Arbel digitalaren erabilera gelan

Badira, honez gero, egun dezente irakaskuntzarekin zuzenean erlazionaturiko bidalketa bat argitaratzen ez dugula leku honetan. Garaia da, beraz, irakasleontzat bereziki interesgarriak izan daitezkeen albisteen berri emateko.

Nora Aznar-en “Escuela y TIC” blogean arbel digitalaren erabileraren inguruko artikulu interesgarri bat irakurri berri dut. Artikulu honetan arbel digitalaren definizio zehatza emateaz gain (ez dakit irakasleok garbi dugun zein den arbel digital eta arbel interaktiboaren arteko desberdintasuna) web interesgarri baten helbide bat ematen du. Bere izena La Pizarra Digital da eta bertan baliabide honen inguruko informazio ugari aurki dezakezue: arbel digitalaren erabileraren inguruan egindako ikerketa azaltzen dirak, proiektu desberdinen berri ematen da eta dokumentazio eta baliabide ugari eskaintzen dira.

Askotan, irakasleon artean komentatzen dugu ez dela nahikoa izaten gure ikastetxeak baliabide materialez hornitzea, baizik eta, askotan gure irakasleei oinarrizko prestakuntza teknikoa eskaini behar diegula, baliabideen aplikazio errealen ereduak eman behar dizkiegula horrelako tresnekin trebatzen joateko.  Hori da, hain zuzen, ere webgune honetan topa dezakezuena.

Etxe desberdinetako arbel digitalen zerrenda bat ere konsulta daiteke orriaren amaieran. Hauen artean ezagunenak SMART eta 3M etxeetakoak direla iruditzen zait. Etxe desberdinetako modeloak aztertu ondoren, Interwrite etxeak aurrekoek eskaintzen ez duten, eta benetan gustatu zaidan,  produktu bat  saltzen du.  Arbel interaktiboaz gain aukera ematen du bluetooth konexioaren bitartez honekin harremanetan jartzen diren arbel txikiak erabiltzeko. Ikasleek arbeltxo hauek erabiliz (wmv bideoa) aukera dute beraien mahaietatik mugitu gabe, arbel nagusian azaltzen zaienarekin interakzionatzeko.Ideia interesgarria benetan.

Bukatzeko, aipatu behar da produktu hauen prezioak asko merketu direla azken urteotan. Agian garaia da horrelako arbel bat gure ikastolara ekartzeko. Ondo pentsatu beharko dugu.

Ahots mezuak e-postaz

Interneten beste zerbitzu berri bat aurkitu dugu eta interesgarria iruditu zaigunez, hementxe doakizue horren inguruko aipamen laburra.

Zerbitzu honen inguruko aipamena doscero-n aurkitu dugu eta esan beharreko lehenengo gauza alpha fasean dagoela da. Hala eta guztiz ere, funtzionamendua oso ona da. Slawesome izeneko zerbitzu hau Web 2.0 bezala ezagutzen dugunaren ingurumarian kokatu beharko dugu. Aipatzekoa da bere interfazea, oso erraza baita. Flash-en eginiko grabagailua aktibatu beharra dago eta, agian, hori izan daiteke aurkituko dugun zailtasunik handiena. Grabatutako mezuak nahi duzun posta helbidera bidaltzeko aukera esakintzen du eta, horrekin batera, idazteko aukera ere agertzen da. Mezuak, defektuz, pribatu gisa gordetzen ditu, baina, nahi izanez gero, publikoan jar daitezke. Gainera, mezu horiek (publikoak) XML bidez partekatzeko aukera eskaintzen du.

Adibide bat hemen entzun dezakezue (barkatu nire atrebentzia)

PANDORA

Lehengo astean PANDORA ezagutu nuen, hobeto esanda, pandoraren kutxa ireki nuen. Baina, lasai, ez naiz mitologiaz hitz egiten ari, ez ziren bertatik gizakiontzat zoritxar guztiak atera, ez, nik hautatutako musika eta estiloko hainbat abeslari ezezagun atera zen bertatik! Baina gatozen harira.
Pandora Music Genome Project-ek sortutako sareko musika zerbitzu bat dugu. Hainbat musikari eta musikazalek sortutako eskaintza originala dugu berau, 10.000 artista baino gehiagoko abestien sailkapenean datza beraien ideiaren originaltasuna. Hau da, azken urteotan 10.000 (azkar esaten da) abeslari baino gehiagoren abestiak analizatu eta banan-banan sailkatzen joan dira ezaugarri mordo baten baitan (melodia, harmonia, erritmoa, instrumentazioa, moldaketak, kantuen hitzak…).

Together we set out to capture the essence of music at the most fundamental level. We ended up assembling literally hundreds of musical attributes or “genes” into a very large Music Genome. Taken together these genes capture the unique and magical musical identity of a song – everything from melody, harmony and rhythm, to instrumentation, orchestration, arrangement, lyrics, and of course the rich world of singing and vocal harmony. It’s not about what a band looks like, or what genre they supposedly belong to, or about who buys their records – it’s about what each individual song sounds like.

Denok dakigu sarean toki mordo batean aurki dezakegula gure gustuko musika baina zein berrikuntza dakarkigu Pandorak? Bada, gure gustukoa izan daitekeen musika ezagutzera ematen digula. Nola? Kutxa ireki eta create a new station-i emanda. Hemen, zuk nahi duzun abeslaria edo abestiaren izena sartu eta berehala sortuko dizu sail bat abeslari edo abesti horren ezaugarriak dituzten beste kantari batzuekin. Jartzen dizun abestia zure gustukoa ez bada, adierazi dezakezu eta beste bat eskaintzen dizu segituan eta, gehiago zehazten zoazen heinean (hau bai, beste hori ez) zure nahietatik hurbilago daude (nirekin, behintzat, ez dute luze jo asmatzeko entzun nahi nuena…). Hori gutxi balitz, musika mota edo arlo ezberdineko sailak sortzeko aukera ere badago (100era arte!). Okerrena da, ordaindu beharreko zerbitzua dela nahiz eta lehenengo 10 orduak dohain izan. Urte osoko erabilerak 36 euro balio du; dena den, beste aukera bat lau hilabeterako alta ematea da 12 euro ordainduta. Hori bai, nik hasteko, proba egitea aholkatzen dizuet, 10 orduk ere artista ezberdin ugari ezagutzeko parada ematen du eta… gero gerokoak!

Eseri, une batez utzi egin beharrekoak alde batera eta goza ezazu musikaz…

Firefox-ek 100 milioi deskarga izatera heldu da

Azaroan urtebete beteko da Mozilla fundazioak nabigatzaile iraultzaile hau kaleratu zuenetik eta, jadanik, 100 milioi deskarga izan ditu. Albiste pozgarria benetan. Halere, dena ez da hain polita: InfoBAEn irakurritako artikulu honek dioenez, Firefox-en merkatu-kuota jaitsi egin da azken hilabetean, %8,27ko kuota izatetik %7,5era. Arrazoi desberdinak aipatzen dira jaitsiera hauek justifikatzeko.

DBHO 1eko ikasleak Jakintzako blogari berriak

Pasa den ikasturtearen amaieran izan genuen azken IKTeroen bileran garbi ikusi genuen IKTeroak weblogarekin hasitako bideari jarraitu behar geniola eta irakasle batzuk konpromisoa hartu genuen blogak gure irakasgaiak jorratzeko tresna gisa erabiltzeko. Horrela jaio ziren Euskaljakintza, Jakinstein, JakinminDBH eta JakinminLH. Proiektu horietako bakoitzak ezaugarri bereziak izanik badute denek helburu komun bat: poliki-poliki ikasleak ohitu daitezen teknologia berriak erabiltzen irakaskuntza tresna bezala.

Ekainean egindako azken bilera hartan buruan bueltaka ere beste ideia bat bagenuen: eskainitako baliabideen erabiltzaile soilak izan ezik, posible ote zen ikasleek eurek ere baliabide propioen sortzaileak izatea?. Nahiz eta orain arte ikasleekin multimedia baliabideen ekoizpena gauzatu, gure asmoa haratago joatea zen: gure helburua ikaslea bera webgunea sortu, berak erabakiko duen motako edukiak argitaratu (forma eta tonu egokia erabiliz) eta bere kabuz sortutako multimedia material guztia txertatzeko ardura edukitzea izan zen.

Egoera honetan, aurtengo ikasturtean, duela urte batzuk sortu genuen irakasgai bat ematea tokatu zait. “Sor itzazu baliabideak paperik erabili gabe” lelopean DBHO 1eko ikasleek, teknologia berriak soilik erabiliz, multimedia materiala ekoizteko eginkizuna jasotzen dute. Aurreko ikasturteetan ikasleek CD multimediak sortu dituzte, aurkezpen multimediak ekoiztu dituzte ikasle nahiz gurasoentzat… Aurten, aurreko paragrafoan aipatutako ideiari irtenbide bat eman nahien, blog bat sortzeko eskatu zaie ikasleei. Aurreko ikasturteetan landuko gaiak irakasleak proposatzen bazituen, aurtengoan ikasleek aukeratu duten gaia librea izan da; azken finean, ikasturte osoan gai baten inguruko informazioa bildu eta argitaratu behar badute zer esanik ez dago gustukoa den zerbaiten inguruan lan egin beharko dutela.

Ikasturte hasiera pasa dugu bloga euskaratzen, diseinuari ikutu pertsonala ematen eta edukiez hornitzen. Nahiz eta oraindik bitakora guztiak erabat “finduta” ez egon, blog guztien aurkezpena egiteko garaia heldu dela iruditzen zait. Hona hemen Jakintza ikastolako blogari berriek diseinaturiko blog sorta:

  • Allwear: Nagorek eta Leirek sortu duten modaren inguruko bitakora. Azken tendentziak, diseinuko erropa, osagarriak, albisteak… izango dira irakurgai bertan. Kate Moss-en inguruko artikulu batekin hasi dira
  • Zure Txokoan!!!!!!: Felixuka eta Sorgintxok :lol: sortutako bloga. Orokorrean kulturarekin zerikusia izango duten albisteen berri emango dute: musika, literatura, zinea…. Irakurleen kolaborazioa ere eskatzen dute.
  • Eroak:Anderrek sortu duen blog honetan umorea izango da nagusi. Bideo barregarriak, argazki xelebreak, txisteak…. aurkituko dituzu hemen. Ahalegin handiak egin ditu weblogari bere ikutu pertsonala emateko.
  • Euskadi eta Xakea:Xakearen mundua gustukoa baduzu hau da zure bloga. Asier maixu handiak hemen ipiniko ditu jokaldi desberdinen amaierak, xake txapelketen inguruko azken berriak, liburuak…
  • Jun da etorri:Taldeko parrandera handienak (Alaitz eta Nerea) festaz festa etengabe ibiltzen omen dira. Horregatik pentsatu dute bere bloga erabiliz denen berri emateko aukera paregabea dutela. Jaiak gertutik jarraitu nahi badituzu bisita ezazu beraien bloga
  • Kirolak:Leku honetan kirol munduarekin zerikusia duten albisteak irakurriko dituzu. Lehen bistazo batean Errealaren inguruko albisteak dira nagusi; ez da harritzekoa bere webmasterra den Gonzalo Errealaren zale amorratua baita. Azkar eguneratzen den bloga duzu hau.
  • Ordizia K.E.:Lander ordiziko futbol taldean etorkizun oparoa izan dezakeen gaztea da. Futbol taldeko kolore urdina bere bihotzean darama eta hori garbi ikusten da bitakorari bistazo bat ematen badiozue. Ordizia Kirol Elkarteko futbol talde guztien inguruko informazioa aurkituko duzue.
  • Txiki Eroak:Nik uste dut Izaskunek eta Nereak etorkizunean maistrak izateko aukera handiak dituztela. Oso gustukoa dute umetxoen mundua eta, horregatik, erabaki dute umetxoekin lotutako gaien inguruko informazioa zabaltzea, bide batez, gure ikastolako eskolaurreko ikasleek egingo dituzten jaialdien berri ere hemen aurkituko dituzu.

Jakintzako irakasleen aldetik, eta bereziki IKTeroon aldetik, animo eta zorte on hasi duzuen proiektu hauekin.