Irakasleon garapen profesionalari buruzko ideiak

Gaur arratsaldean duela hamar bat egun CITAk antolatutako kongresuan parte hartu duten hizlariek erabilitako aurkezpenak biltzen dituen artikulura heldu naiz. Eskaintzen diren lau aurkezpenetatik lehenengoak zer pentsatua eman dit eta nire ideiak hementxe jasotzea erabaki dut.

Aurkezpena Castellomgo Jaume I unibertsitateko irakasleak diren Jordi Adell eta Linda Castañedak prestatu dute eta azkenaldi honetan asko kezkatzen nauen gai bati buelta pare bat ematen dizkiote bertan: irakasleon garapen profesionalaren gaia.

Aurkezpena bi zatitan banatu dute. Bigarrena Ikas-ingurune Pertsonalen inguruan da eta IKT kontuetan gehiegi murgilduta ez dabilenak agian ez du gehiegi ulertuko. Lehenengoak ordea mami asko daukala iruditzen zait eta irakaskuntzan urte batzuk daramagunoi zer pentsatua eman beharko ligukeena.

Gogoratzen dut 97an ikastolan hasi nintzenean, nire kezkak nituela Ikastolen Elkarteak atera berri zituen Ostadarreko Matematikako testu liburuak erabiliko ote nituen edo ez erabkitzerakoan. Baliabide haien egokitasuna ez nuen garbi ikusten eta, nire ikuspegitik zituen gabeziak nire material propioekin osatuko nituela erabaki nuen azkenean. Gogoan dut orduan horrelako zerbait entzun nuela garai hartan ikastolan goi mailako ardurak zituzten batzuengandik:

baliabide hauen atzean asko dakiten profesionalak daude; nola ausar zaitezke zalantzan jartzea hau eta bestea

Tira, nik banekien gutxi gorabehera zeintzuk ziren nire arrazoiak erabai hura hartzeko baina egia da ere, zaila nuela argumentatzea nire jarrera, ez baitzen erraza orduan, argumentazio solido bat emateko behar nuen informazioa eskuratzea eta faltan botatzen nuen, baita ere, esperientziak ematen duen ezagutza. “Haiek nik baino informazio iturri aberatsagoak, eguneratuagoak, baliagarriagoak… dituzte” pentsatu nuen. “Nor naiz ni Ikastolen Elkartea bezalako “ezagutzaren tenpluan” lan egiten udtenen erabakiak zalantzan jartzeko” pentsatu nuen. Halere, jarraitzen nuen pentsatzen benetako profesionala izan nahi banuen, ezin nuela material hori besterik gabe erabili, inongo autonomiarik gabe nire lanean, inongo ardurarik gabe, inongo kritikotasunik gabe. Nola bestela izango nintzen gai garai berrietara egokitzeko behar nuen garapen profesionalari heltzeko?

Urteak pasatu dira eta, harrigarria badirudi ere, aurten berriro ere entzun ditut antzeko komentarioak nire inguruan. Nola liteke oraindik onartzea “irakasleok ez daukagu ezagutza nahikorik gure zeregin profesionalari behar bezala erantzuteko”? Irakasleok nola demontre jarraitzen dugu duela hamarkada batzuetako paradigma berdinetan lanean?

Gauzak gaur egun asko aldatu dira. Jordi eta Lindaren aurkezpenean inplizituki uler daitekeen moduan, internetek “ezagutza tenpluen” hormak puskatu egin ditu. Ikasten ikasteko grina duenak eta bere garapen profesionalean aurrera egin nahi duenak, aukerak ditu, hala nahi badu, tenpluan bizi direnek kontsultatzen dtuzten iturri berdinetatik edateko. Are gehiago oraindik, euren ikaskuntza praktikak apenas aldatu dutenen aurrean, euren ikas-ingurune profesionala txukun antolatu dutenek, etengabe ari dira egoera berriek eskatzen dituzten exijentzia berrietara egokitzen. Horrela, “ezagutza tenplu” horietako askok oso modu trakets eta motelean egokitzen ari dira, inguruan gertatzen ari diren aldaketetara. Adibide bat jartzearren, EEBBtan eta Espainia osoan liburu digitalak (orain ezagutzen ditugun moduan) kolokan jartzen dituzten iritziak hezkuntza munduan geroz eta nabarmenagoak diren une honetan, Ikastolen Elkarteak OKDa bezalakoak ipintzen ditu martxan edota ohiko materialen “refritoak” diren liburu-digitalak ipintzen dituzte kalean, berrikuntza barnize batez apainduta gainera. Berrikuntza bezala saldu nahi da, eskola komunitateak dagoeneko erabaki duenean horrelakoek iraungitze epe laburra izango dutela.

Aurkezpenaren 16. diapositiban esaten den moduan “Nos han desprofesionalizado (i.e., el libro de texto) y burocratizado”. Egoera hori ez da bakarrik kanpo-eraginaren ondorioa izan; ziurrenik gutako asko oso eroso sentitu gara ere, gurea den lan bat kanpotik eginda jaso izan dugunean. Alderdi horretatik, onartu beharra dago, kanpoko presio hori oso ondo etorri zaigula askotan, gure ardura pedagogikoak izan beharko luketenak bigarren maila batean utzi eta bizitza profesional erosoagoa izateko. Horrela, gaur egun arazoak ditugu sekuentzia didaktikoak modu autonomoan diseinatzeko, aniztasunak eskatzen dituen estrategia didaktiko alternatiboak diseinatzeko (arazo potolo bat gure ikastolan), benetako ebaluazio formatiboa burutzeko irizpideak diseinatu eta aurrera eramateko bitartekoak erabiltzeko, etabar, etabar. Bitxia bada ere, duela berrogei urte ikastolen mugimenduaren sendotzea gertatzen hasita zegoen garai hartan, hain arrunta zenaren beste muturrean bukatu dugu. Eta hori ez dut nik esaten. Nik dakidaneraino, Jordik eta Lindak ez dute Ikastolen mugimendua gertutik ezagutzen. Baina irakasleon garapen profesionalean aurrera egiteko proposatzen ditzuten estrategiak irakurrita, badirudi duela berrogei urte, ikastolen aitzindariak izan ziren irakasleek egindakoa oso ondo ezagutzen dutela:

1) Estar orientado a la resolución de problemas
2) Ofrecer oportunidades para que lso docentes trabajen juntos y con expertos
3) Facilitar la exposición de los docentes a innovaciones en conocimientos, practicas de enseñanza y tecnologias de apoyo
4) Capacitar a los docentes para probar nuevas estrategias y habilidades
5) Facilitar la reflexión sobre la propia práctica y la discusión orientada a un proposito

Ez al dira horiek, hain zuzen ere, duela berrogei urte ikastoletako irakasleek erabat barneratuta zituzten kontuak? Ikastolen mugimendua gaur dena izatera heldu bada, ez al da orduko irakasleek normaltasunez asumitzen zutelako euren garapen profesionala ezinbestekoa gurea bezalako proiektu bat aurrera eramateko? Baliabide eskasia izugarria zegoen garai hartan, ez al mirestekoa irakasle haiek, euren praktika didaktikoaren hobekuntzaren alde adierazi zuten jarrera eta hartu zuten konpromisoa?

Zergatik ukatu nahi zaigu orduan guri garapen hori, ezagutza eta informazioarekiko sarbidea inoiz baino errazagoa den garai honetan? Zergatik ukatzen zaigu bide berriak ikertzeari, ikerkuntza horrek eskatzen duen formazioa modu autonomoan jasotzeari? Estrategia berriak probatzeari? Noiz pasako gara material “prefabrikatuak” inongo irizpide kritikorik gabe aplikatuko dituen profesionalak izatetik, ibilbidea modu autonomo eta arduratsuan egiten jakingo duten profesionala izatera?

IKT dinamizatzaile aldaketa Jakintza ikastolan

Hamalau urte bete ditut aurten Jakintza ikastolan lanean hasi nintzenetik eta horietatik hamar urte egin ditut IKT dinamizatzaile lanetan. Hamarkada bizi eta emankor baten ondoren, gaurkoa izan da azken eguna “ofizialki” IKT dinamizatzaile tituluarekin lanean aritu naizena.

Hamar urte asko ala gutxi diren hori norberak erabakiko du. Denbora tarte horretan ikasitakoari erreparatzen badiot, ez daukat zalantzarik: bide luzea izan da, lan exijentzi altukoa kasu askotan baina emandakoa baino askoz gehiago bueltan eskaini didana. Alderdi horretatik, duela hamar urte nintzen irakaslea baino hobeagoa naizela orain uste dut eta hori egiaztatu nahi dut hurrengo hamarkadan.

Erantzukizun aldaketa honetan aldagai eta arrazoi asko egon dira, ez ditut denak zerrendatuko orain. Urte hauetan zehar asko aldatu da teknologia eta bere erabilera didaktikoaren inguruan daukadan pertzepzioa. Gaur, gauzak beste modu batera ikusten ditut.

  1. Eskola komunitatean oso barneratuta daukagu oraindik espezialisten beharra: orientatzaileak, dinamizatzaileak, mintegi-buruak, ikasketa-buruak… Oso zatikatua ikusten dut dena, bakoitza bere lan-eremuaz bakarrik arduratzen da. Baina uste dut XXI. mendearen lehen hamarkada iragan den honetan, hori guztia beste modu batean enfokatu eta kudeatu behar dela
  2. IKT dinamizazioaz zer ulertzen den berriro birplanteatu beharra dagoela iruditzen zait. Eta dinamizatzailearen profil profesionalak berak berrikusketa sakona eskatzen duela uste dut
  3. Berrikuntza beharra urgentea daukan hezkuntza sistema honetan IKTei eskaini zaien gehiegizko protagonismoarekin amaitzea guztiz beharrezkoa da. Benetako irakaskuntza zertan datzan tutik ere ulertzen ez duten IKTero asko daudela iruditzen zait, teknologian jantziak diren sasi-irakasle asko.
  4. Teknologia hezkuntza munduan (arlo pedagogikoan nahiz kudeaketan) modu eraldatzaile batean txertatzeko bide gehienak oraindik itxita mantentzen dira; antolaketa sistema zurrunegiak, kontserbadoreegiak ditugu oraindik eskoletan.

Amaiak helduko dio datorren ikasturtetik aurrera nik orain arte izan ditudan zereginetako askori aurre egiteko erronkari. Kontentu nago; profesional handia da Amaia, ikasteko grina duen profesionala (hortxe dago gakoa) beti irrifar batekin lanera datorrena. Jakintzak IKTero berria dauka gaurtik aurrera!

Eskola antolaketa berri baterantz

Urteak daramatzagu gure ikastolan konpetentzietan oinarrituako hezkuntza eredu berriari bueltak ematen, definizioak aztertzen, zer den eta zer ez den eztabaidatzen, irakasleon rol eta zeregin berrien inguruan hausnartzen, egoeretan oinarritutako metodologiak eta ebaluazioa formatzaileari bueltak ematen… Denbora dezente pasa da eta oraindik hortxe gabiltza bidea nola egin, ataritik nola irten oso ondo jakin gabe.

Bigarren hezkuntzako irakasleok, batez ere, ez gaude eroso, aurrera egin nahi dugu, egungo egoera aldatu nahi dugu, garai berrietara egokitu nahi dugu gure lana, lanarekiko egun daukagun asebetetze maila igo nahi dugu, ikasleekin dugun harremana aldatu nahi dugu… Erakundeetan aldakuntza disruptiboak aurrera eraman nahi izaten direnean, erakundea osatzen duten kideen aurkako jarrerak izaten dira aurrera egiteko oztopo nagusienetako bat. Baina gure ikastolan, behintzat, ez da horrela gertatzen; irakasleak euren konfort egoeratik irten eta aurrera egiteko gogoarekin ikusten ditut, aldaketaren beharra somatzen dute eta aurrera egin nahi dute. Zer dela eta kostatzen ari zaigu hainbeste, orduan, aurrera egitea? Zer falta zaigu bideari hasiera emateko?

Horrelako egoerak ikuspegi pertsonal batetik analizatzea errealitatearen alderdi bakar baten ikuspegia aztertzeko arriskua izaten duela badakit eta horrek gauzak gehiegi sinplifikatzera eraman dezakeela kontutan izanik, nik ondorengo arrazoiak aipatuko nituzke egungo “ataskoaren” gakoa non egon daitekeen esplikatzeko:

  • Ziurgabetasunarekin harremana gordetzen dutenak: etorkizun ezezagunak zer ekarriko duen ez jakitea, aldaketak eskatzen duen esfortzuak mereziko ote duen zalantzan jartzea, behin bidea egiten hasita sortuko diren “koxkak” gainditzeko gai izango ote garen garbi ez ikustea… Jarrera horiek orokorrak ez badira ere, agerian geratzen dira batzuetan eta gainera normala iruditzen zait horrela izatea.
  • Formazio beharrekin eta bere kudeaketarekin lotutakoak: erronkari arrakastaz heltzeko benetan prest ikusten dugu gure burua? Gai izango ote gara arlo desberdinetatik garatutako sekuentzia didaktiko ezberdinak modu egituratu eta arrazional batean diseinatu eta mailakatzeko? Bidean sortuko diren ikaskuntza beharrak asetzeko ipiniko diren bitartekoak malguak eta eraginkorrak izateko berme nahikorik ba ote dugu?
  • Lidergoa eta iniziatibarekin lotutakoak: Nork/Nortzuk marraztuko du/dute bidea? Nork/Norktzuk zehaztuko ditu/dituzte bide horretako etapak? Nork/Norktzuk gidatuko du/dute abiatzear dagoen berrrikuntzaren autobusa? Guk hartuko dugu aldaketaren gidaritza ala kanpo eragileen iniziatibaren zain geratuko gara?
  • Barne antolaketarekin lotutakoak: egia esan, ez gara asko atal honetan aurrera ez egiteko arrazoiak ikusten dugunok. Egungo kudeaketa organoak, prozesuak, espazio eta denboren antolaketak… berrikusketa bat behar dutela, garai berrietara eta behar berrietara egokituta egon behar dutela planteatzen duen horietakoa naiz. Eta horrekin nabil bueltaka duela hilabete batzuetatik hona. Tarte honetan, garbi ikusi dut gehiengo batek ez duela nire ikuspegi hori partekatzen. Eskola antolaketaren berrikuntzaren kontuak errespetu handia ematen du eta, nahiz eta neurri batean ulergarria izan, konbentzituta nago aldaketa etorri, etorriko dela, gaur ez bada, bihar izango da. Kontu honen inguruan azkenaldian jasotzen ari naizen pertzepzio eta kanpo erreferentziek geroz eta ageriagoan uzten dute aldakuntzaren beharra.

Eskola antolaketa curriculumaren diseinu berriaren zerbitzura

Asteartean bertan elkartu ginen irakasle talde bat bidea nondik egiten has gintezkeen aztertzeko. Lankide batek bere arloan garatu zitekeen proiektu/egoera baten diseinua aurkeztu zigun, helburu eta metodologia desberdinen inguruko xehetasunak esplikatu zizkigularik. Asko gustatu zitzaidan nola planteatu zuen hasierako egoera, nola lotu zuen beste arlo desberdinetako helburu eta edukiekin. Aurkeztu zuen moduan han geundenoi gogoa eman zigun lanean di-da batean hasteko, azaldutako adibidea gorpuzten eta sakontzen joateko. Baina, hortxe, sortu ziren lehenengo zalantzak. Hori al da jarraitu behar dugun bidea? Alegia, irakasle bakoitzak bere arloan ikasturtean zehar garatuko dituen sekuentzien diseinuari helduz hasi behar al dugu lanean? Hori dagoeneko aurrerapauso garrantzitsu bat dela ukatu gabe, ez al da beharrezkoa halako koherentzia bat, jarraipen bat, definituko ditugun helburuetan, garatuko ditugun konpetentzietan, erabiliko ditugun metodologietan eta martxan ipiniko ditugun ebaluazio prozesuetan?

Hortxe aritu ginen kontu horien inguruan eztabaidatzen. Eta, horren haritik, une batean kezka sortu zen taldean: irakasleon lana ote da hori? Gehiago oraindik: prestatuta al gaude irakasleok horrelako lan bati behar-bezala heltzeko?

Nik oso garbi daukat. Ez da bakarrik nola prestatuko ditudan nik nire sekuentzia didaktikoak, nola prestatu eta emango ditudan nik nire klaseak, nola izango da nire jarduna gelan eta zeintzu estrategia metodologiko erabiliko ditudan nik nire ikasleekin. Hori baino gehiago da. Nola uztartuko ditugu guk banaka sortutako sekuentzia horiek, helburu espezifiko horiek, ikuspegi orokorrago batean mesedean; nola kudeatuko ditugu guk, adibidez, denbora eta espazioaren erabilerarekin lotutako erabakiak beste proiektuen garapenean oztopo bilakatu ez daitezen; eta beste mila kontu. Beste hitzetan, konpetentzietan oinarritutako kurrikulum berri baten diseinua aurrera ateratzea denon zeregina da, ikastolako komunikate osoarena. Nik ulertzen dudan moduan, eskola bakoitzak ikuspegi curricular propio eta independente bat izan behar du, ikastetxearen misio, bisio eta baloreekin uztartuta egon behar duena eta bere bezeroek eta inguru sozialak dituzten ezaugarri eta beharretara egokituta. Zehaztapen curricularra ezin da utzi argitaletxeen eskuetan ezta ikastola bakoitzaren errealitate zehatza ezagutzen ez duten erakundeen eskuetan ere. Bakoitzaren ekarpenen ekoizpena abiapuntu itzela den bezala, berrikuntza kurrikularra ikastolaren ardura da. Bide hori egiteko beharrezkoa da legearen oinarrien ezagutza minimo bat, egungo egoerara heldu aurretik izan diren aurrekariak ezagutzea eta egun agertzen diren aldagai berritzaileen inguruan ere bustita egotea. Zeregin horretan irakslearia osoa inplikatzea gauza konplikatua izan daiteke, ados. Baina antolaketa berri batek hori guztia ahalbideratu dezakeela garbi daukat.

Hala ere, zehaztapen curricularra gauza garrantzitsua bada ere, ez da enfoke berritzailea eskatzen duen kontu bakarra. Nola bideratuko ditugu banakako esfortzu guzti horiek, ildo konkretu batetik, irakasleon lana alferrikakoa izan ez dadin? Nola ahalbidetuko dugu irakasleen arteko elkarlana eta nola egingo dugu guztion artean ekoiztutako lanaren ebaluazio kolektibo eta eraikitzailea aurrera eramateko? Nola ipiniko ditugu helburu komun baten mesedean erakundeko kide guztion ezagutzak, gaitasunak eta esfortzuak? Non eta nork hartuko ditu erabaki horiek?

Ildo beretik doa, egun hauetan irakurtzen ari naizen liburuan, Guida Al-Lés-ek egiten duen hausnarketa. Berak dioenez (65. orr), eskola antolaketa curriculumaren diseinuaren zerbitzura egon behar du eta ez alderantziz. Eta bere iritziz hau bakarrik da posible erabaki kurrikularrak (sekuentzia didaktikoa, metodologiak, ebaluazioa) eskolako hezkuntz proiektuan adostu eta jasotzen direnean. Kontua ez da bakarrik proiektuak funtzionatzea, sekuentziak diseinatzea, nahiz eta garbi egon hori bakarrik gertatuta ere, emandako aurrerapausua garrantzitsua dela. Guidaren iritziz, eskola erakunde batek hartu beharko lituzkeen erabakiek ondorengo galderen erantzunen haritik joan beharko lirateke:

  • Nola hartzen dira erabakiak zentroan? Zein da zuzendaritza taldearen papera: egunerokotasunaren jarraipen burokratikoa ala irakasle taldeak berrikuntza didaktikoaren bidetik gidatuko duen lider pedagogikoena?
  • Nola kudeatzen da zentroan irakasleek euren lanari buruz dakitena? Nola antolatu irakasle taldeak, normalean agerian egoten ez diren, irakasleen ezagutza eta esperientziak aprobetxatzeko? Nola aritu talde-lanean? Nola lortu irakasleok betetzen dugun lanaren ordaina izango den eta, hain beharrezkoa dugun, energia jaso, lanarekiko izango dugun asetze maia altua izan dadin? Nola eta noiz ebaluatu bata besteari?.
  • Nola antolatu ikasgela ikaslearen ezagutza kudeatzeko? Nola antzeman gure ikasleen gaitasun eta motibazioak energia iturri eta bizitza osoan ikasten jarraitzeko behar duten motorra izan daitezen? Nolakoak izan behar dira klaseak ikasleek euren ilusioak bete ditzaten?
  • Nola antolatu gelako denbora konpetentziak mobilizatzeko? Zenbat denbora eskainiko diogu lan kooperatiboari, banakako lanari eta azalpen magistralari? Nola hobetu lan kooperatiboa?
    Zer aldatu beharko litzateke espazio eta taldeen banaketan? Nola antolatu espazioa aniztasunari erantzuteko ikasleak mailaren arabera taldekatu gabe?

Teknologiaren eragin eraldatzailea

Dagoeneko irakasleok badakigu informazioaren trataera eta konpetentzia digitala gure curriculumean txertatu beharko dugun alderdi berri bat dela. Teknologia berrien integrazioa curriculumean nekez etorriko da irakasleen konpetentzia digitalaren garapena ematen ez en bitartean. Eta badirudi oraindik oso urruti gaudela errealitatea optimo horretatik.

Duela gutxi Joan Padrós-en hitzaldi baten berri izan dut (hauxe da hitzaldiaren audioa). Bertan planteatzen du teknologia berrien presentzia ikastolan hiru esparrutan bana daitekeela; administrazioa, komunikazioa eta jardun pedagogikoan. Lehenengoan, gaur egun, teknologiaren asimilazioa modu naturalean gertatzen den bezala, pedagogia arloan oraindik egoera ideal horretatik oso urruti gaudela planteatzen du. Horrela, jardun pedagogikoan teknologia digitalaren presentzia bermatzeko, IKTen erabileran aitzindariak diren irakasleen eskarmentuaz baliatzea proposatzen du. Bere iritziz eskoletan teknopedagogo baten presentzia beharrezkoa da.

Ni ez nago ados planteamendu horrekin. Uste dut XXI. mendeko ikastola batek balio anitzeko profesionalak behar dituela. Uste dut espezialistak (batez ere, alderdi teknikoetan) ez direla mesedegarriak ikastolentzat. Alde batetik, figura horietan konzentratzen delako erakunde osoan zehar barreituta egon beharko liratekeen hainbat ardura eta zeregin, horrela, denborarekin erakundearentzat kaltegariak diren menepekotasunak sortzen direlarik. Bestetik, hain azkar aldatzen ari den gizarte batean, espezialista horiei zehaztutako zeregin eta helburuak laister geratzen dira zaharkituta eta askotan erakundeek malgutasun falta handia azaltzen dute zeregin edo zerbitzu horiek garai berrietara berregokitzerakoan (“gauzak beti egin izan ditugu horrela” eta antzekoak askotan entzuten dira).

Nik uste dut askoz ere aberasgarriagoa dela proiektu edo helburu zehatz batzuk definitzea eta horien lorpenean talde heterogeneoak, multidisplinarrak, elkarlanean ipintzea. Pertsona jakin baten gainean arlo jakin baten gaineko ardura guztiak ipini beharrean, ardura horiek taldekide guztien artean banatzea egokiagoa ikusten dut. Talde horietako kideak irekiak egon behar dira mota guztietako jakintzagaietan busti eta ikasten joateko eta mota guztietako bitartekoak erabiltzeko, teknologikoak barne. Informazioa trukatzeko bide eraginkorrak zehazten badira eta komunikazio kanal zuzenak zehazten badira, helburuen lorpenari etekin bikoitza aterako zaio; zehaztutako helburuen lorpenaz gain hartu-eman horretan irakasleon konpetentziak garatzea lortuko dugu, digitala barne.

Hamar urteko ibilbide honetan jarraitu diren metodologiak irakasleen konpetenztia digitala garatzeko ez badira eraginkorrak izan, uste dut gakoa lan egiteko moduan eta jarraitutako formazio prozesu zaharkituen balio eskasean egon daitekeela. Lan egiteko modu berri honek irakasleen konpetentzien garapenerako egokiagoa dela uste dut eta curriculumean definitu beharko ditugun sekuentzietan ikasleen konpetentzia digitala (baita beste guztiak ere) behar bezala garatzeko baliagarria izango dela iruditzen zait.

Baina lan egiteko estilo berri hori bateraezina da ikastoletan egun daukagun antolaketa eta egitura tradizional eta zurrunarekin. Erakundean zehar komunikazio kanal berriak diseinatu behar dira, barrura nahiz kanpora begira; formazio eredu klasikoarekin apurtu eta ikaskuntza bide berriekin probatzea eskatzen du; profil profesionaletan oinarritutako hierarkia zurrunak (zuzuendari, administratzaile, ikasketa buru, mintegi, mintegi-buru, etapa, koordinatzaile, maila, tutore…) alde batera uztea suposatzen du. Kudeaketa malgua, informala askotan, kaotikoa ere batzuetan, beharezkoak direla iruditzen zait. Antzeko argudioak ematen ditu Joaquín Gairín-ek, eskola antolaketan aditua den UABeko irakaslea, azpiko bideoan:

Konpetentzien (ikasle nahiz irakasleena) enfoke berri honek, hobekuntza prozesu berri baten abiapuntua izan beharko litzateke, ez bakarrik curriculumaren diseinuari dagokionez baita eskola antolaketaren ereduari dagokionez ere. Nola ekin aldaketari iparra galdu gabe eta fronte desberdin gehiegi aldi berean sortu gabe? Nondik hasi aldakuntza traumatikoa izan ez dadin? Zer da funtsezkoena, lehentasuna, ezinbestekoa eta zer ez?

Genero indarkeriaren aurkako ikasleen bideoa

Gure ikastolako web orrian, gaur ikusi dudan mezua, aspalditik gure ikasleekin burutzen dugun ekintza interesgarrienetakoa iruditu zaidanez eta web orriak duen Creative Commons baimena aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut.

Dakizuenez, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Azken egunotan, gure web orrian mezu ezberdinak argitaratu ditugu herrian egingo diren ekintzen berri ematen eta gure ikasleek ekoiztutako lan batzuk aurkeztuz.

genero indarkeriaren aurkako bideoa

Bada, gaurkoan, DBH 4ko ikasleek grabatu eta ekoiztutako bideo batekin gatozkizue. Beharbada, bideoaren kalitatea , audioarena batez ere, ez da goi mailakoa izango, baina ikasle hauek luzatzen diguten mezua aintzat hartzeko modukoa eta oso goi mailakoa iruditu zaigu.

Bukatzeko, eta lan hau kokatzearren, esan Gaztelania ikasgaian jorratutako proiektu baten emaitzetako bat dela. Hori dela eta, bideoa gazteleraz topatuko duzue.

Zorionak parte hartu duten ikasle eta irakasle guztiei gisa honetako ekimenak curriculumean txertatzeagatik eta ikaskuntza prozesuan eragile aktiboak izateagatik. Horra hor bideoa.

Software Askea Jakintza Ikastolan

E

z neukan hemen idazteko inongo asmorik, baina “kopiatu eta itsatsi” beti izan da ariketa samurra eta gure ikastolako web orrian argitaratu duten mezua aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut.

Segur asko zuetako askok ez zenuten honen berri izango eta gure ikastolako IKTen arima eta gune honen sortzaile eta sustatzailea izan den Jokin Lacallek sekulako lana egin du eta zabalkunde handiagoa merezi duelakoan nago. Horra hor mezua:

Software Askea Jakintza Ikastolan

Ikasturte hau berezia izaten ari da Jakintza ikastola osatzen dugun komunitateko kide guztiontzat. Dakizuenez, gure ikastolak software askea erabiltzeko erabakiaren azken urratsa emanez, ikasturte honen hasieratik, ikastolako ordenagailu guztiek software librea baino ez dute.

Horrek, pentsa dezakezuenez, bere eragozpenak eta zailtasunak eragin ditu. Hori bai, guztion borondate onarekin aurrera ateratzen ari gara. Nolanahi ere, askotan, borondate ona ez da nahikoa eta ezinbestekoa dugu adituen laguntza eta eskarmentua. Hor kokatu behar dugu gure IKT dinamizatzailea den Jokin Lacallek prestatu eta gaur argitaratu duen gune berria.

Izugarria iruditu zaigu Jokinek prestatu digun txokoa. Hiru atal nagusietan banatuta dago:

Dokumentazioaren atalean, Software libreari buruz ikuspegi ezberdinak jorratzen dituzten testuak eta azalpenak topatuko ditugu. Laguntzaren atalean, Ubuntu, OpenOffice eta Mozilla Firefoxi buruzko bideo tutorialak, gidak eta fitxa teknikoak eta deskargak topatuko ditugu. Eztabaidagunean berriz, foro irekia dugu gai hauen inguruko zalantzak, ekarpenak, kritikak… luzatzeko.

Gunea eraikitzeko egundoko lana egin duen arren, gunea ez dago itxita eta guztion partaidetza bilatzen du poliki-poliki osatzen joateko. Beraz, hemendik ere dei bat luzatu nahi dugu jendearen partaidetza sustatzeko eta Jokinek dioen bezala: “Ea oraingoan etekin gehiago ateratzen diogun egindako “montaje” honi. Benetan pozgarria izango litzateke eta gunea osatzen jarraitzeko behar diren animoak eskuratzeko baliagarria.”

Horra hor gunearen aurkezpenean irakur daitekeen mezua:

2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.

Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.

Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.

Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.

XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak… ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.

Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan izatea.