Blogmusik: dohainezko ipod birtuala.

BlogmusikDakizuen bezala, oporrak bukatu dira eta atzo ikasleei ongietorria egiteko prestatzen egon gara azken egun hauetan. Dena prest jartzen saiatu, ordutegiak egin, ordenagailu gelak abiarazi, ikus-entzunezkoen funtzionamendua egokia ziurtatu, bilerak, programazioa itxi, zerrendak…Nola azal dakioke ikasturte hasiera zer den irakaskuntza munduan sartuta ez dagoen edonori! Zoramena!!

Honelako momentuetan eten bat egiteak gero lana gogo biziagoz hartzera eraman dakiguke eta niri etenak musikaz lagundurik egitea gustatzen zait. Horretarako oso aproposa den gune bat ezagutu nuen lehengoan: blogmusik . Pandora atsegin baduzue, hau agian atseginago egingo zaizue. Lehenengoak, artikulu honetan azaldu nuen bezala, gure gustukoa izan daitekeen musika ezagutzera emateko (guk nahi dugun abeslari, talde edo abesti abiapuntu) aukera eskaintzen badu, bigarrenarekin zuzenean gustatzen zaizkizun abeslari edo taldeen abestiekin zure zerrendak osa ditzakezu.

Nola? Alta eman eta, goiko irudian ikus dezakezun bezala, Ipod baten itxura duen erreproduzitzaile bat azalduko zaigu. Bilatzailean abeslari edo talde baten izena idatziko dugu eta berehala datu-basean gordeta dauden abeslari horren abesti guztiak azalduko zaizkigu (125.000 abesti daude!). Bilaketa alfabetoz egitea ere posible da. Nahi ditugun abesti guztiak hautatu eta gure zerrendara gehitzea litzateke hurrengo urratsa. Nahi adina playlist edo zerrenda sortuko ditugu, blogmusik-ean sartzen garenean entzun ahal izateko. Guztiz web 2.0, gure ordenagailura ezer jaitsi gabe!

Amaitzeko, eskaintzen dituen beste aukera interesgarri pare bat:

  • Entzuten ari zaren abestia partekatzearena. Ez legoke gaizki lanegunari lagun batek bidalitako abesti eta mezu batekin hasiera ematea, ezta? (Nik oraintxe jaso dut nire buruari bidalitakoa eta asko gustatu zait :smile: )
  • Klik batez firefoxeko barran gunea zuzenean eransteko aukera.

Musika gustatzen bazaizue, blogmusik atsegingo duzue!

Jatorria: Digizen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.