Genero indarkeriaren aurkako ikasleen bideoa

Gure ikastolako web orrian, gaur ikusi dudan mezua, aspalditik gure ikasleekin burutzen dugun ekintza interesgarrienetakoa iruditu zaidanez eta web orriak duen Creative Commons baimena aprobetxatuz, oso-osorik hona ekartzea erabaki dut.

Dakizuenez, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Azken egunotan, gure web orrian mezu ezberdinak argitaratu ditugu herrian egingo diren ekintzen berri ematen eta gure ikasleek ekoiztutako lan batzuk aurkeztuz.

genero indarkeriaren aurkako bideoa

Bada, gaurkoan, DBH 4ko ikasleek grabatu eta ekoiztutako bideo batekin gatozkizue. Beharbada, bideoaren kalitatea , audioarena batez ere, ez da goi mailakoa izango, baina ikasle hauek luzatzen diguten mezua aintzat hartzeko modukoa eta oso goi mailakoa iruditu zaigu.

Bukatzeko, eta lan hau kokatzearren, esan Gaztelania ikasgaian jorratutako proiektu baten emaitzetako bat dela. Hori dela eta, bideoa gazteleraz topatuko duzue.

Zorionak parte hartu duten ikasle eta irakasle guztiei gisa honetako ekimenak curriculumean txertatzeagatik eta ikaskuntza prozesuan eragile aktiboak izateagatik. Horra hor bideoa.

Menos mal que nos queda Portugal!

Gaur, Bilbaon ospatzen ari den Nonick izeneko bilkuran, beste gauza askoren artean, Euro Blog Awards banatu dira.

“Eurovision” sistema bidezko bozketa bitxi horretan, epaile bakoitzak bat, bi eta hiru puntu banatu behar zituen. Guk 5 puntu lortu ditugu ;-) eta, horietatik, Portugaleko epaileak 3 eman dizkigu. Mila esker!!!

Irabazlea Alemaniako Netzpolitik bloga izan da eta Bideoblogen atalean, La Comuna izan da. Zorionak guztioi!!!

Portugaleko epaileak emandako hiru puntu horiek eskertzeko, Siniestro Total taldeak argitaratu zuen “Menos mal que nos queda Portugal” albumeko abesti ezagun honekin uzten zaituztegu. Bideoa Bilboko Kafe Antzokian grabatuta dago.

IKTeroak EuroBlog Awards sarietan finalista!

EuroBlog Awards
EuroBlog Awards sarietako finalistak gara! Lehiaketa honek Europako blog eta bideoblog onenak sarituko ditu bihar Bilbon, Nonick Conference delako ekitaldiaren barnean. EITBko egoitzan gaur eta bihar egingo den Nonick conference horretan, Berriak lehengo egunean aipatu bezala, bideoa, Internet eta telebista izango dira protagonista nagusiak.

Duela egun gutxi izan genuen gure izendapenaren berri. Aldi berean jakin genuen gurekin batera Sustatu, Teknopataren Txokoa, The Indezents, Patxitrapero, Faroa, Kalamuatik Txargainera, Nahia eta ezina, Filoblogia eta Hitz Beste zeudela; beraz, ez genuen inondik inora espero gurea izatea euskarazko blogen artean hautatua. Bihar Europako beste 10 hizkuntzetan idatzitako blogak izango dira gurekin finalean, besteak beste, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, errusieraz… idatzitakoak (hementxe duzue finalisten zerrenda osoa); halere, guri dagokigunez, pozik gaude lortutakoarekin.

Sari honen antolatzaileak SPRI, EITB eta Alianzo enpresa euskaldunak dira; epaileak, aldiz, Europa osokoak. Hauek ondorengo irizpideak erabiliko dituzte blogak baloratzeko orduan: blogaren diseinu eta multimedia edukietan erabilitako sormena, sarrera ezberdinetan izandako iruzkin edo erantzun kopurua, eta blogak ekarritako berrikuntza.

Amaitzeko, esan beharra daukagu ustekabean harrapatu gaituen albiste pozgarri honek berretsi besterik ez duela egiten aspalditik gure ikastolarekin eta hezkuntza komunitatearekin hartuta dugun konpromisoa, IKTak (Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak) gure ikastolako arlo eta esparru guztietan inplementatu eta Euskal Herriko hezkuntza komunitate osora zabaltzeko konpromiso irmoa.

MoodleMoot Euskadi 2009 n parte hartzeko deia

MoodleMoot Euskadi 09Dagoeneko zabalik dago MoodleMoot Euskadi 2009 jardunaldietarako deia. Aurten ere Moodle erabiltzen duten eragileak izango dute non elkartu eta esperientziak trukatu, Moodle plataformaren erabilerei buruz eta egin daitezkeen garapenei buruz eztabaidatzeko aukera eskaintzea baita MoodleMoot Euskadi 2009 jardunaldien xedea. Dakizuen bezala, Moodle plataformaren erabilera asko hedatu da azkenaldi honetan Euskal Herrian (unibertsitate, ikastetxe eta euskaltegietan, batik bat); beraz, aukera ezin hobea izan daiteke horretan ari garenok bizi ditugun esperientziak, topatzen ditugun zailtasunak eta ikusten dizkiogun onura nahiz gabeziak partekatzeko.

III. edizio honetan, Deustuko Unibertsitatekoek hartu dute antolaketaren zama nagusia (gu ere tartean ibiliko gara EHUko iKide, MU, Tknika, AEK eta Txorierri Politeknikako lagunekin batera). Topaketa maiatzaren 15ean izango da zabaldu berri den CRAIn (Centro de Recursos para el Aprendizaje y la Investigación).

Jardunaldietan zehar gonbidatuen hitzaldiak, komunikazioak eta tailerrak izango dira. Komunikazioak irekiak dira, hau da, edonork eska dezake parte hartzea. Horretarako, zuen komunikazioa bidali behar duzue eta, hautatua bada, jardunaldietan aurkeztu ahal izango duzue. Informazio osoa MoodleMoot Euskadi 2009ko blogean duzue; dena den, hauexek dira kontuan izan beharreko datak:

  • Martxoaren 9an: izena emateko epea irekitzen da.
  • Apirilaren 10ean: laburpenak bidaltzeko epemuga.
  • Apirilaren 20an: komunikazioak bidaltzeko epemuga.
  • Maiatzaren 4an: onartutako komunikazioak jakinarazteko epemuga.
  • Maiatzaren 10ean: izena emateko epemuga.

Ondorengo guneetan topatu ahal izango duzue informazio gehiago:

I’m a PC

Denok ikusi ditugu Microsoft-ek I’m a PC izeneko kanpainan argitaratu dituen bideoak. Oso ohikoa ez bada ere, 8 urteko ikasle batek gai hau atera zuen Ikasys proiektuan erabiltzen hasi diren Acer Aspire One ultraeramangarri berriak ikusi zituzten lehen egunean. Ordenagailuak piztu eta eurentzat ohikoa ez zen pantaila bat zabaldu zitzaienean, era guztietako iruzkinak egiten hasi ziren. Zer da hau? Euskaraz dago! Musika politagoa dauka!… Ikasle batek etxean zer edo zer ikusita eta entzunda zeukanez, protagonismoa hartu eta azalpenak ematen hasi zen. Egia esateko, dena nahasten zuten eta gaia patxada gehiagorekin jorratu beharko genukeela pentsatu nuen.

Pentsatu eta baita egin ere. Ondorengo bi bideo hauek ikusi eta eztabaidatzeari ekin genion.

Open Source »

Richard Stallman »

Han sortu zen bideo hau egiteraen ideia. Egia esan behar baldin badut, ez dakit ikasle hauek zenbateraino jabetzen diren gai honetaz, baina “kontrakanpainaren” ideia gustatu zitzaien eta gidoia berehala ekoiztu zuten. Ainhitzeren letra dotorea txartelak egiteko aprobetxatu eta listo. Hortxe duzue emaitza.

Oharra: Guk ere, Microsoft-ekoek bezala, bideoa Mac batekin editatu dugu. Inkoherentzia ez dadila izan euren patrimonioa!