Azterketak eta irteerak (agur)

Lehenengo egunean idatzitako artikulua autokritikarako tarte bat irekitzen bukatu nuen. Gaur, hori da nire asmoa, ahaleginduko naiz azaltzen zein izan den irakasleon jarrera hezkuntzaren bilakaeraren aurrean.

Euskal Herriari dagokionez, ikuspegi orokor batetik enfokatuta, esan dezakegu 60 eta 70eko hamarkadetan Ikastolak aitzindari izan genituela eta, egiturazko aldaketa sakon ugari ezarriz, Hezkuntza Sistemaren berriztapenaren motorra izan zirela. Garai hartako irakasleek eta gurasoek militantzi kutsu nabarmena zuten eta berriztapenen aurrean jarrera ezin hobea erakutsi zuten. Bien bitartean, Sistema Publikoak Frankismoaren sareetan harrapatuta jarraitzen zuen eta sare pribatuko ikastetxeei dagokienez, ez dago horrelako adierazpen egiterik, izan ere, ikastetxe batzuk esperientzi berritzaileak inplementatzen ari ziren bitartean, beste batzuk katakonben iluntasunean jarraitzen zuten.

80ko hamarkadan, Ikastolak, eginiko bidea aprobetxatuz, beste zereginetan aritu ziren eta hasierako urteetan eginiko hanka-sartzeak zuzentzeko aukera izan zuten. Nolanahi ere, Euskal Herriko egoera politikoak asko baldintzatzen zuen ikastolen dinamika. Sistema Publikoak, Frankismoaren aztarnak uxatu nahian, lehenengo pausuak eman zituen galdutako denbora berreskuratzeko eta gizarteak eskatzen zuen eredura hurbiltzeko.

90eko hamarkadan jaiotze tasaren jaitsiera areagotu egiten da eta ikastetxeen iraunkortasuna bermatzeko ahaleginak egiten dira “bezeroak” erakartzeko eta gustura mantentzeko. Ikastetxeak lehia batean murgilduta azaltzen dira. Zerbitzu berriak eskaintzen dira eta hauek ahalik eta ondoen antolatzeko mila ahalegin egiten dira. Ikastetxeen arrakastaren gako nagusienetako bat bilakatzen dira. Guraso eta ikasleen asetzea lehenesten da. Honekin batera, gizartean indarrean zeuden baloreen gainbehera nabarmena bizi dugu. Azken honek ikastetxeetan biziki eragiten du: gurasoek euren seme-alaben morroi bihurtuta, ikastetxeen laguntzaileak izateari utzi eta presionatzeari ekiten diote, irakasleen lana zalantzan jartzen da, ekarpen eraikitzaileak alde batera utzi eta era guztietako eskaera egitea arrunta bihurtzen da…

Panorama horretan kokatu behar dugu gaur egungo Hezkuntza Sistema eta horren aurrean ikastetxeen eta irakasleon jarrera. Nola jokatzen dugu?

Nire iritziz, ikastetxe eta irakasle gehienen jarrera amore ematearena izan da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Hau da, ikasle eta gurasoak “lasai” mantentzearren, funtzionarioaren jarrera indartu eta areagotu egin da. Zer nahi duzue? Lasai, guk zilarrezko erretiluan eskainiko dizuegu. Jarrera honekin beste jarrera bat elkarrekin bizi da: era arduratsuan eta erantzukizuna bere gain hartuz jokatzen saiatzen diren irakasleena. Multzo honetan aipagarria da sortu den figura berria: irakasle “errea”rena hain zuzen ere. Baina ez genuke ahaztu behar beste arazo berri bat sortzen ari dela: ikasle “errea”rena, eta horrek bai biziki kezkatzen nauela. Multzo honetan sartzen dira ahaleginak eta esfortzu handiak egiten dituztenak eta ikusten dutenak nola batere saiatu gabe euren ikaskide askok, azkenean, pareko emaitzak “lortzen” dituzten.

Gauzak horrela, zer egin dezakegu? Nola jokatu beharko genuke? Ba al dago irtenbiderik?

Nik uste dut irtenbide egon badagoela eta ahal duguna egin beharko dugula egoerari buelta emateko. Nik proposatzen dudan irtenbideak honako atal hauek jaso eta bermatu beharko lituzke:

  • Ikastetxe guztiek euren kode etikoa adostu eta garatu beharko lukete.
  • Hezkuntza komunitatea osatzen duten partaide guztiek ezagutu beharko lukete eta jakin beharko lukete errespetatu eta errespetarazi beharko luketela.
  • Hezkuntza Sistemak profesionalen lanari garrantzia emateko eta errekonozitzeko, antzinatasuna ez ezik, berriztapen proiektuetan duten partaidetza, ezartzen dituzten berrikuntzak, etengabeko formazioan eginikoa… saritu beharko lituzke.
  • Hezkuntza komunitateko partaide guztien elkarkidetza sustatzeko foro eraginkorrak eta eragingarriak eraiki beharko lirateke.
  • Etorkizunean sartzeko, hezkuntza sistemak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritu beharko luke, eta, horrez gain, eskariaren etengabeko dibertsifikazioari erantzuteko gai izan beharko luke.
  • Ikasle eta irakaslearen rol tradizionalak aldatuz joan beharko luke. Irakaslea ikasketa prozesuaren bideratzailea, hau da, transmisore hutsa baino gehiago aholkulari-tutore bihurtuko litzateke, eta ikaslea bere ikasketa prozesuaren zuzendari eta kudeatzailea izatera iritsiko litzateke. Horretarako, era guztietako ikas sare eraginkorrak antolatu beharko genituzke.
  • Bezeroen epe motzeko asetzea bilatu ordez, asetze integrala bilatu beharko luke, hau da, epe ertainean nahiz luzean komunitatearen asetzea lortzen duena.

Bukatzeko, Prospektiban, aurkitu dudan dokumentu hau aholkatzen dizuet.

Gai honen inguruko eztabaida zabalik dago eta zuen ekarpenak estimatuak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.