(bl)O(g)lentzero jauna…

(bl)O(g)lentzero jauna. Gabonak gainean ditugu eta oraindik ez dizut nire gutuntxoa idatzi. Landalan ibili naiz opor aurreko egun hauetan eta tarterik ere ez dut izan nire eskaeratxoa helarazteko.

Lehenik eta behin, zin dagizut urte osoan zintzo jokatzen ahalegindu naizela euskal blogosferako kide guztiekin. Iaz eskatu zenidan bezala, nire jarioak besteekin partekatzen ahalegindu naiz. Agian aurten, iaz baino jario gutxiago bidali ditut. Ez dut uste alferkeriagatik izan denik, mila saltsatan sartuta ibili naiz eta ez dut denbora gehiegirik izan. Halere, bizi eta kontatutako esperientziak iazkoak baina aberatsagoak izan direla uste dut eta alderdi horretatik gusturago nago.

Datorren igande gauean nire jario agregatzailearen ateak irekita utziko dizkizut, orain eskatutakoak ekarriko dizkidazulakoaren esperantzaz. Ez dut uste gauza konplikatuak direnik baina oso pozik jarriko nintzateke nire eskaerari erantzungo bazenio. Hauxe da datorren urteari begira eskatzen dizudana:

  1. Artikulu osoa jasota dakarten jario gehiago nahiko nituzke datorren urtean. Ez ditut gustukoak artikuluaren sarrera bakarrik idatzita dakartenak. Jario asko irakurri behar ditudanean ez zait batere erosoa egiten agregatzailetik webguneetara saltoka ibili behar izateak. Ez dut oso garbi zein den bidalketaren sarrera bakarrik bidaltzearen arrazoi nagusiena: agian batzuen ustez, bloga bisitatzea ariketa sanoa izan daiteke (batez ere publizitatea dutenak), ez dakit. Nire iritziz blog bat hona izateko eduki onak izan behar ditu eta hori jarioan islatzen da. Jario onak jasotzen ditudanean, blogara salto egiteko gogoa ematen dit, iruzkinak ote dauden ikustera. Moztuta datorrenean, askotan gainbegirada bat eman eta paso egiten dut. Nola ikusten duzu gaia? Eskaerari erantzuteko gai izango al zara (bl)O(g)lentzero jauna?
  2. Euskal eskola komunitatetik ausardia gehiago eskatuko nizuke ere, nire agregatzailean Euskal Herriko hezkuntza mundutik jario piloa jaso nahiko nuke. Egia da ikasleekin geroz eta gehiago erabiltzen den tresna bat dela bloga. Tira ez dago gaizki. Baina nire kideekin esperientziak transmititzeari buruz ari naiz. Ziur nago irakaskuntza munduan esperientzia berritzaile mordo bat garatzen ari direla urtero, idei polit ugari sortzen direla ikasturte bakoitzean, IKTeekiko konpromezu erreala duten irakasle “ero” mordo bat dabiltzatela hortikan zehar, gauzak beste era batera egin daitezkeela sinesten dutenak eta “hezkuntzaren erraldoi erdoildua” mugitzen ahalegintzen ari direnak. Horien guztien berri jaso nahiko nuke nire agregatzailean. Nik nire aldetik, eskaini dezakedan gutxi hori plazaratzeko konpromisoarekin jarraituko dut datorren urtean.
  3. Hirugarren eskaerak jatekoarekin zerikusia du. Lasai, ez dizkizut kapoiak eta arraultzak eskatuko, ezta Jabugoko urdaiazpikorik ere. Sekretutxo bat kontatuko dizut: oso gustukoa dut sukaldaritza eta, apal-apal esaten dizut, kazolen artean nahiko ondo moldatzen naizela. Euskal Herritarrok orokorrean dugun sukaldari sena berezi hori ere badudala uste dut. Eta nire galdera da: nola liteke sukaldaritzaren inguruko euskal blogik ez izatea? ze demontre gertatzen da honekin? Mila arlo jorratzen dituzten blogak ditugu euskaraz eta sukaldaritza inguruan bat ere ez? (mila buelta eman dut euskal blogosferan zehar eta nik behintza ez dut batere aurkitu). Nola liteke? Bihotz-bihotzetik eskatzen dizut, agregatzailean aspaldi sortu eta oraindik hutsik dudan “euskal sukaldaritza” karpeta jarioz betetzea urte honetan, baina jario pilo bat nahi ditut, eh? Ez ahaztu!

Niretzako horixe da dena. Amaitu baino lehen eskaera txiki bat egin nahiko nizuke euskal blogosfera osatzen dugun guztiontzat. Zabal dezagun euskara mundu osora; eman dezagun gurearen berri blogosfera osoan. Erabil ditzagun trackback eta pingback-ak “a sako”! Ez dakizu ze ilusioa egiten didan Googleko blog ofizialetik bisitak jasotzen ditugunean; edota Pixel y Dixel bezalako blogetik bisitari piloa etortzen zaizkigunean. Bai badakit, heltzen diren bezala joaten dira, ez baitute tutik ere ulertzen. Baina, ez al da akaso garrantzitsua gurearen berri Euskal Herriko mugetatik kanpo ematea? Ez al da garrantzitsua euskal blogosferaren errealitatearen berri ematea gure herriko mugetatik kanpo? Ez al digu honek lagunduko .eus domeinuaren lorpenean? Lan handia egin behar da oraindik horretarako, baina zalantzarik ez daukat horrelako pausu txikiak oso lagungarriak izan daitezkeela. Josi dezagun internet trackbacketaz!!

Hau da dena. Esan bezala nire agregatzaileko ateak irekita utziko dizkizut. Ekarri zakua jario mordo batekin beteta, bale?

Aldez aurretik eskerrak emanez, zorionak eta urte berri on, zuri eta gure blogaren jarraitzaileak diren guztiei, Ordiziako IKTeroen partetik.

Ondo pasa jai egun hauek!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.