Argazki kamera birtuala

Aspaldi honetan, IKTen erabilera areagotzen joan den heinean, irakasleon eguneroko lanean eginkizun berriak sortu dira. Horietako bat izan da argazki kamera digitalaren erabilera. Gaur egungo kamera berriekin ez da beharrezkoa izaten argazkigintzan jantziegiak egotea. Botoia sakatu eta, klik baten ondoren, hortxe dugu argazkia!. Halere, beti izaten dira irakasle saltseroak, botoi guztiak ukitzen dituzten horietakoak. Hauentzat hemen doa webgune hau, diafragma, obturadore, foku distantzia,.. eta horrelakoak zer diren eta argazkiaren kalitatean zer eragin duten ulertzeko balio duena. Orain dela hilabete batzuk izan nuen honen berri (magic da horren lekuko) baina helbidea galduta nuen. Gaur Alt1040-n berriro aurkitu dut orri honen erreferentzia. Argazkigintzaren mundua gustukoa baduzue bisitatu, interesgarria da benetan.

Munduko datuak zure esku

Zenbat aldiz entzun ditugu gisa honetako esaldiak?: “Esaldi hau irakurtzen duzun bitartean munduan dozenaka haur gosez hiltzen ari dira”. Sinisgarritasun eskasa eman ohi diegu horrelako adierazpenei baina, agian, web hau bisitatu ondoren beste iritzi bat izango duzu. Ingelesez badago ere, nahiko erraza da bertan agertzen diren datuak ulertzea. Laguntza behar baduzu, Babel Fish Itzultzaile On Line erabil dezakezu. Oso deigarriak dira bertan agertzen diren datuak baina, bereziki, deigarriak egin zaizkit honako datu hauek: higatutako lursail emankorren kantitatea (tonatan), CO2 emisioak munduan, haurdun gelditzen diren nerabeak, erortzen diren tximistak

10×10

Ez dut gogoratzen zenbat denbora pasa den eguneroko prentsa idatzia (paperezko euskarrian irakurtzen duguna, alegia) irakurtzeko aukerarik ez dudala. Ez dut astirik izaten egunkarirari behar den errepasoa emateko. Egunaren zati handi bat (handiegia, agian) ordenadorearen aurrean pasatzen dut eta, hori dela eta, egunerokoaren berri jasotzeko bide alternatiboak aurkitu behar izan ditut.

Aspalditik daukat Firefox-en, etxeko orri bezala, Google News web orria. Bere bilaketa motore ospetsuan oinarrituz, aldizkari eta komunikabide digitalek publikatzen dituzten albisteen laburpena eskaintzen dizu. Bistazo batean dituzu uneko albiste interesgarrienen zerrenda, arlo desberdinetan antolatuta eta etengabeko eguneratzearekin.

Google-en filosofia bera erabiliz baina diseinuan desberdintasun handiak aurkeztuz 10×10 webgunea topa dezakezue. Orduoro mundu mailako komunikabide garrantzitsuenen RSS feed-ak errebisatzen ditu. Edukiak analizatu ondoren 100 hitz garrantzitsuenak aukeratzen ditu, bakoitza bere argazkiarekin, albisteak irizpide horren arabera sailkatzen dituelarik. Albiste guztiak 10×10 albisteko kuadro batean aukezten zaizkigu. Diseinu erakargarria benetan!.

Munduan gertatzen denaren berri jasotzeko tresna oso baliagarria da. Hori bai, eduki gehienak ingelesez aurkituko dituzue.

365 egun baino luzeagoko urteak?

Ez al diozu sekula galdetu zeure buruari zer gertatuko ote litzateke baldin eta Lurreko biztanle guztiek batera salto egingo balute une berean?. Posible izango litzateke Lurraren orbitaren erradioa aldatzea honen ondorioz?. Munich-eko zientzialari talde baten iritziz posiblea bakarrik ez, gomendagarria ere izango litzateke. Badirudi orbitaren handitzearekin Lurreko tenperatura gradu batzuetan txikituko litzatekeela aldaketa klimatikoa atzeratuz.

Hans Peter Niesvard irakaslearen eta bere laguntzaileen estimazioen arabera orbitaren aldaketa lortzeko nahikoa da une berean mendebaldeko hemisferioan 600 miloi pertsonek batera salto egitea. Eta horixe da proposatzen digutena Word Jump Day ekimenarekin.


Salto Handiaren eguna eta ordua finkaturik daude: datorren urteko uztailaren 20an izango da eta hemen, Euskal Herrian, eguerdiko 12:39:13etan tokatzen zaigu salto egitea.

Tira ba, parte hartu nahi baduzu erregistratu eta e-postaz abisua jasoko duzu egun handiaren bezperan. Jadanik 110 miloi pertsona erregistratu dira! :-)

Zer pentsatuko ote luke Keplerrek horrelakoak entzutean…