaren inguruan sortutakoa eta etiketaren atzean dauden aspektu politiko eta sozialen ingurukoa, bestetik. Zalantzarik gabe, azken hori da interesgarriena.

Zehatzagoak izateko, Groomek termino hori erabili zuen enpresa batzuek egiten duten web 2.0ko aplikazioen erabilpenaren aurka. Enpresa horiek, erabiltzaileok sortutako baliabide , ideiak eta ezagutza “paketeetan” bildu, litzentzipean jarri eta ikaragarrizko prezioan salgai jartzen dituzte. Bere kritika Blackboard etxearentzat zen, baina beste etxe askorentzat berdin-berdin izan zitekeen. Nolanahi ere, nik uste dut kritika horren atzean zerbait gehiago adierazten dela: formatu itxiek ez dute lekurik amesten dugun irakaskuntzan. Gora OER!!!

Tekonologia ez da neutroa eta enpresa horiek euren merkatu kuota edo boterea eskuratu nahi duten bezala, guk beste eztabaida edo hausnarketak sustatzeko erabil ditzakegu eta erabil beharko genituzke. Eta hortxe dago kakoa. Non kokatzen dugu gure burua? Zein da gure rola gizartearekiko? Etikaren ikuspegitik, zein izan behar du gure jokabidea? Onargarria da argitaletxe eta erakunde batzuek egiten dutena? Euren jokoa jarraitu behar al dugu?

Gai honen berri izan nuen lehen momentuan ez nuen uste horrenbeste hauts harrotuko zuenik, baina oso eztabaida interesgarriak sortzen ari dira eta ideia oso deigarriak irakurtzen ari naiz hortik zehar. Nik ez dakit edupunk edo edupop naizen, baina oso garbi daukat gertu sentitzen dudala hortik zehar esaten ari dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.