IKT dinamizatzaile aldaketa Jakintza ikastolan

Hamalau urte bete ditut aurten Jakintza ikastolan lanean hasi nintzenetik eta horietatik hamar urte egin ditut IKT dinamizatzaile lanetan. Hamarkada bizi eta emankor baten ondoren, gaurkoa izan da azken eguna “ofizialki” IKT dinamizatzaile tituluarekin lanean aritu naizena.

Hamar urte asko ala gutxi diren hori norberak erabakiko du. Denbora tarte horretan ikasitakoari erreparatzen badiot, ez daukat zalantzarik: bide luzea izan da, lan exijentzi altukoa kasu askotan baina emandakoa baino askoz gehiago bueltan eskaini didana. Alderdi horretatik, duela hamar urte nintzen irakaslea baino hobeagoa naizela orain uste dut eta hori egiaztatu nahi dut hurrengo hamarkadan.

Erantzukizun aldaketa honetan aldagai eta arrazoi asko egon dira, ez ditut denak zerrendatuko orain. Urte hauetan zehar asko aldatu da teknologia eta bere erabilera didaktikoaren inguruan daukadan pertzepzioa. Gaur, gauzak beste modu batera ikusten ditut.

  1. Eskola komunitatean oso barneratuta daukagu oraindik espezialisten beharra: orientatzaileak, dinamizatzaileak, mintegi-buruak, ikasketa-buruak… Oso zatikatua ikusten dut dena, bakoitza bere lan-eremuaz bakarrik arduratzen da. Baina uste dut XXI. mendearen lehen hamarkada iragan den honetan, hori guztia beste modu batean enfokatu eta kudeatu behar dela
  2. IKT dinamizazioaz zer ulertzen den berriro birplanteatu beharra dagoela iruditzen zait. Eta dinamizatzailearen profil profesionalak berak berrikusketa sakona eskatzen duela uste dut
  3. Berrikuntza beharra urgentea daukan hezkuntza sistema honetan IKTei eskaini zaien gehiegizko protagonismoarekin amaitzea guztiz beharrezkoa da. Benetako irakaskuntza zertan datzan tutik ere ulertzen ez duten IKTero asko daudela iruditzen zait, teknologian jantziak diren sasi-irakasle asko.
  4. Teknologia hezkuntza munduan (arlo pedagogikoan nahiz kudeaketan) modu eraldatzaile batean txertatzeko bide gehienak oraindik itxita mantentzen dira; antolaketa sistema zurrunegiak, kontserbadoreegiak ditugu oraindik eskoletan.

Amaiak helduko dio datorren ikasturtetik aurrera nik orain arte izan ditudan zereginetako askori aurre egiteko erronkari. Kontentu nago; profesional handia da Amaia, ikasteko grina duen profesionala (hortxe dago gakoa) beti irrifar batekin lanera datorrena. Jakintzak IKTero berria dauka gaurtik aurrera!

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.